Arrantza larregi itsasoan?

Netflixeko Seaspiracy dokumentalak plazara ekarri du berria ez den gai bat: gizakiak itsasoan arrantza gehiegi egiten al du? Dokumentala bera eta dokumentalak piztu duen eztabaida izan ditu hizpide Guillermo Roak Ingurusfera podcastean.

Dokumentalaz gehiago jakin nahi baduzu, entzun Euskadi Irratian Guillermo Roari. 

 

 

 

 

Argazkia: Pxhere

 

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Debate sutsua piztu. Eztabaida handia sortu. 

Ia hutsik izango ditugu. Nola izango ditugu? Ia -(r)ik izan. Ia hutsik edo hustuta izan. Aurkakoa: Ia beterik edo beteta izan.   

Bere horretan jarraitzen badute. Nola jarraitu. Bere horretan, aldatu gabe alegia.  

Duela 20 urtekoak. Noizkoak? Orain dela 20 urtekoak. 

Gehiegi ustiatu. Probetxua atera, baina neurriz kanpo, beharrezkoa baino gehiago.  

Galerak daude. Galtzen ari dira.  

Dokumentalaz gain. Zerez gain? Dokumentala, eta gainera, beste zerbait ere bai. Dokumentala, eta gainera, ikerketa ere kritikatu dute.  

Kontu handiz kudeatu. Nola gestionatu: -z + aditza.  Arreta handiz kudeatu. Era berean:  ardura handiz zaindu, begirunez zaindu.   

Berreskuratzen hasi. Bere onera itzultzen hasi, lehen zuen egoerara alegia.   

 


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Netflixeko Seaspiracy izeneko dokumentalak debate sutsua piztu du arrantzaren inguruan. Seaspiracy izenburua hitz-joko bat da itsaso eta konspirazio hitzetatik abiatuta, ingelesez. Eta Ali Trabizi dokumentalaren zuzendariaren hitzetan egungo arrantza-joerek bere horretan jarraitzen badute 2048rako ozeanoak ia hutsik izango ditugu.  

Datu horiek, edo dokumentala egiteko datu horiek 2006an egindako ikerketa batean oinarritu dira. Baina gauzak asko aldatu dira, eta hor sortu da debatea. Kanadako Dalhousie Universityko Boris Worm da 2006ko ikerketaren egile nagusia. Hark dio datu horiek duela 20 urtekoak direla gutxi-gorabehera eta geroztik asko aldatu dela arrantza. Badira gehiegi ustiatu, ustiatutako espezieak, noski. Harrapatu behar ez diren espezieak ere bai harrapatzen dira, hainbat habitaten galerak daude… Kutsadura, eta klimaren aldaketaren ondorioak, noski. Hala ere –dio Wormek– gaur egungo egoera ez da 2006ko egoera bera. Ahalegin handiak egiten ari dira arlo askotan jasangarritasuna lortzeko, eta emaitzak lortzen hasi dira. 

Dokumentala bera, bueno, dokumentalaz gain 2006ko ikerketa bera kritikatu izan dute arrantzaren sektorea ikertzen duten zientzialariek eta beste aditu batzuek. Errealak ez ziren ondorioak ateratzen zituzten ikerketaren egileek, garai hartan, 2006an. Hau da, datuek esaten ez dutena ere ondorioztatzen zuten. Zientzialariek diote gehiegizko arrantza benetakoa dela, munduko hainbat tokitan, noski! Eta arazo bat dela gaur egun. Baina beste toki askotan kontu handiz kudeatzen dela arrantza eta ondorioz, stockak berreskuratzen hasi direla. Azkenean adituek salatzen dute Seaspiracy dokumentalaren sentsazionalismoa eta benetan dagoen arazo bat errealista ez den modu batean erakustea.    

B1
2021-05-10
28225252
00:02:15
1111