detalle dokuteka-generico-fitxa

Ura sinesmen zaharretan

Uda haserako festetan urak izan duen garrantzia mabarmenduko du Jose Mari Satrustegi etnografo ezagunak. Ura garbitzailea da eta honela erabili da zentzu zabalenean.

Azalpenekin batera, istorio bitxi bat kontatuko du.
Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria. Etor gaitezen berriro San Joan eguneko ohituretara. Lehen esan dugu sua eta ura direla antzinako gizon-emakumeentzat garbitzaileak. Urari lotutako ohitura zahar ugari gorde da gaurdaino, ezta, Jose Mari Satrustegi?  

Jose Mari Satrustegi etnografoa. Bai, eta era askotakoak. Har dezagun horren abiapuntua, nondik hartzen duen uraren jokabide hau pertsonak. Ikusten du uretan garbitzen direla soinekoak, gorputza bera, ontziak… Orduan, ura garbitzailea da. Besterik gabe: hori egunero erabiltzen du.  

Baina, denbora berean, garbitasunarekin kutsua duten beste gauza guztiak txertatzen zaizkio urari. Adibidez, jo dezagun sorginkerietara: begizkora. Edo kaltegarria izan daitekeen beste eragin txarreko edozein gauzatara. Eta zu konturatuko zara ura, isipu antzean, bazter guztietan erabili dela. Joaldunek, Zubieta eta Iturenen…  

Esataria. Bai. Bai. Bai. 

Jose Mari Satrustegi. Zuk ikusiko duzu eskuan eramaten dutela isipu (isats, buztan) antzekoa… 

Esataria. Bai. Egia da. 

Jose Mari Satrustegi. …halako, zaldiaren buztanarekin egindako zerbait bezala. Eraginez-eraginez, alorretan eta dabiltzan lekuan: garbitzailea da hori. Alorretan eta berek dituzten ereintza-lekuetan eta abar. Egon daitezkeen mamutzar eta indar txar guzien garbitzaile da. Zuk kontuan har ezazu Elizak berak antzinako ohitura horretatik hartua duela urez zipriztintzea isipuaren bidez beren bedeinkapenak eta abar.  

Esataria. Arrazoi duzu, bai.  

Jose Mari Satrustegi. Orduan, alderdi horretatik, bilatu ditzakegu nahi bat, nahi hainbat adibide, eguneroko bizi arruntean ere bai. Adibidez, nik jasoa dut Luzaiden gertakizun bat oso polita. Etxekoandre batek esaten zidan, Espainian gerraondoan gertatua da, bere ahizpa gazteena ateratzen hasi zela mutil batekin, Ezterenzubiko edo Eiheralarreko mutil batekin. Eta mutilak esan zion, ba, bazuela etxalde bat, bazituela abereak, bazituela lur batzuk… Baina neskari ez zitzaion  gehiegi axolarik horrengatik. Mutila gustatu zitzaion eta hasi ziren ateratzen. Eta nahiko denbora luzean atera omen ziren biak. Baina, egun batez, neskaren gurasoak kezkati zeuden zerbait arraro ikusten zutelako. Eta esan omen zioten alabari : “Aizan, urratsa eman baino lehen, hobe dun gauza segurtatzea. Eta hau ikusi behar dinagu, zertan den hire etorkizuna gizon horren baitan”. Eta joan ziren hark esan zuen tokira, eta emakume horrek esaten zidan han ez zegoela, ba, harri-kozkor, malkar eta horrelakoa besterik. Esan zuen, abere bakarrak bi adar gora dituzten, ba, karakolak zirela. Hark ez zuela ezer. Eta orduan esan zioten neskari: “Ikus ezan, baina gauzak ez ditun hala. Hau eta hau eta hau gertatzen dun”. Eta orduan neskatoak esan omen zuen: “Bueno, ni gauzengatik maite nuen eta ezkonduko nintzen, baina gezurra ez dut barkatzen”. Eta erabaki zuen alde batera uztea mutila. Esan dugu aurreratuak zirela eta eraztuna emana zion neskari. Donibane Garazin astelehenetan izaten dira feriak.  

Esataria. Bai.  

Jose Mari Satrustegi. Eta han bildu ziren, eta esan zion mutilari: “Aizu, zuk ez duzu fin jokatu nirekin. Gezurra, alegia, niretzat gauza larria da. Eta hau, eta hau eta hau gertatzen da. Beraz, ez konta gehiago nirekin”.  Eta eman nahi izan zion eraztuna. Kendu zuen… 

Esataria. Itzuli.  

Jose Mari Satrustegi. Itzuli. Eritik (behatzetik) kendu eta eman nahi izan zion eraztuna. Eta mutilak ez zion hartu. Esan zion: “Hago, gorde ezan instant bat”. Eta orduan joan ziren Donibane Garaziko zubi gainera, elizatik beste aldera igarotzen den harri gorrizko zubi eder horren gainera. Eta ukitu gabe mutilak eraztuna, esan zion: “Bota uretara”. Urak etet(z)en du aurreko bizi, bien arteko bizi osoa. Elkar ezagutu ez balute bezala gelditzen da.  

Esataria. A, bai? 

Jose Mari Satrustegi. Bai. Mutilak ez zuen ukitu  eraztuna. Eta orduan esan zion mutilak neskari: “Eta momentu honetan nik hiretzat dudan [ditudan] asmo eta gogoak betetzen badira oso bizi txarraren aurrean aurkituko haiz”. Eta hau izan zen mendekua, bengantza. Orduan neska larritu zen eta joan zen argi  bat erostera, argizaria. Argizari hori erosi zuen, Donibane Garazin bertan, eta joan zen Uharteko elizara. Elkar ukitzen daude Donibane Garazi eta Uharte,  eta elizara eraman zuen, eta han badago aldare bat, hain zuzen, jendeak horretarako argiak eramaten dituena. Eta bihurritu zuen argizari hori, eta esaera hau bakarrik aipatu zuen: “Hik niri opatua, itzul bedi hiretzat”. Eta jarri zuen argia pizturik.  

Eta emakume horrek esaten zidan: “Hala bada, ez bada nik gauza bat esango dizut. Gure ahizpari ongi joan zaio –nik ezagutzen dut–. Baina mutilarena, ja ez du egun bat onik izan, e!”                               

x61pRelaContWAR

detalle2

Dokuteka

B2
2001-07-01

x61pRelaContWAR

16430178
0:05:21

x61pViewCountWAR

2461

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR