Miren Arzallus: "Kristobal Balenziagaren lanak eragina du gaur egungo modan"

Kristobal Balenziaga historiako jostun eta diseinatzailerik garrantzitsuenetako bat da: lan eskerga eginez, iraultza ekarri zuen modaren mundura eta bere lanek oraindik ere eragin handia dute gaur egungo modan. Balenziaga getariarra zen jaiotzez eta Euskal Herrian bizi izan zen, 42 urterekin Parisera joan zen arte. Miren Arzallus historialariak Kristobal Balenziaga, maisuaren eratzea liburua idatzi du eta Nerea argitaletxeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu dute.

Historia eta moda, biak oso gustuko dituzu aspalditik...
Bai. Historia ikasi nuen eta gero Londresen, politika. Han, Erresuma Batuan, Modaren historiaren gaineko master baten berri izan nuen. Orduan konturatu nintzen hura zela nire pasioa eta 2003an Balenziagaren gaineko tesina egitea erabaki nuen. Londresko museo batzuetan eta modan espezializatutako enkante-etxe batean ere lan egin nuen, baina, halako batean, nire bidea beste bat zela ulertu eta Euskal Herrira bueltatu nintzen Balenziagari buruz gehiago ikertzera.

Zure obsesio bihurtu al da Balenziaga?
(Barre) Pixka bat, bai. Kristobal Balenziagaren senideek esaten didate idealizatu egin dudala, baina niretzat gizon izugarria izan zen. Modaren historia asko gustatzen zait eta Balenziaga une honetan nire bizitzan oso garrantzitsua bada ere, modaren historiaren gaineko beste alor batzuk ere landu nahi ditut.

Egia al da Balenziagari buruz ikertzera gehien bultzatu zintuena Euskal Herrian pertsonaia ezezaguna izatea izan zela?
Neurri batean, bai. Balenziaga izen handiko sortzailea da mundu mailan, eta bere lanek gaur egun egiten den modan izugarrizko eragina izan dute. Londresen atzeman nuen bere benetako dimentsioa zein zen, baina baita berari buruz dagoen ezjakintasuna handia dela. Horrek eraman ninduen liburu hau idaztera.

Balenziagari oso elkarrizketa gutxi egin zizkioten eta egindako azkena da, seguruenik, aipagarrienetako bat. Nork egin zion eta zergatik?
Bai, hala da; gainera, azken elkarrizketa hau ez zen modako aldizkari batean argitaratu, Britainia Handiko The Times aldizkarian baizik. Prudence Glynnek egin zion, 1972an, Kristobal hil zen urte berean. Bere buruari buruz hitz egin zuen aldi bakarrenetakoa izan zen eta elkarrizketan zehar bere hasierako urteei buruzko erreferentzia ugari egin zituen: bere heziketa, bere lehenengo borroka, jostun eta diseinatzaile izan nahi zuela... Esaten zuen bizitza osoan lana besterik ez zuela egin, eta luxua alde batera utzita, jostunen bizimodua latza dela.



Bera oso diskretua zen, baita bere ingurua ere. Hori horrela izanda, nondik lortu duzu informazioa?
Zaila izan da. Artxiboetan eta hemeroteketan lan handia egin behar izan dut: Getarian, Donostian, Parisen... eta bere lagun eta kolaboratzaile batzuek pistak eman dizkidate. Guztia batuta osatu dut puzzlea.

Nolakoa zen Kristobal Balenziaga?

Parisen zioten tipo arraro eta misteriotsua zela, ez zela jaietara joaten, lana besterik ez zuela egiten eta oso zorrotza zela. Langileek, berriz, oso ondo hitz egiten zuten berari buruz. Hala, gizon umila eta hurbila zela zioten. Antzinako altzairuak eta margolanen bildumak egiten zituen, antigoaleko azokatara joaten zen...

Zer esango luke berak berari buruzko kontuak jasotzen ari zarela jakingo balu?
Hori pentsatzen dudan bakoitzean, beldurtu egiten naiz, oso zorrotza zelako eta bere buruaz hitz egitea gustatzen ez zitzaiolako. Seguruenik, ez luke gustuko izango, baina errespetuz egindako lana denez, onartuko lukeela uste dut.



Balenziagak oso harreman estua izan omen zuen bere amarekin...
Bai. Ama oso garrantzitsua izan zen beretzat, oso harreman estua zutelako eta hari esker hasi zelako joskintzan. Oporrak Getarian igarotzen zituen Casa Torresko familia aristokratikoa ezagutu zuen. Oso aberatsa zen sendia, goi-mailako moda kontsumitzen zuen eta hala, Kristobalek umetatik ikusi eta ikasi zuen hori guztia.

Desmitifikatu egin al duzu mitoa?
Zenbat eta gehiago aztertu, orduan eta hobeto interpretatu dezakegu pertsona bera eta bere lana. Beharbada, norbaitek pentsatuko du interesgarriagoa dela esatea Getariako umetxo bat Parisera heldu eta bat-batean izugarrizko jostun bihurtu zela. Oso ona zen bere lanean, baina asko ikasi behar izan zuen eta oso une gogorrak bizi izan zituen.

Garaiko beste moda diseinatzaile batzuek esaten zuten Kristobal zela benetan lanbidea zekien bakarra...
Bai. Channelek esaten zuen Balenziaga zela jostun bakarra, prozesu osoa menderatzen zuelako: diseinatu, josi, patroia egin, muntatu, bukatu, probak egin... Gehienak diseinatzaile ziren eta ez zuten teknika menderatzen. Diorrek ere, bere urrezko urteetan, 50eko hamarkadan, Sorbonan egindako hitzaldietan joskintzaren alorra orkestra handi bat bezala deskribatu zuen eta zuzendaria Kristobal Balenziaga zela esan zuen. Diseinatzaile horiek zuten egoa kontuan hartuta, hitz horiek garrantzi handia dute. Guztiek errespetatzen zuten Balenziaga eta autoritate bat zela onartzen zuten.

Aristokraziako jende asko janzten zuen, baita Espainiako errege-erreginak eta Francoren emazte eta alaba ere. Ba al dago jakiterik zer pentsaera politiko zeukan?
Ez, ez dakigu ezer. Alde batetik, 1936an alde egin eta ez zen geroztik Espainiara bueltatu, baina aldi berean Donostian, Madrilen eta Bartzelonan dendak ireki zituen.

Egia al da bere Getariako familia oso umila zela?
Langile-jendea zen. Oso pobreak zirela esan izan da, baina ez zen horrenbesterako. Balenziagaren aita alkate izan zen birritan eta portu-aduanarako lan egiten zuen.

Zertan lagundu zion Vladzio Jaworoskik? Bere bikotekidea zen, ezta?

Bai, ez zuten inoiz publiko egin, baina antza denez, bikotea osatzen zuten. Vladzioren familia aristokratikoa zen eta kontaktu asko zituen. Gainera, klase eta gustu handia zuen. Horrek erabateko eragin positiboa izan zuen Kristobalengan eta horretaz gain, jende asko ezagutzen zuen Parisen.


B1
2011-02-15
  • Barandiaran (Arteman), Iker
  • Arantzabal (argazkiak) , Josetxo
16497794
8993