Dokuteka
Sauna: osasuna izerdiaren bidez
Sauna Finlandian sortutako ohitura da, baina gaur egun mundu osora zabaldu da. Askok erabiltzen dute ongizate fisiko handiagoaz gozatzeko, edo eguneroko bizimoduak dakarzkien kezka eta ardurak ahazteko, edota erlaxazioa lortzeko.
Bi mila urte baino gehiago dituen ohitura zahar horren errituala apenas aldatu den: sauna bat, funtsean, egurrezko paretak dituen kabina bat da; bertan, tenperatura altuak lortzen dira ur-lurrunaren bidez, eta tenperatura horien eraginez pertsonak izerditu egiten du. Transpirazioari esker gorputzak toxinak kanporatzen ditu eta ongizate- eta lasaitasun-sentsazioa sortzen da.
Baina leku askotan sauna hitza argaltzeko metodoekin lotzen da; edota, okerrago dena, ospe edo izen txarreko emakume lirainez betetako lokalekin. Ez lotura batek, ez besteak ere, ez daukate inolako arrazoirik jatorrizko saunarekin. Izan ere, egia da gorputzak pisua galtzen duela saunan (500 gramotik 2 kilo eta erdira bitartean gal daitezke saioaren arabera), baina pisu hori 24 ordu baino lehen berreskuratzen da. Bigarren uste okerrari dagokionez, sauna eta sexua bi kontzeptu erabat diferente dira finlandiarrentzat. Ez dago sauna kolektibo mistorik, eta finlandiar batek ez luke sauna bat erabiliko sexu-kontuetarako, beraiek dioten bezala "leku egokiagoak badaude horretarako".
Finlandiako esaera zahar batek honela dio: "Saunan elizan bezala jokatu beharko duzu". Eta, bide horretatik, arreta handiz zaindu behar dira funtsezko arau batzuk. Sauna bat har daiteke bakarrik, famili giroan, lagunartean edo baita negozio-bilera baten barruan ere. Baina aurreneko araua sauna hartzeko behar adina denbora edukitzea da. Presa eta sauna ez dira elkarrekin ondo konpontzen.
Lurruna sortzeko harrien gainera ura bota ondoren, etzanda edo eserita egotea gomendatzen da, erlaxatuz eta izerdia botaz, baina ez hamabost minutu baino gehiago. Finlandiarrek gorputza urki-hostoekin igurtzi edo urki-adarrrekin jotzeko ohitura dute: horrela transpirazioa azkartu egiten da, eta aroma atsegina zabaltzen da sauna osoan barrena.
Saunaren bigarren zatia benetan ikusgarria da. Normalean, Finlandiako saunak lakuren baten ondoan edo itsasertzean kokatu ohi dira. Zergatik? Sauna hartzen duenak, lurrun-aretotik irten ondoren, dutxa ahalik eta hotzena hartzeko edota lakuan murgiltzeko ohitura duelako. Negu partean lakuak izotz-geruza batez estaliak egoten dira, baina horrek ez ditu batere kezkatzen bertako biztanleak: sauna hartu ondoren, izoztutako gainazalean zulo bat egiten dute eta barrura murgiltzen dira. Eta edonork pentsa dezakeenaren kontra, inpresioa ez da uste bezain ikaragarria. Bihotzetik sufritzen dutenek edo tentsioa altu samar dutenek ez lukete horrelakorik egin behar, baina pertsona osasuntsu batek ez dauka zertan beldurtu. Saunako berotasunak puska batean irauten du gorputzean, eta zeropeko 25 gradurainoko tenperaturak jasateko modua ematen dio gorputzari.
Gehiegizko transpirazioak dakarren egarri-sentsazioaz gain (fruta-zuku bat edo garagardo bat edatearekin berehala desagertuko da), bihotzeko erritmoa bizkortu eta giltzurrunen iraizpen-funtzioa hobetu egiten da. Horri gehitzen badiogu gorputzak nabaritzen duen erlaxazio-sentsazio atsegina, erraz uler daiteke zergatik esan izan den sauna dela estresaren kontrako erremediorik onena, eta zergatik jarraitzen duen hain garrantzitsua izaten finlandiar gehienentzat.
Saunaren ezaugarriak dira: bero lehorra (80 eta 100 ºC bitartekoa) eta hezetasun erlatibo oso baxua (% 15era iristen ez dena).
SAUNAREN MESEDEAK
- Sistema kardiobaskularrari eragiten dio. Tenperatura altuaren ondorioz, muskuluen metabolismoa gehitu eta bihotza indartu egiten da, beroak kapilarrak zabaldu eta erritmo kardiakoa bizkortzen duelako.
- Toxinak kanporatzen ditu. Poroak ireki eta azala zikinkeria eta ezpurutasunez garbitzen du. Izerdiaren bitartez gorputzak metal astunak (beruna, merkurioa, zinka, nikela, kadmioa, etab.), alkohola, nikotina eta gatza kanporatzen ditu, bestelako hondakinen artean.
- Arnasketa hobetzen du. Arnasbideak garbi mantentzen laguntzen du. Bronkioetan egon daitekeen mukia leundu egiten du. Katarroak edo hotzeriak jota bazaude, sauna-saio baten ondotik hobekuntza nabarmena sentituko duzu.
- Giltzaduretako gaitzak hobera egiten dute. Berotasunak, zirkulazioa hobetzeak, gorputzean jariatzen diren endorfinak eta giltzadura zurrunak berotzeak mina eta molestiak arintzen ditu. Gorputz beroa ez da hain sentibera minaren aurrean.
- Gorputza beste tratamenduetarako prestatzen du. Sauna baten ondotik, azala eta muskuluak egoera ezin hobean daude masaje-saio bat edota bestelako estetika-saioren bat (zelulitisa, obesitatea edo antzeko beste edozein arazoren kontrako terapia) hartzeko.
SAUNAREKIN HARTU BEHARREKO ARRETA-NEURRIAK
Gorputzak tenperatura altuak jasaten dituenez, bihotzeko erritmoa bikoiztu egiten da eta minutuko 70 taupadatik 140ra pasatzen da. Horregatik, sauna kontraindikatua dago adineko pertsonentzat, haurdun dauden emakumeentzat eta osasun-arazoak (hipertentsioa, kardiopatiak) dituzten pertsonentzat.
Ez da gomendatzen tentsio-arazoak edota barize-zainak dituzten pertsonentzat.
Sauna kontraindikatua dago dermatitisak edota basodilatazio-arazoak dituzten pazienteentzat.
Bronkioetako gaixotasun larriren bat, epilepsia, anorexia edo giltzurruneko kolikoak dituztenek ere baztertu egin beharko lituzkete sauna-saioak.
