detalle dokuteka-generico-fitxa

Perretxikoetarako garai berriak

Iazkoa denboraldi bikaina izan zen perretxiko zaleentzat, baina Nafarroara abiatu zen jende-andanak perretxikoak hartzeaz gain, kezka ekarri zuen. Ondorioz, masifikazioari aurre egin nahian, Ultzamako udalak erabaki bat hartu behar izan zuen. Horren arabera, irailaren 15etik aurrera, bertara gerturatzen direnek 5 eta 10 euro bitarteko kanona ordaindu beharko dute perretxikoak jasotzeagatik. Oraindik goizegi da jakiteko murrizketak arazoa konponduko ote duen, baina dagoeneko bazterrak nahasi ditu.

Perretxikotara joateko aldez aurretik ondo pentsatu beharra dago, Ultzama aldera hurbildu nahi duenak, behinik behin. Izan ere, joan den irailaren 15ean, indarrean jarri zen Ultzamako udalaren erabaki polemikoa. Horren arabera, perretxiko zaleek 5 eta 10 euro bitarteko kanona ordaindu beharko dute egun bakoitzeko. Saltzeko asmoa dutenei, berriz, garestixeago aterako zaie: 30 euro eguneko. Horrez gainera, onddo beltza biltzen dutenek, gehienez 10 kilo eraman ahal izango dituzte etxera. Gainerako espeziei dagokienez, 5 kiloko muga ezarri du udalak.

Bilketa murrizteko erabakia aspalditik dator. Javier Gomez Ultzamako udaleko mikologoaren esanetan, murrizteko proposamena duela lau urte ipini zuten mahai gainean. Iazko denboraldia, ordea, erabakigarria izan zen neurria martxan jartzeko. Udako tenperatura bero eta hezeei esker, inoiz baino perretxiko gehiago hazi zen eta asko izan ziren onddoen paradisuaz gozatu zirenak. "Datuak beldurgarriak dira: 15 egunetan, 20.000 lagun baino gehiago ibili ziren Ultzamako basoetan barrena eta 97 tona onddo beltz jaso zituzten", azaldu zuen Gomezek.  

Baina, perretxiko zaleek saskiak goraino betetzen zituzten bitartean, bizilagunak gero eta kezkatuago agertzen ziren. "Behin, 100 auto baino gehiago zenbatu nituen kilometro batean", zehaztu zuen mikologoak. Ondorioz, mendi-pista batzuk kaltetu egin ziren eta bertako bizilagunek eguneroko bizitza egiteko arazoak izan zituzten. Horiek izan ziren, besteak beste, jende-andanak eragin zituenak.

Denonak?
Masifikazioari aurre egiteko asmoz hartutako bilketa mugatzeko erabakiak hautsak harrotu ditu. Aurkariek salatzen dutenez, "perretxikoak denonak dira, erreketan arrantzatzen diren arrainak bezalaxe" eta ez dago zertan ordaindurik. Javier Gomezen esanetan, aldiz, mendiei buruzko lege berriaren arabera, perretxikoen jabetza lur-eremuaren jabearena da.

Ildo horretatik, Ultzamako mikologoak argi utzi nahi du neurriaren helburua zein den: "Gure helburua ez da dirua ateratzea edo perretxiko zaleen etorrera oztopatzea. Ultzamara etortzea nahi dugu, baina iazko gehiegikeriak mugatu nahi ditugu".

Murrizketak alde batera utzita, Ultzamako baliabide mikologikoak arautzeko proiektuaren arabera, zerbitzu ezberdinak jarri dira bisitarien eskura. "Perretxikoak jasotzeko baimenarekin zerbitzu ezberdinak erabili daitezke: eguerdiko 12.00etatik 14.00etara mikologo profesional batek aholkularitza emango du. Horrez gainera, perretxiko-bilduma bat egongo da erakusgai, jangarriak eta ez-jangarriak direnak ezagutzeko. Bestalde, sei basozain ibiliko dira inguruan dena ondo dagoela baieztatzeko", zehaztu zuen udaleko mikologoak.

Kontzientzia pizteko balioko ote?
Ultzamakoa esperientzia aitzindaria izango da Nafarroan. Estatu mailan, berriz, badu aurrekaririk. Sorian, esate baterako, badira lau urte murrizketak martxan jarri zirenetik. Eta, dirudienez, erantzuna oso positiboa izan da. "Ziur aski, neurriaren aplikazioa konplikatua izango da. Halere, epe luzera kontzientzia hartzeko baliagarria izango delakoan gaude", gaineratu zuen Gomezek. 

Izan ere, Ultzamako udalaren erabakia zorrotzegia dela uste dutenek ere, "masifikazioari aurre egin behar zaiola" aitortzen dute. Jose Manuel Lekuona Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologoa da. Neurriaren inguruan galdetuta, Lekuona eszeptiko xamarra da, baina arazoa konpontzeko lagungarria izan daitekeela dio: "Iazkoa ikusita, nolabaiteko murrizketa egitea ezinbestekoa da. Halaber, kanonak jartzeak ez dut uste arazoa konponduko duenik, baina egoera kontrolatzen lagunduko du".

Perretxikoak arriskuan
Hala ere, perretxikoen arpilatzeak asko kezkatzen du Lekuona. "Lehen, perretxikotara joaten zinenean, bost lagunekin topo egiten zenuen; orain, 500 ikusten dituzu. Ondorioz, basoa urratu eta ekosistemak hautsi egiten dira", azaltzen du. Mikologoa hareago doa eta egoera oso larria dela ohartarazten du. "Zerrenda bat osatzen ari gara perretxiko zaleek jakin dezaten zein perretxiko mota dagoen arriskuan". Zerrenda horretan 50 perretxiko mota jaso dituzte eta horietako bat ziza horia da. Dendetan sarritan ikusi dugun perretxiko goxoa gero eta zailagoa omen da basoan ikustea eta salmenta mugatzeko neurriak hartu beharko liratekeela uste dute adituek.

Pozoitzeei aurre egiteko
Bestalde, pozoitzeei aurre egiteko bilketak erabateko garrantzia duela azpimarratzen du Jose Manuel Lekuona mikologoak. "Perretxikoa osorik jaso behar da, bere ezaugarri guztiak aztertu ahal izateko. Horrez gainera, perretxikoaren kokalekua ere aintzat hartu behar da, horrek pista asko ematen dizkigulako". Izan ere, jangarri bakoitzak antzeko pozoia dauka eta kontuz ibili beharra dago. Zentzu horretan, mikologoak esandakoaren arabera, Euskadiko intoxikazio kopurua oso baxua da, perretxikoen kultura oso zabaldua dagoelako. Halere, zalantzarik izan ezkero, adituei galdetzea eta liburuetan kontsultatzea ezinbestekoa da jaki goxoaz disfrutatu baino lehen.

x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

B2
2007-09-21

x61pRelaContWAR

  • Prado (Kazeta5), Oihana
16506477

x61pViewCountWAR

5434

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR