Dokuteka
Ligatzeko modurik onena
Uda bero, ez ero! izeneko programa abiatu dute EHUko Psikologia fakultatean. Programa horrekin lotutako gaiez jardun dute berriketan Aitor Aritzeta psikologoarekin Euskadi Irratiko Faktorian. Besteak beste, ligatzerakoan zer den garrantzitsunea azaldu du psikologoak.
GAIA AZALTZEKO ESALDIAK:
• Garrantzitsuena da begiradarekin ze adierazten duzun.
• Besteen maitasunaren mende bizitzeak gatibu egiten gaitu.
• Eder sentitzea ondo dago, baina hori apaingarri bat da, ez da nahikoa ligatzeko.
• Ezetzak ez du esan nahi pertsona gisara baztertu zaituenik.
• Geure burua onartzen ikasi behar dugu.
• Gure antzekoak diren pertsonek erakartzen gaituzte gehiago.
• Ligatzea ekintza komunikatibo bat da.
• Ligatzeko modurik onena da norbere buruarekin ondo sentitzea.
ESATARIA 1. Nola ematen dira lehendabiziko pausuak, Aitor? Nola hasi norbait kortejatzen, ligatzen?
PSIKOLOGOA. Bueno, ba, begira, guk ikusi dugu aztertu ditugun teoria desberdinetan begirada dela, begirada dela garrantzitsuenetakoa.
ESATARIA 1. Begirada.
PSIKOLOGOA. Nola begiratzen den. Eta, noski, da lehenengo kontaktua, e? Ba, zure gustukoa izan daitekeen pertsona bati nola begiratzen diozun, eta zer transmititzen diozun begiradarekin. Bai? Ba, hori, erraza ematen duena ez da hainbeste. Ze nola begiratzen dugun badu zerikusia nor garenarekin. Eta guk horretan egiten dugu lana. Alegia, gure programan laguntzen dugu pertsonek ikasi dezatela nola begiratzen duten, baina aurrena barrura begiratu behar dute. Ze ligatzeko modu onena izaten da norbera bere buruarekin ondo egotea. Eta zuk zure burua maitatzen baduzu, pertsonentzako erakargarriagoa bihurtzen zara. Eta ligatze-prozesua, kortejatzea, komunikazio-ekintza bat da, eta komunikazio bat ez da existitzen bi parteak ez badira.
Gustatzen zaigu maitatuak izatea, gure autoestimurentzat da izugarria. Guapo jartzen gara, guapa jartzen gara. Aizu, erakargarria sentitzea ona da, baina hori da parte bat bakarrik. Zu bizi bazara besteen maitasunaren menpe, horren beharraren menpe bizi zara, beraz, gatibu bihurtzen zara, eta azkenean sortzen dituzu harreman ez oso osasuntsuak. Dominatzailea eta dominatuaren rolak errepikatzen dituzu. Orduan, funtsezkoa da norberak bere burua ondo ezagutzea, eta benetan kontaktatzea zuk nahi duzunarekin.
Gure hipotesia oso erraza da. Adibide oso sinplea jarriko dut. Denok gara zuhaitz. Baina egurretako zuhaitza, denok jartzen ditugu apaingarri asko. Apaingarri bat eta apaingarri batzuk izaten dira “bai, ze indartsua naizen, zein guapoa naizen, eta nik hemen mundua jango dut eta”… . Beste apaingarri batzuk dira “a ze printzesa ederra naizen, zein guapa naizen, eta erakargarria”… O sea, apaingarriak apaingarriak dira, eta gure helburua da pixka bat gure apaingarri horiek identifikatu, kendu, eta bakoitzak den zuhaitza onartu, eta hortik harremandu besteekin. Ze teoriak esaten du, bai, erakargarri fisiko batzuk erakartzen gaituzte, hori garbi dago, ez?: simetria, gorputza ez dakit zer! Eta bueno, historian zehar zerk erakartzen (gaituen). Baina normalean badakigu gure antzeko pertsonek erakartzen gaituztela gehiago. Guretzat onak diren trebetasunak eta balioak eta gaitasunak, antzekoak diren pertsonek erakartzen gaituztela gehiago. Eta horiek existitzen dira; edo hori badakigu. Orduan, funtsezkoa da zeure buruari tranparik ez egitea.
ESATARIA 1. Hemen entzule batek galdera egin du. Zer dela-eta erakartzen gaituzte gehiago pertsona gaizto eta bihurriek formalek, zintzoek baino?
PSIKOLOGOA. Seguruenik badaude hor elementu batzuk. Lehenago aipatu dut: gure antza duten pertsonak, edo gu nahi duguna izan eta ez garena konpentsa dezakeen pertsona batek igual erakartzen gaitu. Baina ni ez nago ados baieztapen horrekin.
ESATARIA 2. Asko egongo dira pentsatzen “ai, ni lotsati naiz, ba!”. Zer egingo dut nire lotsa pixka bat, nire lotsa gainditzeko ligatzerako orduan?
PSIKOLOGOA. Bueno, lotsa emozio sozial normala da, denok daukagun emozio bat da. Gertatzen dena da, ba, batzuetan pertsonak sentitzen direla… ez dakigula desberdintzen pertsona eta jokabidea. Programa honetan ere lantzen dugu ezetza nola landu. Zu saiatzen zara baten batekin ligatzen eta…
ESATARIA 1. Kalabazak, alegia!
PSIKOLOGOA. Kalabazak. Hori da. Nola landu kalabazak?
ESATARIA 1. Frakaso hori, ez esatea, gainetik kentzeko.
PSIKOLOGOA. Bai, eta klaro, noski, autoestiman min hartzen dugu, eta gure autokontzeptua, nor gara gu?: besteengandik ez maitatuak… Ez. Gauza bat da portaera: pertsona horren askatasuna ezetz esateko, eta zure jokabide baten aurrean ezetz esatea; baina horrek ez du esan nahi zu pertsona bezala baztertu egin zaituenik, ze zu pertsona bezala askoz ere gehiago zara, bale? Orduan, lotsa gainditu daiteke? Bueno, zaila da. Lotsa oso emozio konplexua da eta beti sentitzen gara lotsatuta besteen begiradapean, ez? Eta orduan, bueno, hor egin behar duguna da, berriz ere bestearen begirada hain gogorra ez izateko, nik nire buruari begiratzen ikasi, eta nik neure burua onartzen ikasi, naizen moduan, bestearen begirada hain garrantzitsua ez izateko. Baina hori ez da erraza, e?
