Andaluziarra jaiotzez, euskalduna bihotzez

Manu Bendala andaluziarra duela zortzi urte etorri zen Sevillatik Euskal Herrira. Gure herriarekin eta hizkuntzarekin maitemindu zen Manu eta euskara ez ezik bertsotan ere ikasi du.

Euskaraldia, bat eta hamaika saio bereziaren baitan egindako elkarrizketa.


Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Edurne Azkarate.- Bidean naiz berriro. Kasu honetan, Arabako hiriburua dut jomuga. Andre Maria Zuriaren Plaza. Gure herriarekin eta hizkuntzarekin maitemindu zen sevillar bat daukat zain, pausu erraldoiak eman dituen ahobizia. Andaluziak Euskal Herrian duen enbaxadorea ezagutzera noa.
Edurne Manu Bendala, zer moduz?
Manu Bendala.- Kaixo, Edurne, ondo, ederto, zer moduz zu?
Edurne Azkarate.- Oso ondo.
Edurne Azkarate.- Zergatik geratu gara Gasteizko plaza mitiko honetan?
Manu Bendala.- Bueno, hemen bizi naizelako, Gasteizen. Euskal Herriko hainbat lekutan bizi izan naiz: Pasaian, Antiguan (Donostian) eta orain hemen, Gasteizen, jada hiru urte daramat.
Edurne Azkarate.- Pasaian, Antiguan (Donostian), Gasteizen… zu, berez, nongoa zara?
Manu Bendala.- Ez badakizu, ni sevillarra naiz, Andaluziakoa.
Edurne Azkarate.- Sevillarra?
Manu Bendala.- ¡Claro! ¿De dónde voy a ser? Ez da nabaritzen, ala? ¡Chiquilla!
Edurne Azkarate.- ¡Pero si hablas euskera mejor que yo!
Manu Bendala.- Bueno, bueno, ikasi dut, eta oraindik ikasten ari naiz eta pausoz pausoz noa, baina beti gogoekin ikasi dut.
Edurne Azkarate.- Eta gogoratzen al duzu ze hitz ikasi zenituen lehenengo euskaraz?
Manu Bendala.- Hitza… esango nuke “garagardoa” izan zela, “cerveza” eskatzeko taberna batean, baina sekretu bat kontatuko dizut: beti esaten nuen “Barkatu, es que sevillakoa naiz eta euskara ikasten ari naiz” baina klaro, oso zakila da. Eta jendeak arraro begiratzen…”Ez, zaila, zaila, zaila” “Barkatu, zaila” Eta horrela, behin, bitan, hirutan. Baina bueno, beti oso argi izan dut nahiz eta gutxi jakin saiatu behar nuela, saiatu behar nintzela eta aurrera.
Edurne Azkarate.- Bada, meritu handia daukazu, benetan.
Manu Bendala.- Bueno, eskerrik asko! Plazera.
Edurne Azkarate.- Manu Bendalarekin Gasteizko Alde Zaharrean barrena nabil. Felipe Zelaietarengana narama. Irakasle eta bertsolaria da Felipe eta uste dut Manuri buruzko kontu harrigarriak kontatuko dizkidala.
Felipe Zelaieta.- Nik ere Manuren fazeta batzuk ezagutzen ditut. Bat ipuin-kontalari bezala ikustekoa da nola limurtzen duen entzulegoa. Beste fazeta bat, bertsolari bezala, ez dakit dakizun.
Edurne Azkarate.- Bertsolaria zara?
Manu Bendala.- Bueno, bertsolaria naiz… pinitoak egiten ari naiz.
Edurne Azkarate.- Benetan? Sevillakoa, bertsolaria, Gasteizen bizi zara, dena daukazu, ez?
Manu Bendala.- Bueno, ikasten, dena ikasten eta bertsotan ere asko ikasten da, jakina!
Edurne Azkarate.- Felipe, eta zer moduzko bertsolaria da Manu?
Felipe Zelaieta.- Bertsolari abila. Sinestezina da honek egin duen aurrerapena hain denbora gutxian. Gainera, Arabako txapelketa nagusian ere parte hartu berri da eta nik uste gutxi barru Arabako txapelduna sevillarra izango dela.
Manu Bendala.- Hara bestea!
Edurne Azkarate.- Bueno, horiek hitz handiak dira eta barkatu, baina nik hori ikusi nahi dut, froga egin dezakegu?
Felipe Zelaieta.- Ikusi nahi duzu? Oraintxe puntu bat jarriko diot, ea nola erantzuten duen. Prest, Manu?
