detalle dokuteka-generico-fitxa

Xabier Mendiguren Elizegi: "Nire pertsonaiek strip-tease emozional osoa egiten dute"

Bihotz gosetien kluba-ren (Elkar 2005) ondoren, beste ipuin bilduma bat idatzi du Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964): Arima enkoniatuak. Lau ipuin luze bildu ditu bertan eta, aurreko ipuinekin konparatuz gero, tonua aldatu egin duela ohartuko da irakurlea. Aurreko liburuko tonu jostalaria alde batera utzi —han-hemenka umore-ukituak sartzeari uko egin gabe—, eta istorio sentimentalak kontatzera jo du, pertsonen barrenean arakatzera, biluztera, isiltzen direnak ozenki esatera. Guztiz lotsarik gabe idatzi dituen ipuin hauetan pertsonaia emakumezkoak sortzen eta haien barruan sartzen saiatu da idazlea. Azken helburua, irakurlearen ariman kili-kilia sortaraztea.

Lau ipuin luzek osatzen dute "Arima enkoniatuak" liburua. Has gaitezen izenburutik. Zergatik "Arima enkoniatuak"?
Hiztegian datorren hitza da "enkoniatu", sumindu eta tristatu adierekin. Ipuin hauek bigarren esanahi horrekin lukete lotura, malenkoniaren zentzuan edo. Horrez gain, hitz joko gaiztoagoetarako bidea irekitzen du, noski, baina hor norberaren kontzientziak edo maleziak agintzen du.

Biluzik ageri dira protagonistak ipuin hauetan, ezin aitortuzko desio guztiak agerian utziz. Ez dute lotsarik agertzen. Lotsarik gabe idaztera behartu zaitu honek? Nola sentitu zara idatzi bitartean?
Guztiz lotsarik gabe aritu naiz ipuinok idaztean, eta uste dut hori dela liburuaren ezaugarri nagusia. "Inpudiko" hitza datorkit gogora. Oro har, gorputza nahiz sentimenduak erakusteak sortzen ahal digute herabetasun hori, bigarrenak gehiago lehenak baino. Bada, nire pertsonaiek strip-tease emozional osoa egiten dute, eta batzuek gorputzarena ere bai. Erregistro-aldaketa bat ekarri dit honek, ni izatez aski herabea bainaiz kontu horietarako. Bestalde, eta horrekin loturik, pertsonaia emakumezkoak sortzen eta haien barruan sartzen saiatu naiz; lagun batek aipatu dit, adarra joz, ea nire alderdi femeninoa askatu dudan edo; ez dakit hala den baina, dena dela, gustura aritu naiz langintza horretan eta pozik nago emaitzarekin.

Ezin aitortuzko pentsamenduak, harreman debekatuak, desioak bultzatutako ekintzak, zoritxarreko erakarpenak ... Konfliktorik gabe eta ezintasuna agertu gabe, nekez idatzi daiteke ipuin bat?
Nik behintzat ez dakit, eta jakinda ere ze interes izango luke? Ez da oso originala halakoetan Orson Welles aipatzea, baina pasadizoa ezagutzen ez duen bakarren bat izango da irakurleen artean. "Hirugarren gizona" filmatzen ari zirela, Graham Greeneren gidoian ez zegoen esaldi bat erantsi zuen Wellesek bere pertsonaiarentzat. Lagun batek bere azio txarrak leporatzen dizkio, eta berak ihardesten Borgiatarren Italian gerrak, pozoiketak eta eskandaluak zirela nagusi, baina aldi berean loratu zirela Leonardo, Rafael edo Michelangelo; suitzarrek, aldiz, bost mendeko demokrazia eta bakea izan dutela, eta aldi luze horretan ekarpen bakarra egin diotela munduari: ku-ku erlojua.

Harreman debekatu horien artean, ipuin batean baino gehiagotan agertzen da adin ezberdinetako pertsonen arteko harremana, gizon heldu eta neska gaztearen artekoa.
Irrika bete ezinaren aldaera bat besterik ez da. Batek nahi du, besteak ez. Adinaren tartea bezalaxe aipa nezakeen itsustasun gaindiezin bat. Ederra eta piztiaren mito ezaguna, adibidez. Jokoa ematen diguna da ezintasuna ez dela erabatekoa, teorian bederen, eta pasioa sufritzen duenak beti eusten diola esperantza-izpi bati, oharkabean edo ohartuki.

Muturren elkartzea
Muturretara jo duzu. Egoera limiteak bizitzera behartu dituzu pertsonaiak kasu askotan (beherakoak jota dagoen neska gogoratzen dut, adibidez), baina lerro batzuk aurrerago, sentiberatasunez beteriko egoerak marrazten dituzu. Zer dela eta mutur batetik bestera joate hori?
Ez da kontzientea izan, baina, pentsatzen jarrita, muturren elkartze hori amodioaren bereizgarria izan liteke: ez dago maitearen gorputza baino gauza sublimeagorik, miresgarriagorik, eta mireste horrek eskatologiaraino eraman gaitzake. Pasioak bihurtzen du desiragarri bestela higuingarri  izan zitekeena.

"Askotan ez dakigu oso ondo zer nahi dugun". Liburuko azken ipuineko pertsonaia batek esandakoa da. Zure ipuinetako pertsonaia asko egoera horretan agertzen dira. Lehen ipuineko ikasleak, adibidez, ez daki oso ondo zer nahi duen. Pixka bat galduta daude ipuinetako pertsonaiak.
Zer nahi dugun oso ondo bageneki, egoera bakoitzaren on-gaitzak neurtu eta erabaki onuragarriena hartuko genuke. Baina, kontraesankorrak gara, inperfektuak gara, eta eskerrak. Nire pertsonaiak ere halakoxeak dira, beren nahien eta besteen desiren artean igeri, biktima eta borrero aldi berean. Baina tira, ez dago gauzak horren modu tragikoan hartu beharrik. Istorio hauek komediatxoak izan litezke hala begiratu nahi izanez gero; dramak ere bai nahi bada, baina drama koxkorrak nolanahi ere.

Aurreko liburua ere ipuinena izan zen. Zein ezberdintasun dago "Bihotz gosetien kluba" liburuko ipuinen eta hauen artean?
Ba, oraintxe aipatu dizudan drama-komedia joko hori. Izatez, joera handia dut ironia erabiltzeko nire kontakizunetan, eta hori zen tonu orokorra "Bihotz gosetietan" ("Trip", kartzelako bisitaren ipuina zen salbuespena: bildumako ipuin politiko bakarra eta bera dramatiko samarra: serio eta hunkigarria). Hemen, berriz, alde batera utzi dut tonu jostalaria, han-hemenka umore-ukituak sartzeari uko ezin egin arren, eta istorio sentimentalak kontatzera jo dut, pertsonen barrenean arakatzera, biluztera, isiltzen direnak ozenki esatera, eta hor umore-doinuak ez zuen hain ondo ematen. Kasualitateak zer diren: bilduma honetan ere bada politika-ukitua daukan ipuin bat, "Hankapalo", eta horixe da ironia eta zinismoa agertzen diren istorio bakarra.

Saiakeratik fikziora bueltatu zinen zure azken liburuarekin. Orain berriro idatzi dituzu ipuinak. Hurrengoa zer izango da?
Nobelarako ideiarekin nabil. Ea noiz hartzen dudan patxada eta ekiten diodan.

Portadak zeresana emango du. Nondik nora aukeratu duzu marrazki hori?
Leopoldo Ferran pintore irundarraren margolan bat da. Koadro originala nire lagun Markos Zapiain eta Arrate Egañaren etxean dago; haien egongelan egon naizen bakoitzean, koadroari begiratu eta noizbait libururen baterako aprobetxatu behar nuela esaten nien. Eta oraintxe egokitu da. Irudi gordina da alde batetik, baina badu ukitu poetiko bat ere. Oso materiala izan arren, irreal eta abstraktua gerta liteke aldi berean; esperimentua egin nuen zenbait jenderi erakutsiz, eta ez ziren gutxi zer irudikatzen duen ikusten ez zutenak. Bestalde, nik uste oso ondo islatzen duela hasieran aipatu dizudan inpudikotasun hori: inola ere pornografikoa izan gabe, artegatasun moduko bat sortzen digu, eta nahi nuke ipuinen irakurketak ere halako kili-kili bat sortuko balu arima barrenean.

detalle2

Dokuteka

B2
2006-04-10

x61pRelaContWAR

  • Elkar ,
16514237

x61pViewCountWAR

2993

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR