Dokuteka
Hotzikarak 20: Eguneroko berrietatik at.
|
Egilea: Xabier del Valle |
Dani: Bakarti eta baztertuok, kaixo eta gabon guztioi. Patxadan al zaudete zuen etxe bero eta lasaietan? Eguneroko errealitatearen monotonian murgilduta al zaudete? Ba guk ezin izan genuen jasan, eta horregatik eman dugu pauso berri bat, alde ilun horretara hain zuzen ere, errealitatearen marratik at, edo hori uste genuen behintzat. Eta gaurkoan programa berezi-berezi-berezia izango duzue! Begira: joan den astelehenean ikerketa bat hasi genuen. Beharbada entzuteko aukerarik ez zenutenez, egun horretako grabaketa prestatu dugu. Honako hauxe da: "Beno, Maria, konta ezazu amaierarako geneukan berri berezi hori".
Maria: Bai. Bai. Egia. Mamuen kontaerak gustuko dituzuenontzat, hementxe duzue benetako beldurrezko istorio bat, zirrara sortzeko modukoa.
Dani: Ai, beno, diotenez, diotenez, eh, , ahots arraroak sumatzen dira gauetan Andoaingo Camio baserri abandonatuaren inguruan, psikofoniak esaten zaien horietakoak.
Maria: Eta gainera, esamesak besterik gabe airatzea gure estiloa ez denez Dani, gehiago ikertu nahi izan dugu honi buruz, zuen jakin mina asetzeko. Andoaingo psikofonia hauek askotan entzuten dituen norbait dugu telefonoz bestalde.
Dani: Hain zuzen ere, Marisa Gaztelumendi. Arratsalde on, Marisa.
Marisa: Bai, kaixo!
Maria: Ea Marisa, Camio baserritik gertu bizi den Atabillo baserriko etxeko andrea zu zaitugu, ezta?
Marisa: Bai, Atabillo baserrian bizi naiz, hirurehun metrotara egongo da gutxi gorabehera.
Maria: Eta zer konta diezagukezu Camio inguruan sortu diren esames horiei buruz?
Dani: Aizu, Marisa, egia al da soinuak entzuten direla?
Marisa: Ene, asko. Aizu, gauean batik bat, Camio barrukaldetik datozen ahotsak. Agoazilak sartu dira hiru edo lau alditan, eta ez dute ezer garbirik aurkitu.
Dani: Txis-txis, goazen mantsoago, Marisa!
Maria: Ea, adibidez, ahotsak esaten duzunean... nolakoak dira ahots horiek?
Marisa: Ez dakit ba, jendea sesioan. Eztabaida builosoak behintzat, gizonezkoak eta emakume bat, baina gehienetan umeen garrasiak eta negarrak. Irrintzi antzeko bat ere entzun genuen behin, gau erdian.
Dani: Eta hau dena noiztik entzuten duzue?
Marisa: Ba esango nuke "noventa y siete"ko udan entzun genituela lehengo aldiz. Aguazilak etorri, Camioko atea bertan behera bota, eta barrura sartu ziren. Beraien esanetan leiho bat bortxatuta aurkitu zuten, eta okupa horietako batzuk, edo lapurrak, izango zirela esan ziguten. Aste batzuk pasa eta gero, ahotsak berriro sumatu genituen, baina orduan abisua ematerakoan eginbehar garrantzitsuagoak zituztela esan ziguten, aizu!
Maria: Zuen kabuz saiatu zarete zerbait egiten?
Marisa: Neure semea bitan sartu dela uste dut; auskalo! Beldurrez akabatzen nauenez, ia ez dit egia osoa esaten eta!
Maria: Eta zerbait berezia topatu zuen?
Marisa: Baita zera ere! Desagertu eta isildu egiten dira han norbait dabilela nabaritu orduko, eta nire semeak dioenez, han ez omen dago inor lapurreta egin duenaren seinalerik.
Maria: Eta ez al duzue beldurrik, edota... ?
Marisa: Bai koanto... azkenerako bat ohitu egiten da. Zer esango nizuke ba? Guk hemen egiten dugu lan, hemen dauzkagu geure baratzak, soroak, ganadua... Soinu eta garrasiei bizkarra emanda bizitzen ikasi dugu.
Dani: Zuen txanda da orain entzuleok. Geratzen diren minutu hauetan zuen iritziak kaleratzeko izango dira. Animatu, eta badakizue, deitu...
Jon: Kaixo!
Dani: Kaixo. Bai, esan?
Jon: Bai. Jon naiz, Andoaindik.
Dani: Ea ba, Jon, konta iezaguzu zure iritzia.
Jon: Eh, beno, ba... kontua da nire arrebak zera kontatu zidala behin, baserri horren inguruan footing egiten ari zela garrasi batzuk entzun zituela. Beno, berak bazekien baserriaren inguruan zer esaten zen, baina beno, ez zuen sinisten, noski, ba, ez dakit, bortxatzaileren bat izango zelakoan edo, eta ba hori, beldurra eta, makila handi bat hartu zuen eta orduan leiho batera gerturatu zen...
Dani: Eta?
Jon: Etxe barnera begiratu eta han antigoaleko soineko bat zeraman emakume zahar bat ikusi omen zuen. Atsoak, ordea, arreba ikusi zuenean, ba desagertu egin omen zen. Arrebak ez zuen besterik ikusi, eta ezta entzun ere.
Maria: Ea, noiz gertatu zen hori Jon?
Jon: Hori? Ba orain dela, zer esango dizut ba nik, orain dela... bai, hiru, hiru bat hilabete.
Dani: Mila esker Jon zure testigantzagatik.
Jon: Bai, beno, ez da ezer. Zuei. Agur. Agur.
Maria: Ea, beste dei bat daukagu. Ea denbora ematen digun behintzat atala amaitu aurretik, bixkor-bixkor... bai?
Dani: Nor zaitugu?
Maria: Ba al da norbait beste aldean?
Dani: Badirudi arazo teknikoak ditugula... aber? Momentuz bere horretan utzi beharko dugu gaurkoz.
Dani: Beno, hemen nauzue berriro. Esan bezala, entzundako hau joan den astelehenean aireratu genuen. Sinesteko gai izan al zarete? Oraindik ez? Ba gaur Maria, bai ezta?
Maria: Bai.
Dani: Gaur Maria Andoainera bidali dugu Joserra gure teknikoarekin batera eta duela oso-oso gutxi etorri da. Camio baserriko zurrumurru guztien atzean benetan zer dagoen jakiteko asmoz bidali dugu Andoainera, eta uste dut uste Maria...
Maria: bai...
Dani: ekarri dizkiguzunak...
Maria: bai...
Dani: akojonatuko gaituztela.
Maria: Bai. Bai. Horrela da. Egia, eta aitortu beharra daukat gainera gaur gauean nekez hartuko nauela loak Dani.
Dani: Benetan?
Maria: Bai. Bai. Lehenbizi Fernando Arregi historialariaren etxean izan gara. Eta berak Euskal Herrian dauden baserri-artxibo handiena du: noiz eraiki ziren, ze material erabili ziren, noren izenean dauden erregistratuta... Denetik.
Dani: Orduan goazen Marisak Camio baserriari buruz esan dizun guzti-guztia entzutera. Adibidez, hau:
Marisa: "Diezinuebeko nobienbrean jaio nintzen gure baserri honetan, Atabillon, eta harez geroztik bi familia pasa dira Camio baserritik. Berrogeigarren urtean garmendiatarrrek baserria saldu egin zuten, batzuen esanetan idi-proba batean galdu omen zituzten aberastasun guztiak. Hori dela eta arrondotarrak etorri ziren, baina laurogeita seian Joxe zaharren egoitzara eraman, eta semeak Bilbora joan zirela uste dut".
Maria: Eta Marisak esan digun bezala, baserrian bizitako azken bi familiak erregistroetan azaldu ziren.
Dani: Bale, orduan entzun ditzagun Fernando Arregi historialariaren hitzak, ze hitz hau, historialariaren hitzak: hauexek:
Arregi: "Susmoak daude baserri honetan lehen karlistadan familia oso bat bortxatu eta erail ote zuten, RIEV izeneko liburu zahar batean dago jasota, eta hauxe dio apaiz baten hitzetan: "Ez dakit zer pasatu zen baserri horretan. Gorpuak labankadaz josita aurkitu genituen, haur bati hatzak falta zitzaizkion, beste batek begi bat falta zuen".
Maria: Ba gaur eguerdian historian aditua den honekin hitz egin eta gero, Marisarekin elkartu gara Joserra teknikoa eta ni neu, baserri inguruak miatzen pasa dugu eguerdia, eta hauxe duzue prestatu dugun erreportaia.
(txoriak)
Maria: Oraintxe bertan Marisarekin gaude baserritik hogei bat metrora. Eguerdiko ordu biak dira oraintxe, egundoko behe-lainoa dago, itxi-itxia, eta hemen ez dugu gainera inor ikusten. Marisarekin baserrirantz abiatzen gara, ea "noiz entzun zenituzten zaratak azkenekoz?"
Marisa: Ba gaur gauean bertan.
Maria: Eta zer entzun zen?
Marisa: Haur baten negarra.
Maria: Ea, entzun al dira inoiz zaratak, baina baserritik kanpo?
Marisa: Ez. Inoiz ez dira Camiotik irteten. Beti barruan gelditzen dira. Hurbilduz gero, isildu egiten dira.
Maria: Azkenean iritsi gara Camio baserriraino. Behe-lainoaz, eta hotzaz aparte, hemen ez dago kontu handirik esateko. Ba, beno, baserriko goiko leihatilak erdi-irekita daudela edo esanda, erdi-apurtuta. Ea, atzeko aldea ez da ondo ikusten, behe-lainoagatik batez ere, baina teilatua erabat erorita dago, eta ateak txiki-txiki eginda. Ezagun da behintzat behin baino gehiagotan bota egin dutela. Hortxe dugu gure Joserra ere, mikroa leihotik sartu eta ea grabazioren bat harrapatu nahian. Baina tira, ez da ezer entzuten.
Maria: Ba esan bezala grabaketa hauek gaur eguerdian egin ditugu Andoainen. Erabat arruntak irudituko zaizkizue beharbada, guri ere bai hasera batean, baina Joserrak, gure teknikoak, muntaia egiten ari zela, benetako sorpresa bat topatu du Dani. Entzun dezagun grabaketaren zati hau ozenago: "Ea, atzeko aldea ez da ondo ikusten,[ez gaude hemen, ez gaude hemen], behe-lainoagatik batez ere, [ez gaude hemen,] baina teilatua erabat erorita dago, eta atea txiki-txiki eginda. Ezagun da behintzat behin baino gehiagotan [amatxo, ama, ama] Hortxe dago gure Joserra mikroa leihotik sartu, eta ea grabazioren bat harrapatu nahian".
Dani: Egia esan, oraingoan oso ondo entzun da.
Maria: Bai.
Dani: Zikina, baina oso ondo Maria.
Maria: Bai. Hemengo hau psikofonia deitzen zaion horietako bat omen da.
Dani: Psikofonia bat.
Maria: Bai. Bai. Beldurgarria, ezta? Ba sinetsi edo ez, benetako grabaketa bat da entzun duzuen bezala.
Dani: Begira, Maria, gauza guzti hau serioa da, ezta? Hau da...
Maria: Bai. Bai. Bai.
Dani: Ez zabiltzate zu eta teknikoa adarra jotzen?
Maria: Ez. Ez. Egindako lana serioa da. Eta ziurta dezakegu, nahiz eta batzuen amorraziorako izan, nik ez dakit, kontua da Barne Saila ere dagoeneko jakinaren gainean dagoela.
Dani: Barne Saila ere?
Maria: Bai. Bai. Eta hauek psikofonia ikertzaile frantses bat bidali omen dute ba guk hasitako lan hori jarraitzeko. Gu ez baikara horretan adituak, eta badakizu...
Dani: Eta ziur zaude berriro Andoainera joan nahi duzula?
Maria: Bai. Bai.
Dani: Tira, baina zaindu zaitezte, mesedez Maria. Eta poliki.
Maria: Bai.
Dani: Uf! Psikofoniak. Entzun al zenuten inoiz halakorik? Uf! Zirrara sortzeko modukoak dira, ezta? Nik zera, zera aitortu behar dizuet, ez nuela gaurdaino kontu hauetan batere sinesten. Baina bakarrik geratu naizen honetan errespetu pixka bat ere ematen didate, eta gainera, entzundako guztiak entzun ondoren... Beno, aber, kontroletik esaten didatenez, bai, Maria dagoeneko Andoainen da, "Gabon Maria, berriro".
Maria: Gabon guztioi.
Dani: Zer berri Maria Camio baserrian? Egia esan, ez diguzu batere, batere enbidiarik ematen, gu hementxe gaude goxo-goxo estudioetan eta zu, zu nola zaude?
Maria: Ez. Ez, Dani. Baina ez da hainbesterako. Hemen dena gainera oso lasai dago, jendez inguraturik gaude, hori bai, sartu eta atera dabiltza denak. Gure abisuaren ondoren ikerketa gaur arratsaldean hasi dute, metal-antzemangailu bat edo horrelako zerbait, bestelako tresna bitxien bidez, eta abar dabiltza lanean.
Dani: Marie Argut, psikofonietan aditua den ikertzaile frantsesa ere bertan da, ezta Maria?
Maria: Bai. Bai. Hementxe dago, nire ondoan. Berarekin mintzatzeko aukera ere izan dugu eta bere hitzetan campo elektromaknetiko oso altua sumatzen omen da inguru hauetan, normaltzat jo du behintzat presentzia psikomatikoak atzematea, eta gure grabaketaz ere mintzatu da pixka batean. Horrek kasuari gainera interes berezia erantsi diola aitortu digu berak.
Dani: Beno, lehen esan bezala, zaindu zaitezte mesedez... Maria, e? Tira, konta egidazu bitartean nolakoa den une honetan giroa?
Maria: Ba begira Dani, badirudi bat-batean Joserra eta biok bakarrik geratu garela, baina beno, non sartu ote den jendea nik ez dakit, ez dut inor ikusten. Kotxe guztiek alde egin dute bat-batean. Eta orain isiltasuna entzuten duzue ezta? Erabatekoa da. Maria Argutek etxe barruan egon behar omen du, ez baitugu baserritik irteten ikusi, eta gainera bere furgoneta gurearekin batera dago. Beraz, kanpoan geratzen den bakarra denez, barruan egon behar du berak. Eta, beharbada bere bila joango naiz. Baserrian sartzen saiatuko gara.
Dani: Eta baserria, baserriaren barruko aldea nolakoa da?
Maria: Ba orain, orain beheko solairuan gaude. Eta baserria, egia esateko, erabat utzita dago, itoginez beteak...
Dani: Bai. Bai. Entzuten ditugu,.bai.
Maria: Oraintxe bertan eskaileretan gorantz noa. Gerturatzen ari naiz. Beharbada goraino iristeko aukera izango dut oraingoan, momentu bat. Ikusi hor... Joserra! Momentu bat, e Dani? Joserra? Non sartu zara? Joserra!
Dani: Maria? Maria! Beno, tira, gogoratzen dizuegu Euskadi Gaztearen sintonian zaudetela, eta Maria, teorian behintzat, Camio baserriko psikofonien berri ematera joan zaigula, ez dakit berriro konexioa... Aber Maria, hor al zaude?
Maria: Bai. Bai, Dani. Hemen nago, e! Kontua da besteen bila nabilela, eta nik uste goian egongo direla. Beraz, gorantz joango naiz. Dani, hemen eskaileraren bi aldeetan gurutze oso bitxiak daude hormetan jarriak. Joserra! Garai bateko zuri-beltzezko argazki zaharrak ere bai... Iritsi naiz gora, e Dani? Joserra, Marie! Non zaude Joserra?
Norbait.Ahhhhh!
Dani: Maria, Maria, mikroa itxi, eta kantu bat jarri behar izan dut, la ostia! Baina zer gertatzen da hor?
Maria: Itxoin. Dani, baina ulertu, baina hemen zerbait... baina oso gogorra gertatzen ari dela hemen... Joserra ez dago inondik inora!
Dani: Baina zer arraio, kontrolak ez du erantzuten. Ondo entzuten al duzu? Maria, Maria, entzuten al duzu?
Maria: Joserra, Joserra, non zaude? [Ez gaude hemen, ez, ama! Ama!] JJoserra! [Zeintzuk dira hauek?] Ez. Ez. Ez. Ahhhhhh!
Dani: Maria, Maria!!!!... Beno, barkatu entzuleok, baina ez dakit zer gertatzen den kontrolarekin. [lagundu mesedez, lagundu; ama, ama, non zaude?] Beno, badirudi interferentzi bat izan dugula, Maria, zuk guri entzun...[entzun, entzun, lagundu, lagundu, ama, uaaa]
