Longa jenerala

Longa jenerala Napoleonen kontra aritu zen gerrilari bizkaitarra izan zen. Napoleonen kontrako gerrillaburu aparta izan zen. Gerra merituengatik jenerala izendatu zuten. Longa jenerala amerikarra izan ezkero, hainbat filma eta liburutan izango genuke

Hamaika aldiz entzun izan dugu historia irabazleen ikuspuntutik kontatutako ipuin interesatua besterik ez dela. Has gaitezen gure eskola garaian ikasitakoari buruz pentsatzen ia Napoleonen garaiari buruz zer dakigun eta atoan Goyaren artelanak etorriko zaizkigu burura. Eman diezaiogun beste kolpe bat memoriari eta Wellington jeneralarekin batera telebistan ezagutu genuen Curro Jimenez etorriko zaigu burura.

Espainiatik etorri zaigun historiari esker (har dezagun "esker" hori zentzu ironikoan) ez dugu jakin izan gure arbasoek ere Curroren neurri berdineko abenturak izan zituztela Grand Arméeren kontra. Imajina dezagun Carlos Sobera "Date el bote" telebista lehiaketan galdezka:

¿ Ondo erantzun ezkero, hogeita hamar mila euro irabaziko dituzu. Nor zen Longa jenerala eta ze gerratan aritu zen?.

Imajinatzen dut lehiakidearen harridura aurpegia. "Nor ote da tipo hori?" bere buruari galdezka. "Gerra zibilean ala Vietnamekoan aritu ote zen alproja hori?" "Abizen horrekin ez ote da italiarra izango?"

Erantzun zuzena, idazki honen izenburuan daukagu: Longa jenerala bizkaitarra zen. Mallabikoa, zehatzago esanda, eta Napoleonen kontrako gerrillaburu aparta izan zen. Hamaika aldiz egin zion eraso Frantziako ejerzitoari, dirua, armak eta ekipamendua ohostutzen. Geroago Wellingtonekin batera zenbait batailatan aritu zen Napoleon guztiz menperatu arte. Gerra merituengatik jenerala izendatu zuten. Longa jenerala amerikarra izan ezkero, hainbat filma eta liburutan izango genuke protagonista eta den denok ezagutuko genuke. Mallabikoa izanda (elizaz Bolibarkoa) ez dute horrenbesteko oihartzunik izan bere ibilbideek.

Ahaztuta dauzkagun kontu hauek gogora ekartzeko erakusketa berezia antolatu dute Bolibarren, herriko museoan. Honez gainera, bere bizitzaren zenbait pasarte azalduko ditu Iñaki Peredak Larunbat honetan, arratsaldeko seietan, herriko eskoletan. Zalantzarik gabe, ezagutzen ez ditugun kontu historiko bitxiak ezagutzeko aukera aparta.


Interesatzen zaizu



B2
2004-10-24
16529854
1256