Zuen aurka jokatuko dut zuekin jolasteko

Ostiralero bezala, lagunartera bildu ginen koadrilakook, mokadu bat jan eta kartetan aritzeko. Kafeak hartu arte ez ginen jabetu, ordea, zazpi lagun besterik ez ginela. Amorruz ingurura begiratzen hasi, eta tabernan itxura xelebreko gazte bat baizik ez genuen ikusi.

Marinelen txano urdin horietako bat buruan, modan jarri diren Custoren kamiseta hamaika koloretakoa, kanpaien moduko galtza bakeroak eta hainbeste oihal artean ikusterik ez zeuden zapatak. Etsipenez, baina...: 'Hi, ba al dakik musean?', galdetu zion Mikelek. 'Bai, baina ez dinat askotan jolastu'. Horixe behar genuen, euskaldun berria, kartazale berria eta hikazale berria. Peligro. Haiek lagunen aurpegiak! 'Baina, baina, nola esango diok halako bati gurekin jokatzeko?'. Gustura ez, baina, lau bikoteak osatuko bagenituen, azkenean guregana hurbiltzeko eskatu genion.

Anttoni egokitu zitzaion, eta gure laguna, Kalbarioan balego bezala: 'hauxe behar genuen, zazpi lagun eta nirekin aritu behar'. Haiek koadrilaren burlak eta algarak! Anttonek, ordea, etsiari aurre egin eta 'Jokora, jokora!'. Jarri ginen, jarri, launaka, eta, kortesiak agintzen duen moduan, kafea ordaindu genion gauza guztietan berria ematen zuen gazte hari.

Hasi ginen, hasi, karta jokoan. Eta mahaitik mahaira, Anttonen kopeta iluna ikusita, jolaserako grina, nonbait, lagunek. 'Motel, motel, lehen aldia izango duk musean jolastuta gu denoi irabazteko aukera izango duana!'; beste batek, imitazioan: 'ez jolastu gizon handi horien aurka, maitea, hobe zu eta ni panpinetan jolastea'; hirugarrena taldeko filologoa izan zen: 'jolastuko duk ala jolastuko haiz?'. Gaztetxoak, ezer ulertuko ez balu bezala.

Baina Antton, hura zen aurpegi beltza hura! Jolas gutxi, harekin! Kartak banatutakoan, berriz ere adarrean, den-denak gaztearen aurka. Gizonen jokoa zela, eta gurekin kartetan jokatzeko, kartei eusteko gauza bazen behintzat; baina jolasteko gogoa bazuen, bere amonarekin puntuan egiteko, edo trukean. Berak irribarre inozoa egin eta hasi egin ginen. Zigarro eta txokor zaharren kearen artean galdu zuten lehenengo partida Anttonek eta gazteak, hasiberriaren suertea ere ez zeukan gizajoak.

Baina berriz ere gu denok harri eta zur uztea lortu zuen; kartetan jolasten gaizki hasita ere, eta horretan inork ez zuen dudarik egin, dirua jolastu nahi zuela. Sekula ez dut ulertuko nola lortu zuen Antton konbentzitzea, ez baita jolasa halako kaskagogor bat iritziz aldatzea lortzea. Baina hala hasi ginen.

Ikusitakoak ikusita, gu denok jolas bezala hartu bikote xelebre hura larrutzea, eta, sekula ez bezala, dirua jokatu genuen karta jokoan. Majo jokatu ere! Baina gizalegez jokatzeko, eta kartetan fundamenturik egingo ez bazuen ere, ikasiko zuela sikiera kartetan ez dela jolasten, beste kirol guztietan bezala, jokatu egiten dela kartetan... eta barreak, eta burlak... eta gu konturatzerako, lau eta bat irabazi zuten Anttonek eta hasiberriak.

Aspaldi ez da egon halako isiltasunik taberna hartan. Mahai bateko eta besteko finalistak, elkarren aurka. Mus partida, sosak, ohorea eta beste zer edo zer zegoen jokoa han! Finalean ere, lehengo bidetik, eta azkar asko ikasi genuen hasiberri nazkante hari esker, jolasa badela errenta!! Lau eta zero. Zero patatero!

Dirua bildu, begiaz keinua egin Anttoni, altxatu, ezpainetan musu eman eta, alde egin aurretik, txanoa utzi zuen tapetearen gainean... Anttonen andregaia, gurekin jolasean ibilitakoa!!!! Harri eta zur, sei lagunok isil-isilik, han entzuten zen gauza bakarra, Anttonen barre algara. Eta gu denok, berriz, jostailu hautsiaren aurpegia. Musa kirol nazionala izanik, barre eta iseka artean, Olinpiadetara eraman behar zela, baina, bera ere mahaitik altxatzearekin batera, duda-mudatan zegoela adierazi zigun, ez zekiela alegia, Joko Olinpikoetan edo Jolas Olinpikoetan behar zuen.


C1
2003-02-10
  • Lizartza , Ritxi
16524309
2492