Migrazioa arrantzaren gidari
Urtero, martxoan, berdela iristen da Bizkaiko Golkoko ipar-ekialdetik eta han izaten dira Hondarribiko arrantzaleak zain. Apirilean, berriz, antxoa azaltzen da eta orduan gure portuetako baxurako baporeei dagokie lanean hastea.
Ekaina datorrenean, ordea, antxoa utzi eta Bizkaiko Golkora heldu diren hegaluzea eta hegalaburra izaten dira helburu, kostaldeko arrantzaleen poltsikoak poztu eta, nola ez, gu guztion tripak asetzeko.<br/>"Ez omen da obisporik abade izan ez denik". Ez diegu eliz kontuei erreparatuko, baina bai esperientziak edo itsas bizitzak gure arrantzaleen jokamoldean duen eraginari.
Honen harira, arrantza-zientzia, arrainen migrazioa barne, itsas gizonek hainbat urtetan ikasitakoaz eta belaunaldiz belaunaldi bizitako esperientziak erakutsitakoaz aprobetxatu da. Arrantzaleek betidanik jarraitu izan diete itsaso zabalean beraiei interesatzen zitzaizkien espezieei, eta, bide batez, eta batzuetan konturatu gabe, espezie horien migrazio-bideak ezin hobeto marraztu. Migrazioei buruzko herri jakinduria zientzia-hipotesi bihurtzea eta hipotesi hori baieztatzea izan da itsaso-zientzien benetako erronka. Gure kontakizunak maiz oso erraz apurtzen den kate honen azken esteka izango du helburu: zientzia-lan hori gizarteratzea hain zuzen.
Migrazioaren mekanismoak
Arrainek batetik bestera burututako mugimenduek mendetan txunditu izan dute gizakia, are gehiago, behin eta berriz, urtaro beretan leku beretara itzultzeko milaka kilometro egiten zituztela ikusteak. Hori horrela, urtetan iraun duen galdera datorkigu burura: nola orientatzen dira bidean eta zein mekanismo garatu dute euren jomuga bilatzeko?
Zerutik datozen estimuluak
Eguzki-orientazioa: arrainak, txoriak bezala, orientatzeko eguzkiaz baliatzen direla nahiko garbi dago gaur egun. Arrainek argi- eta zeru-kondizio onak aurkitzen badituzte, eguneroko eguzki-zikloan gertatzen diren aldaketak hauteman eta informazio hori uretan orientatzeko erabiltzen dute. Horretarako, arrainek altitut-ean (eguzki-izpiek plano bertikalarekiko sortutako angelua) eta azimut-ean (eguzki-izpiek plano horizontalarekiko sortzen duten angelua) ematen diren aldaketez jabetu behar dute. Hala ere, eguzkirik ez dagoen egun lainotsuetan nahiz gauez, beste mekanismo batzuk tartekatzen dituzte uretan orientatzeko
Eremu magnetikoak
Arrainak konpas magnetiko baten jabe izateak lurraren eremu magnetikoa sumatu eta horri esker orientatzeko gai izatea suposatzen du. Sentsibilitate hori duten arrainak ugari dira, hala nola, elasmobrankio subklasekoak, angiliforme ordenekoak, salmo generoko izokinak eta tunidoak.
Korronteak
Ur-korronteek arrautzak, larbak eta arrain helduak garraiatzeko baliagarri izateaz gain, arrainak hauteman ditzaketen orientatze-seinaleak eragin ditzakete. Behin ur-korrontea topatu eta gero, arraina korrontean orienta daiteke, eta haren alde edo kontra igeri egin.
Usaimena
Arrainek bere bidean orientatzeko usaimena erabiltzen dute eta hau izan zen, hain zuzen ere, nola orientatzen ziren galderari erantzuteko proposatu zen lehen mekanismoa. Migrazio anadromikoa egiten duten espezieetan gertatzen da batez ere. Arrainek euren jaioleku izan den ibaiaren usain bereizgarria ikasten dute beren bizitzaren fase goiztiar batean, eta gerora, usain hori aurkitzeak zuzentzen du ugal-migrazioaren nondik norakoa. Ikasitako usain horrek jaiotako ibaira bultzatzen du arraina, kasik hutsik egin gabe, ugaltzera.
Tenperatura
Dirudienez, tenperatura da arrain-migrazioa abiarazten duen ingurumen-faktore garrantzitsuena. Gainera, hala zuzenean nola zeharka, arrainen orientatzeko mekanismoetan eragin handia du. Espezie migratzaile askoren mugimendua tenperatura-aldaketak bideratzen du, eta gustuko dituzten isotermei jarraitzen diete euren bidaietan.
