Hotzikarak 3: Haurrak ikustera joan al zara?
Egilea: Harkaitz Cano Musika: Jean Louis Argus Zuzendaria: Olatz Beobide Aktoreak: Mark: Joxe Felipe Auzmendi Ama: lara Badiola Ainhoa: Maider Egües Ertzaina: Mañu Elizondo |
Ama: Begiratu al duzu haurrak lo dauden?
Mark: Baietz ba emakumea, hiru aldiz joan naiz dagoeneko, eta haurrak ongi daude. Egon lasai!
Ama: Izan ere, azken egun hauetan denetik gertatu zaigu, lan-aldaketa, bidaia, etxe berrira etorri, haurrak eskolaz aldatu... Ai, gau narrats honetan kontzertura joan beharra ere.
Mark: Behin eta berriz esan dizut gaurko kontzertua zein garrantzitsua den, bi ordu eta erdi besterik ez dira izango.
Ama: Aja, besterik ez?
Mark: Ah, eskerrak, kanguroa, oso neska efizientea dela esan didate, a ze itxura duen!
Ainhoa: Epa, ze, berandu nator?
Mark: Ez, lasai, sartu, sartu. Mark naiz.
Ainhoa: Ja!
Mark: Telefonoz esan bezala, hiru bat ordu izango dira. Haurrak lo daude: Maddalen eta Bego.
Ainhoa: Ujum!
Mark: Etxe honek gainera ezagutu beharreko trikimailu batzuk dauzka.
Ainhoa: Itzel. Ikaragarri gustatzen zaizkit trikimailuak.
Mark: Alarma pizten da sentsoreak gurutzatzen dituzunean.
Ainhoa: Ah!
Mark: Ikusten, hemendik norbait pasatzen bada, leiho eta ate guztiak blokeatzen dira. Armada oso bat beharko litzateke hona sartzeko.
Ainhoa: Ja!
Mark: Nahi izanez gero, zerorrek aktiba dezakezu. Honi sakatu, eta kito.
Ainhoa: Ez dut uste horren premiarik izango dudanik.
Mark: Nahi duzuna, baina erne ibili gero, behin alarma martxan ipiniz gero ordu-erdi behar da irteteko. Horretaz aparte, sukalde inteligentea, telebista, DVDa, denetik daukazu... Ahaztu baino lehen, hona nire patrikako telefonoaren zenbakia. Neronek deituko dizut, hala ere, kontzertua hasi baino lehentxeago, behin hasitakoan itzali egin beharko dut eta.
Ainhoa: Lasai gizona, ez kezkatu, badut nahikoa esperientzia, moldatuko naiz.
Yolanda: Kaixo, Yolanda naiz.
Ainhoa: Ba ni Boin-Boin kanguroa.
Yolanda: Ederki. Zer, prest, maitea?
Mark: Bai, bai. Goazen.
Yolanda: Berehala itzuliko gara, e? Ezer bada, deitu lasai.
Mark: Tira goazen, dena azaldu diot eta. Benga, benga!
Ainhoa: Joder, kostatu zaie aldegitea! Ezer bada, deitu lasai. Etxe honek ezagutu beharreko trikimailu batzuk dauzka. Joder! Sukalde inteligentea beharko bai, haiek ez dirudite eta oso argiak; ea ba bi ipotx horiek nolakoak diren!
Yolanda: Ez nago batere lasai haurrak neska horrekin utzita, haurrak esnatuko balira, zer? Zerbait egiten badie. Eta daukan tatuaje hori ere! Zer zeukan besoan, deabru baten aurpegia?
Mark: Lasai emakumea, inoiz ez dira esnatzen eta. Kasualitatea litzateke juxtu gaur esnatzea. Gainera, gaur egun edozeinek dauka tatuaje bat!
Yolanda: Zer nahi duzu egitea gustatu ez bazait?: ez zait gustatu, eta ez zait gustatu.
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Demontre, bost minutu ere ez joan direla, eta dagoeneko deika, guraso hauek. Bai esan?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: A ze lotsagabeak, deitu, eta ez erantzun!
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Bai?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Ederki hasi dugu gaua dei txiro hauekin!
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Bai?!
Mark: Barkatu Ainhoa, Mark. Gauza bat esan behar nizun, eta "raso" ahaztu zait, hozkailuan sandwich bat daukazu, eta baita pasteltxo bat ere... Zer, dena ondo?
Ainhoa. Ba bai; zer espero zenuen ba?
Mark: Tira, hori zen dena e?
Ainhoa: Bale, bale, agur.
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Ah, ea oraingoan zer ahaztu zaion! Bai?
Mamua: Joan al zara haurrak ikustera?
Ainhoa: Zein da, aizu, nor zara? Niri txorakeria gutxi gero e? Ez dago jendea bake-gura, la leche. Zein ote zen?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Hara, berriz! Bai?
Mamua: Joan al zara haurrak ikustera?
Ainhoa: Eta zuri, zer, zer arraio inporta zaizu?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Aizu!
Mamua: Joan al zara haurrak ikustera ala sandwicha jaten jarraitu behar duzu?
Ainhoa: E, aizu, baina zu... zuk nola dakizu zertan ari naizen?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Hau txungo xamar jartzen ari da; Marki deituko diot.
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Joder! Alarma jartzera noa. Nor, nor arraio zara? Esan zerbait, esan! Ertzaintzari deituko diot!
Ertzaina: Ertzaintza, esan?
Ainhoa: Bai, gabon. Aizu, deitzen dizuet... ze beno, ni, ni haurtzaina naiz, kanguro bat, Ainhoa dut izena eta...
Ertzaina: Asko pozten naiz. Eta...
Ainhoa: Norbait dabil etxera deika, erabat izututa nago.
Ertzaina: Lasai andereño, azaldu guztia patxadaz. Zein helbidetan zaude?
Ainhoa. Ez dakit, etxea muino baten tontorrean dago, herritik kanpo.
Ertzaina: Ja, emadazu telefono-zenbakia, mesedez.
Ainhoa. Bai. Bai. Bai. 953725411.
Ertzaina: Ongi da: zaude lasai. Patruila auto bat bidaliko dugu helbidea ziurtatu eta segituan. Bitartean ez irten etxetik, eta itxi ondo ate eta leiho guztiak, entzun?
Ainhoa: Bai. Bai. A... Azkar etorri, mesedez.
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Ez dut hartuko, ez horixe... ez, ez... ez dut hartuko! Kontxo, ez dira ba akaso ertzainak izango zenbakia ziurtatzeko?
(telefono-hotsa)
Ainhoa: Bai, esan?
Mamua: Joan al zara haurrak ikustera ja, ja, ja.... ?
(hainbat hots)
(telefono-hotsa)
Ertzaina: Andereño, andereño, irten etxetik segituan, deika ari den telefonoa aurkitu dugu, eta etxekoa bera da, itxura batean supletorio batetik ari zaizu deika, irten agudo, guk ezin dugu eta sartu. Ate guztiak blokeatuta dauzkazu....
Ainhoa: Ez!
(ezpata-hotsa)
Mamua: Ja, ja, ja, ja...
Ainhoa: Ah!!!!!!!