Dokuteka
Hotzikarak 10: Dejà vu
|
Egilea: Koldo Almandoz |
Esataria: Cross Road, bidegurutze batean arima deabruari saldu zion Robert Johnson-en klasikoa entzun duzu, hemen, Farmazia Beltza saioan. Gaueko hamabiak izateko bost minutu besterik ez dira falta. Gure bazterrak estali dituen lainoari eskainiko diogu ondorengo kanta. Delirium Tremens: Laino ilunak.
Lorena: Nik ezkerreko bidetik joko nuke.
Anjel: Laino honekin ez da ezer ikusten. Ez nago ziur, baina bi bideetako bat hartu behar dugu. Ez dakit, baina nik, nik uste egoera hau noizbait bizi izan dudala.
Lorena: Zer?
Anjel: Bai. Badakizu, batzuetan gertatzen da, ezta?
Lorena: Benga. Hotz egiten du, hartu ezkerreko bidea.
Anjel: Ez. Eskuinekoak itxura hobea du.
Lorena: Begira.
Anjel: Zer?
Lorena: Han: argia.
Anjel: Gasolindegi bat dirudi.
Lorena: Zer arraroa?
Anjel: Zer?
Lorena: Gasolindegia. Zuk ikusi al duzu Luz a Bell izeneko gasolindegirik?
Anjel: Ez. Baina badakizu, monopolioa desagertu zenetik edozein konpainiak jar dezake bat. Kafe bat hartu, eta non gauden galdetuko dugu.
Lorena: Bale, baina azkar, eh! Bestela ez gara inoiz gurasoen etxera iritsiko.
(oin-hotsa)
Zerbitzaria: Bai?
Anjel: Bi kafesne, mesedez.
Zerbitzaria: Laino honekin ez da komeni errepidean ibiltzea, eh?
Anjel: Arrazoi duzu. Gu, adibidez, galdu egin gara.
Zerbitzaria: Sarobeko bidean zoazte, ezta?
Lorena: Bai. Eta zuk nola dakizu hori?
Zerbitzaria: Errepide honek ez duelako beste inora eramaten.
Lorena: Beno, orduan ondo goaz.
Zerbitzaria: Hala ere, zerbait erakutsi nahi nizueke alde egin aurretik. Baina lehenago istorio bat kontatu behar dizuet. Presarik ez baduzue behintzat.
Anjel: Beno, apur bat bai.
Zerbitzaria: Lasai. Labur-labur kontatuko dizuet. Ea bitartean lainoa desagertzen den. Ados?
Anjel: Ados.
Zerbitzaria: Hemen inguruan gertatu zen, duela hiru urte, gaurkoa bezalako gau lainotsu batean. Gazte bat oinez zihoan errepide-ertzetik. Kotxe bat zetorrela entzun, eta errepide albora atera zen auto-stop egitera. Baina kotxeko gidariak ez zuen nonbait hura laguntzeko asmorik, eta frenua sakatu ez. Gaztea bide-ertzera itzultzen saiatu zen, baina beranduegi: kotxea gainean zuen.
Lorena: Nork kontatu dizu istorio hori?
Zerbitzaria: Ezagutzen al duzu?
Lorena: Ez. Ez. Ez.
Zerbitzaria: Eta orain, hona hemen erakutsi behar dizuedana. Nire semearena da.
Anjel: Baina zer da hori?!
Zerbitzaria: Bihotz bat da. Nire semearen bihotza.
(kristal hautsiaren hotsa)
Lorena: Zer gertatzen zaizu, Anjel?
Anjel: Nik hau... hau aurretik bizi izan dut. Nik egoera hau aurretik... bizi izan dut.
Lorena: Baina zer diozu, zer diozu, Anjel?
Anjel: Baietz, nik hau aurretik bizi izan dudala! Txahala botatzera noa, komunera noa.
Lorena: Anjel!