Manu Bendala.- Benga ba!
Felipe Zelaieta.- “Manu, zer da zuretzat/ gaur egun euskara?”
Manu Bendala.- “Ateratzen didana barrutik algara/edota bihotzean daukadan taupada/baina oroz gainetik euskara gu gara”.
Felipe Zelaieta.- Ikusi duzu?
Edurne Azkarate.- Ona, ona! Txalo bero bat, Manu!
Euskaraldiak eman didan sorpresa handienetako bat Manu Bendala ezagutzea izan da. Jarraitu dezadan historiako lehen bertsolari andaluziarra ezagutzen.
Edurne Azkarate.- Manu, Sevillatik etorri zinen, barnetegian eta euskaltegian euskara ikasi zenuen, bertsolaria zara…
Manu Bendala.- Bueno…
Edurne Azkarate.- Zure familia non dago, Sevillan?
Manu Bendala.- Nire familia Sevillan, bai, bai.
Edurne Azkarate.- Eta zer pentsatzen dute?
Manu Bendala.- Bueno, pozik daude, ikusten dute ni hemen pozik bizi naizela. Harro daude, ikusten dute euskara nire bizitza dela eta euskararen munduan bizi naizela, eta euskalduna naizela eta bueno, pozik. Pena pixka batekin, urrun egoteagatik, baina bueno, etortzen dira, ni joaten naiz eta niri esker, bada, ezagutu dute euskal kultura, bertsogintzaren mundua eta kultura. Beraz, bueno, kontent.
Edurne Azkarate.- Eta noizbait egon dira zure saioren batean?
Manu Bendala.- Bada, saio batean hemen ez, baina bueno, nik, adibidez, arrebaren ezkontzan bertso batzuk bota nituen eta han bai, prestatuta hitzalpenak (hitzaldiak) edo zoriontzeko askotan bideoak bidaltzen dizkiet, itzulpenekin
Edurne Azkarate.- Bertsotan?
Manu Bendala.- Bai, bertsotan, dokumentalak ikusi ditugu elkarrekin bertsoei buruz… eta bueno, badakite nire pasioa dela, euskara bezalakoa, eta bai, gustatzen zaie, gustatzen zaie, bai.
Edurne Azkarate.- Bueno, eta honetaz aparte, beste zeozer egiten duzu, Manu? Ez zaizu ezer falta.
Manu Bendala.- Bueno, lan egiten dut, jakina. Eta euskara-irakaslea naiz, AEKn, euskaltegian.
Edurne Azkarate.- Ez esan!
Manu Bendala.- Bai, oso pozik. Hau nire hirugarren ikastaroa da, ni erabat maiteminduta nago euskararekin eta gozatzen. Ni egunero joaten naiz poz-pozik lanera.
Edurne Azkarate.- Eta agian ere hasieran dauden zure ikasle batzuk zu egon zinen egoeratan ere ikusiko dituzu, ez?
Manu Bendala.- Bai, nik uste dut nahiko freskoa dudala oraindik prozesu hori eta bueno, nik beti esaten diet eta lehen egunean esan nien, “Bueno, ni hemen nago, ni Sevillakoa naiz, zerotik hasi nintzen ikasten, plazerez, gogoarekin (gogoz), eta bai, nik uste dut eredu polit bat izan naitekeela.
Edurne Azkarate.- Duela zortzi urte etorri, euskara ikasi, bertsolari modura oholtzara igo, eta euskara-irakasle! Manuk estereotipo eta muga guztiak hautsi ditu, ezina ekinez egina.
Joe, Manu, ze leku polita hau, ez?
Manu Bendala.- Bai, ezta? Esango nuke hau dela Gasteizko nire lekurik kutunena.
Edurne Azkarate.- Hara, Manu, eta Euskaraldia ja hasi da…
Manu Bendala.- Bai, hemen gaude.
Edurne Azkarate.- Zein da zure hamaika eguneko erronka?
Manu Bendala.- Bueno, euskaraz egitea, lehenengo, bigarren, hirugarren hitza eta hitz guztiak. Eta, batez ere, grina hori sortzea inguruko jendearekin, ikasleen artean, lagunen artean.
Edurne Azkarate.- Eta belarri prest al zara edo ahobizi?
Manu Bendala.- Ahobizi, ahoa ezin baitut itxi/euskara gure altxor eta harribitxi/argi daukat euskaraz nahi dudala bizi.

 

B2
2018-11-26
20761000
07:06
1038