Dokuteka
Eskupekoa uztea edo jasotzea gustatzen?
Zer egin eskupekoarekin tokiko ohiturak ezagutzen ez dituzunean?
Horra hor koska!: jatetxeetan-eta eskupekoa utzi ala ez utzi? Bidaiariak ez baditu ezagutzen joaten den tokiko ohiturak, estuasun bat baino gehiago izan dezake ordaintzeko orduan. Adibidez, ordura arte oso jatorra izan den maître batek, frantsesez, hotz-hotz esaten badu: “Monsieur, le service n’est pas compris”. Edo eskupekoa utzi ondoren… nola jakin ontzat hartuko duen kopurua, edo iraintzat? Nola jakin gehiegi, nahikoa edo zuhurkeria hutsa den?
Artista izan behar asmatzeko
Japonen “eskerrik asko janarengatik” esatea nahikoa da ondo geratzeko. Artea da eskupekoa ematen jakitea, kontu handiz egin behar den zerbait, tokian tokiko ohiturak ezagutzea eskatzen duena. Eta gehienok ez dugu ezagutza hori. Mexikon, adibidez, xuhurtzat jotzen gaituzte, eskupekoa ematen batere eskuzabalak ez garelako. Benetan al gara hain xuhurrak? Enrique Rangel mexikarra da, Erribera Mayako turismo-gune bateko zerbitzari ohia, eta xuhur-ospe horretaz hauxe dio: “Soldata oso txikiak direnez, Mexikoko ostalaritzako langileentzat eskupekoek garrantzi handia dute, oso handia. Beraz, ohitura izaten da ordaindu beharrekoari %15-20 gehitzea eskupekorako. Cancunera doazen askok ez dute ohitura hori ezagutzen, eta euro bat edo bi uzten dituzte”.
Skyscanner interneten hegaldiak aurkitzeko bilatzaile bat da, eta iaz inkesta bat egin zuen. Inkestaren arabera, espainiarrak dira xuhurrenak. Baina ez errusiarrak, alemaniarrak, estatubatuarrak, britainiarrak edo frantziarrak bezain zakarrak.
Alde handiak eskupekotik eskupekora
Herrialde batean eman eskupekoa edo beste batean, desberdintasun izugarria izan daiteke. Japonen zerbitzari bati ematen badiozu, seguruena atzetik jarraituko dizu kaleraino, zuri itzultzeko asmoz. Eta Brooklyngo (New York) diner horietako batean ere atzetik jarraituko dizute, baina eskupekoa eskatzeko, eta paretan zintzilik duten esaldia seinalatuko dizute:”Tipping is not a city in China”: Tipiping (eskupekoa) ez da Txinako hiri bat.
Tipping hori oso gauza serioa da Estatu Batuetan. Ordaindu behar denari %15-20 gehitu, eta hori eman gabe jatetxetik joatea ez zaie burutik pasatzen. Eta zalantza izanez gero, galdetzea da onena: “tippigna barne al da?”,“Is the tipping included?” Zerbitzua negargarria izan bada, ez utzi ezer, baina zure xuhurkeria arrazoitzen hasi beharko duzu. Taxietan ere ohikoa da ordaindu beharrekoari %10-15 bat gehitzea.