Tenperaturarekiko erantzun hau zuzena, tenperatura jakin bat dute gustuko, edo zeharkakoa, elikagaien ugaritasunari loturiko erantzuna, izan daiteke. Izan ere, planktonaren bloomak eta tenperatura-aldaketak erlazionatuta daude, eta, ondorioz, arraina elikagaia aurkitu nahian tenperatura egokiaren bila ibiltzen da.
Eta horrek guztiak ba al du arrantzan eraginik?
Irakurle bizkorra, tituluan erreparatu ondoren, jada ohartuko zen erantzuna baiezkoa dela. Aipatu dugun bezala, mendeetan zehar kostaldeko hainbat komunitate arrain migrazioen menpe geratzen da urtaro jakin bateko sostenguaren zain. Ezagunak ditugu mundu zabalean migrazioaz aprobetxatzen diren arrantzak, eta artikulu honetan denak aipatzea ezinezkoa bada ere, hurbileko adibideak laburbiltzen saiatuko gara.
Berdelaren kasua
Berdela, udatik negu arterainoko denboraldia Europako iparraldean igaro eta gero, martxoaren hasieran, ugal-migrazioari jaramon eginik, Bizkaiko Golkoko ekialdetik sartzen da Hondarribiko kostaldera. Errute-sasoia aurrera doan heinean, Kantauri itsasoan barrena mendebaldera jotzen du, uda partean berriro iparralderako bide luzea hasi aurretik
Antxoaren kasua
Negua non pasatzen duen oso argi ez dagoen arren, inor gutxi da udaberria non igarotzen duen ez dakiena. Bizkaiko Golkoko urak antxoarentzat tenperatura egokia duenean azaleratzen zaigu baxurako flotaren erregina, bere ugal-sasoia abian jartzeko.
Hegalaburraren eta hegaluzearen kasuak
Baxurako euskal flotak ustiatzen dituen hegaluzea eta hegalaburra migrazio luzeak burutzen dituzten espezieak dira. Atlantikoaren alde batetik bestera ibiltzen dira garai eta bizitzako fase desberdinetan, eurentzat bizitzeko eta ugaltzeko kondiziorik egokienak bilatzeko asmoz. Honela, hegaluze helduek, apiriletik iraila arte Karibe itsasoko ugal-eremuan erruten egon ondoren, negutze-eremuetara (Atlantiko erdialdera) migratzen dute negua pasatzeko asmoz. Bestalde, hegaluze gazteek bere bizitzako lehenengo lau neguak helduekin pasatzen dituzte negutze-eremuan
Ugal-garaia heltzean, oraindik ez dute ugaltzeko gaitasunik eta elikatzeko asmoz Bizkaiko Golkora abiatzen dira uda partean. Hegalaburrak, aldiz, Mediterraneoko errute-eremuan jaio eta lehenengo urtea Marokoko kostaldean pasatu ondoren, uda partean, heldutasunera iritsi bitartean, Bizkaiko Golko aldera migratzen du tripa bapo betetzera. Negu aldera, berriz, Marokoko kostaldera itzultzen da. Behin heldutasunera ailegatzean, Mediterraneo itsasora itzultzen da eta han pasatzen du urte guztia, nahiz eta zenbait alek uda-partean Norvegiaraino bidaiatu.
Legatzaren kasua
Errute-garaian, baldintza egokien bila, hego-ipar migrazio bat gertatzen dela uste da. Honela, errute-garaia hasten denean, abendua eta otsaila artean, bai harrapaketa baita legatz-kopuru handiena Bizkaiko Golkoko hegoaldean izaten da. Errute-garaia aurrera doan heinean, iparrerantz migratzen du eta ekaina eta uztaila partean Irlandako itsasoan egoten da.
Izokinaren kasua
Aspaldian migrazio honen adibide gehiegirik ez bada ere, gure aiton-amonek gogoratzen dute garai batean ibaian gora saltoka maiz ikusten zituztela izokinak (Bidasoa, Urumea, etab). Izokin helduek abendua eta urtarrila bitartean jotzen dute ibaian gora euren ugal-tokietara.
Kontuak kontu, Euskal Herriko flota garaian garaiko espezie migratzaileei ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen da. "Garaian garaikoa" aholkatzen digu denok ezaguna dugun euskal sukaldari batek. Hitz-joko hori eta gure gastronomia-kultura uztartzen baditugu, erraz kontura gaitezke euren migrazio-bideak jarraituz sasoi bakoitzean zein espeziek bisitatzen duen gure kostaldea. Zahar ele, zuhur ele, arrantza migrazioak gidatzen du.
Irudia: eitb