(oin-hotsak)
Zerbitzaria: Badakizu nor naizen, ezta Lorena?
Lorena: Ez.
Zerbitzaria: Nik ordea badakit zu nor zaren.
Lorena: Nik ez zaitut ba ezagutzen.
Zerbitzaria: Ba ezagutu beharko nindukezu! Zure aitak hil zuen gaztearen aita naiz.
Lorena: Zer?
Zerbitzaria: Ondo entzun duzu.
Lorena: Istripu bat izan zen. Aitak ez zuen gazte hura ikusi. Laino zegoen gau hartan.
Zerbitzaria: Gaur bezalaxe.
Lorena: Aspaldian gertatu zen. Istripu bat izan zen.
Zerbitzaria: Nire semearen bihotza oso bakarrik dago kaxa horretan, eta gaur lainoak hori konpontzeko ekarri zaitu hona. Ezta?
Lorena: Ah, ah...
Zerbitzaria: Ikusten? Ez da hainbesterako, eztarrian ez dugu nerbio gehiegirik, eta ez du minik ematen. Bular aldean, berriz, bihotza ateratzeko bihotza eta saihetsak urratu behar dira, eta horrek bai, ezta, horrek min gehiago ematen du. Ikusten, Lorena? Zure bihotza da.
(ur-hotsa komunetik behera)
Anjel: Egoera hau aurretik bizi izan dut. Bai. Bai. Egoera hau aurretik bizi izan dut, eta bai, akordatzen naiz. Bai. Ez. Ez. Ez! Lorena!!!!!!!
Esataria: Badirudi Farmazia Beltzera bezero bat sartu zaigula. Bai, jauna. Zer nahi duzu? Sua? Bai. Uste dut badugula. Atea ireki eta hartu zuk zeuk.
Anjel: Banekien gertatuko zela, banekien. Zergatik ez naiz lehenago oroitu? Garaiz oroitu banintz, garaiz oroitu banintz ez zen hau guztia sekula gertatuko. Lorena, edozer emango nuke denboran atzera egin eta hau guztia saihestu ahal izateko.
Deabrua: Ziur zaude Anjel, ziur zaude, denboran atzera egin nahi duzula?
Anjel: Baina nor zara zu, nola dakizu nire izena?
Deabrua: Ni zure izena izan nintzelako garai batean, erori nintzen arte. Baina, beno, gasolindegiko jabea naizela esan genezake...
Anjel: Ez dut ezer ulertzen.
Deabrua: Baina bazenekien hau gertatuko zela, ezta?
Anjel: Ez dut garaiz oroitu, ez dut garaiz oroitu.
Deabrua: Oroitzapenak bihurriak izaten dira, kontrolaezinak, are gehiago oroitzapen horien jabe ez zarenean.
Anjel: Oroitu izan banintz Lorena oraindik bizirik egongo zen.
Deabrua: Baina horrek ez du orain garrantzirik, ezta? Denboran atzera egin nahi duzu, bai edo ez?
Anjel: Bai.
Deabrua: Baina ordainean zure oroitzapen guztiak niri eman beharko dizkidazu. Ados?
Anjel: Bai. Bai. Nahi duzuna, baina eraman nazazu denboran atzera.
Deabrua: Zure nahiak aginduak dira niretzat.
(auto-hotsa)
Lorena: Nik ezkerreko bidetik joko nuke.
Anjel: Seguru? Laino honekin ez da ezer ikusten.
Lorena: Ez nago ziur, baina bi bideetako bat hartu behar dugu.
Anjel: Ez dakit, baina nik, nik uste egoera hau noizbait bizi izan dudala.
Lorena: Zer?
Anjel: Badakizu, batzuetan gertatzen da, ezta?
Lorena: Benga, hotz egiten du. Hartu ezkerreko bidea.
Anjel: Ez. Eskuinekoak itxura hobea du.
(auto-hotsa)
(ezpata-hotsa)
