Duela 18.000 urteko altxorra Praileaitzen

2005. urtean Aranzadi Zientzia Elkarteak duela 15.500 urteko hainbat lepoko aurkitu zituen Debako Praileaitz leizean.

Xabier Peñalver arkeologoaren lantaldeak Praileaitz kobazuloan aurkitutako altxorra Goi Paleolitoko Madaleine aldiko tresnak dira guztiak, duela 18.000 urte ingurukoak: "Europa osoan ez da horrelakorik inoiz aurkitu".

 

Dekoratutako hainbat lepokok eta venus batek osatzen dute Xabier Peñalver arkeologoaren lantaldeak Praileaitz kobazuloan aurkitutako altxorraren zatirik ikusgarriena. Goi Paleolitoko Madaleine aldiko tresnak dira guztiak, duela 18.000 urte ingurukoak. Xabier Peñalverren hitzetan, "Europa osoan ez da horrelakorik inoiz aurkitu". Beraz, Ekain eta Leze-Txikirekin batera, Praile Aitzeko kobazulo txikia Euskal Herriko historiaurreko santutegien artean sartu beharko da.

 

Santutegi hitza ondo baino hobeto datorkio Praileaitzeko aztarnategiari, erritoetarako erabiltzen zutela uste baita. "Ekain, Altamira eta horrelakoak jendearen bizileku izan ziren, baina, aztarnen arabera, esan daiteke hau erritoak egiteko erabiltzen zutela. Horregatik da garrantzitsua, desberdina delako". Lepokoak eta venusa ez ezik, arkeologoek sutondoa, harrizko jarlekua, harrikatza, silexez egindako lanabesak eta zulatutako basahuntz-hezurrak aurkitu dituzte, baita leundutako jarleku bat ere sutondoaren aurrean.

 

Xabier Peñalverren taldeak 2000. urtean ekin zion Praileaitz aztertzeari, premiaz ekin ere, kobazuloa lanean ari den harrobi batean baitago. Hasierako indusketen arabera, bazirudien kobazuloa Cro-Magnon talde baten bizilekua izango zela. Hasiera hartan, kobazuloaren sarreran aztarna ugari aurkitu zituzten, eta Cro-Magnonek ohitura zuten bizimodua kobazuloen inguru horietan egiteko. Hezurrak aurkitu zituzten gehienbat, basahuntz-hezurrak, eta, horregatik, ikertzaileek ondorioztatu zuten hango bizidunak ehiztariak zirela eta basahuntzak harrapatzen zituztela. Noski, harrapatu eta gero, jan egingo zituzten eta kobazuloaren aurrealdean pilatu hondarrak. Errekara jaitsi eta itsasora joaten zirela ere badakigu arrastoengatik, arrainen hezurduren arrastoak ere aurkitu dituztelako.

 

Oraingo aurkikuntzek, bistan denez, aldatu egin dituzte hasierako uste haiek, eta, orain, bizilekutzat baino gehiago, guztiak bildu eta erritoak egiteko tokitzat jotzen dute.


Inguru bizia

Praileaitz Deba eta Mendaro artean kokatua dago, iristeko oso zaila den toki aldapatsu batean. Inguru hartan, Goi Paleolitoko kobazulo ugari aurkitu dira. Maldan bertan bazen Praileaitz II izeneko beste kobazulo bat, baina harrobiaren lanen ondorioz desagertu zen. Zuhaitzek saihestuko ez balute, Praileaitzetik bertatik Ermittia, Iruroin eta Langatxoko kobazuloak ikusiko lirateke.

 

Barandiaranek eta Aranzadik 1924 eta 1926 urteen artean aztertu zuten Ermittiako kobazuloa, eta material oso garrantzitsua berreskuratu zuten. Iruroin eta Langatxo 1990eko hamarkadan induskatu ziren, Praileaitz II bezala. Horrelako pilaketak adierazten du Debabarrena oso preziatua izan zela Goi Paleolitoko gizakientzat. Kontuan hartu behar da Madeleine aldia eta azken glaziazioa aldi berean gertatu zirela, eta, sasoi hartan, 1.000 metrotik gorako tokietan elurra kendu ere ez zuela egiten. Beraz, Cro-Magnonek babesa eskaintzen zuten bailarak bilatzen zituzten, altuera gutxikoak eta itsasotik gertu zeudenak. "Horrelako aztarnategien multzoa izatea da benetako altxorra, horrek nolabaiteko ikuspegi orokorra izaten laguntzen digulako". Izan ere, tresna eta material harrigarriak aurkitzetik haratago doa ikertzaileen asmoa, duela milaka urte inguru hauetan bizi zirenen ingurunea nolakoa zen eta haiek nola bizi ziren jakin nahi dute, batez ere.


B2
2005-10-03
16341290
3232