detalle dokuteka-generico-fitxa

Hotzikarak 21: MAX

Egilea: Aimar Olaskoaga
Musika:  Jean Louis Argus

Zuzendaria:  Joxe Felipe Auzmendi
Aktoreak:
Max
: Hasier Ormaza.
Dorothy: Marian Galarraga
Polizia: Aritz Lete
Ama: Miren Aranburu
Epailea:  Joxe Felipe Auzmendi

 

 

 

 

 


Max: Erotu egingo naiz hiri honetan. Lau egun daramatzat lo egin gabe. Nola egingo dut ba lo zarata guzti honekin? Burua lehertu egingo zait. Non daude pilulak? A, hor daude... Agian pilulak whiskyarekin nahastuta hartzen baditut lortuko dut loak hartzea. Buruko min hau kenduko balitzait behintzat.
Dorothy: Ahhhh.
Max: A ez, puta hori berriro ez. 
Dorothy: Ahhhh.
Max: Ezin al duzu inoiz gelditu ala?
Dorothy: Ahhhh.
Max: Gaurko bosgarrena. Bosgarrena! Egunero igual. Ez al duzu inoiz lorik egiten, emagaldu arraioa?
Dorothy: Ahhh!
Max: Hau botalarria! Ez naiz batere ondo sentitzen.
Dorothy: Ahhh!
Max: Lo hartuko banu behintzat.
Dorothy: Ahhhh!
Max: Kuluxka txiki bat.
Dorothy: Ahhhh.
Max: Bi edo hiru ordu besterik ez.
Dorothy: Ahhhh! Ahhhh!
Max: Atsedena behar dut, erotu baino lehen, lo hartu behar dut.
Max: Trenean ez dago inor. Bakarrik nago behintzat, isiltasunean. Zerbait egin behar dut hau konpontzeko, zerbait. Bestela ez zait buruko min hau inoiz kenduko. Begira, aitontzar hori, zer egingo du hemen ordu honetan? Nire amaren antza du. Gainera, dios! Buruko mina! Eserlekutik altxatu naiz, eta ez dakit zergatik. Ez dut trenetik jaisteko asmorik. Gau osoa pasako nuke bertan, hiria behin eta berriro zeharkatuz. Bakardadean. Nire hankak mugitzen hasi dira orain. Baina ez nik nahi dudalako. Emakumerengana gerturatzen ari naiz. Baina zergatik? Buelta ematen saiatzen ari naiz. Baina hankek ez didate erantzuten, emakumearen ikara nabari dezaket. Ez du ulertzen zer nahi dudan. Eta nik ere ez. Bere aurrean nago. Eta orain zer? Buruko min puta honek ez dit bakean uzten.
Emakumea: Buruko mina al duzu, gazte? 
Max: Ez dakit zergatik baina bere lepoa estutzen ari naiz. Lepo biguna du. Ez du itxura atsegina. Orain ez du amaren antzik. Hilda dagoela uste dut. Eta ez dakit zergatik egin dudan. Baina oso nekatuta nago. Oso nekatuta. Lo egin behar nuke.        

(ate-hotsa)

Polizia 1: Atera, atera, atera.
Polizia 2: Geldi hor, geldi Max! Atxilotuta zaude!
Max: Baina... baina zer da hau?
Polizia 2: Max Miller, atxilotuta zaude!
Max: Baina... zergatik?
Polizia: Zergatik, ondotxo dakizu zergatik. Dorothy Bassen hilketagatik. Ea, tira, komisariara!
Max: Hilketagatik atxilotuta? Baina ez dut ulertzen. Dorothy Bass, treneko atso tzarra?...

(auto-hotsa)

Max: Komisariara naramate norbait hiltzeagatik. Hilketa? Baina ez al da ba amesgaizto bat izan?
Polizia: Ederra egin duzu kabroia! Ez zara honetatik aise libratuko. Hil duzun emakumea gobernadorearen ama zen.
Max: Gobernadorearen ama? Benetan hil dut orduan? Hau buruko mina, ezin dut gehiago jasan.
Max: Hamar minutu egin ditut zutik, polizia kabroi batek ostiko batez lurrera bota nauen arte. Ez didate ezer galdetzen, jo egiten naute bakarrik. Orain paper batzuk ekarri dizkidate, baina nik odolez bete ditut. Ez zaio gehiegi gustatu, paper gehiago ekarri dituzte. Nik irribarre egin diet. Dagoeneko ez ditut golpeak sentitzen, zurrun nago. Fiskalaren laguntzailea etorri da, grabadora itzali du.  Aitorpena sinatzen ez badut nire ama hilko dutela esan dit, besoa hautsi dit, eta gero aitorpena sinatu dut.
Max: Epaiketa zirko bihurtzen da. Atso tzarrarenaz gain, beste hilketa batzuk ere leporatzen dizkidate. Ama epaitegira etorri da, eta ikusleen artean dago. Dena entzuten du. Triste dago, ez du gaixoak zorterik izan. Aspaldi galdu zuen itxaropena anaiarekin, eta orain ni: ez du hau merezi. Anaia ez da etorri. Auskalo non egongo den. Epailea bukaerara iritsi da. Azkenean.
Epailea: Max Miller, Texasko estatuak ematen didan boterearekin, aulki elektrikoan hiltzera zigortzen zaitut.

(ate-hotsa)

Max: Ziega oso iluna da, hotza, eta buruko mina ez da desagertzen. Betiko lagun bat bailitzan, nirekin. Gaur amarekin oroitu naiz. Treneko atsoaz ere oroitu naiz, bere aurpegi zimurtuaz, bere begirada ikaratuaz. Baina hain urrun dago dena. Anaiaz gogoratu naiz gero, anaia bikiaz, Marvin. Orain zazpi bat urte desagertu zen. Horrela, bat-batean. Inori ezer esan gabe. Gero polizia etorri zen etxera berataz galdezka. Baina ez zuten aurkitu; norbait hil zuela esan zuten. Amak ezin izan zuen jasan, eta edaten hasi zen. Eta orain ni. Bikiak izateaz gain, berdinak garela ere esan daiteke: biak gaiztoak, biak hiltzaileak. Bikiak azken finean.

(pixa-hotsa)

Max: Gaur ere etorri dira, gauero bezala, txakur aluak. Ni jipoitzen dibertitzen dira: ostikoak, ukabilkadak, bortxaketak... Azken bi astetan odola besterik ez dut pixa egin. Gobernadoreak bidaltzen dituela esaten didate. Bere mendekua omen da. Baina nik ez nuen bere ama hil. Amesgaizto bat izan zen, ziur nago. Hau buruko mina!
Max:  Gaur nire lehenengo eta azkeneko bisita jaso dut. Ama etorri da, agur esatera. Itxura txarra dudala esan dit. [Oh, Max, zergatik, zergatik egin duzu?] Nahiago nuke etorri izan ez balitz, negarrez denbora osoan. [Zer egingo dut nik orain?] Nik ezin dut kontsolatu. Ezin ditut bere galderak erantzun. Ez dakit zergatik hil nuen atsoa. Amesgaizto bat zela uste nuen. Bisitaren denbora bukatu denean, nire zulora bueltatu naiz, ama han utzita, negarrez. Badakit ez dudala berriro ikusiko. Behin honetaz gero ez dut inor gehiago ikusiko, nire borreroen aurpegiak izan ezik.

(ate-hotsa)

Max: Gaur hartu dut azken afaria. Whiskya eskatu dut azken borondate bezala, baina garagardo bat ekarri didate. Ez da gauza bera.  Ez. Ez da gauza bera. Esan nahi dut ez dela berdina. Berdinak, anaia Marvin eta ni, bai ginela berdinak. Bikiak. Askotan entzun ditut bikien arteko konexio mental eta espiritualari buruzkoak, gauza berdinak pentsatu eta sentitzeko gai direla, telepatia izateko gai. Marvin eta biok ere izan genituen noizbait halako sentsazioak. Batzuetan berak niri gertatutako gauzak ikusten zituen, "bisio" baten antzera. Eta nik ere noizbait berari gertatutakoak ikusi ditut nire buruan, amesgaizto bat bezala. Aspaldi ez dut horrelako sentsaziorik eduki, desagertu zenetik. Amesgaiztoen antzera, amesgaiztoa! Amesgaiztoa, jakina! Hori da. Horregatik ez naiz hilketaz ondo oroitzen, ez nintzen ni izan atsoa hil zuena, ez. "Bisio"bat izan nuen, Marvin izan zen. Berak hil zuen emakume hura, berak. Eta nik ikusi egin nuen. Nire anaia bikia izan zen, nire anaia bikia! Bera da hiltzailea, ametsetan ikusi nuen. Nire anaia bikia: Marvin!!!!!!!
Max: Exekuzio-gelara naramate. Gau osoa pasa dut oihu egiten, baina ez didate kasurik egin. Erruduna naizela erabaki dute, eta ez dago atzera egiterik. Nekatuta nago, oso nekatuta. Goizean goiz burua soildu didate, itxura barregarria dut. Orain aulkira lotu didate, eta burua poltsa beltz batekin estali. [In nomine patrie et filie et spiritu santo, gure anaia heriotza eta itzalen bailara ezagutze arren Iesusek bekataria jasoko du bere alboan] Gero metalezko kasko bat jarri didate, dena prest dago. Eta nire iritzia nahi baduzue, bazen garaia. Bukatuko al duzue behingoz!! Ez daukat egun osoa. Apaiz nazkagarria. Emaiozue palankari kabroiak, prest nago eta. Prest nago bai, prest nago.

(argindar-hotsa)

Max:  Ja, ja, ja. hori al da dena? Ezin duzue besterik egin? Gehiago nahi dut, gehiago, ja, ja, ja, gehiago, woltio gehiago nahi ditut, ja, ja, ja, ezin duzue nirekin, ezin duzue nirekin!!!!     

(Erretako kable-hotsa)

Max: Jada ez dut buruko minik. Hilda nago. Hilda azkenean. Baina berdin-berdin zait. Pozik nago orain, pozik zugatik, anaia maitea.. bada bikien artean lokarri espiritual bat, arrazoi dute. Ondo dakizu hori, Marvin maitea! Dagoeneko badakizu zer gertatu zaidan, ezta? 50.000 woltio jaso ditudala nire gorputzean. Baina pozik nago. Bai. Edonon zaudela ere 50.000 woltio horiek zuk ere sentitu dituzulako, putakumea! Inpresio fuerteak beti batera sentitu ditugu, ezta anaiatxo, ja ja ja... Ileak kiskali al zaizkizu? Batera jaio ginen, eta batera hilko gara, anaiatxo bikia! Infernuan ikusiko dugu elkar!
 


 

Jaitsi

x61pRelaContWAR



detalle2

Dokuteka

B2
2006-06-23

x61pRelaContWAR

20656109

x61pViewCountWAR

1112

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR