Dokuteka
Aitak
Aitaren egunaren aitzakian, aitak nola aldatu diren komentatzen du Arantxa Urretabizkaiak.
Bere ustez, gaurko aitak haurrez arduratzen dira, lehen ez bezala.
Arantxa Urretabizkaia.- Datorren asteartean, San Jose egunez, aitaren eguna ospatzen dugu. Badakit horrelako ospakizunek ez dutela harrera ona izaten jende askorengan, baina era honetako egunen bat justifikatua badago, hori aitaren eguna da. Izan ere, izugarrizko aldaketa ari da gertatzen aitengan eta gizarte osoari komeni zaio aldaketa hori sendotu eta bultzatzea.
Desagertzeko zorian dago duela hamarkada gutxi hain orokorra zen eredua: aita urrun eta zorrotzaren irudia, aita autoritas. Horren truke, gaurko aitak umeez arduratzen dira, are fisikoki: bainatzen dituzte, aldatzen dituzte arropa zikina, gozatzen dizkiete ezinegon fisikoak… hitz gutxitan: lehen ez zuten intimidadea dute neska-mutilekin.
Horrek ez du esan nahi eredu zaharra ordezkaririk gabe geratu denik, neronek ezagutzen dut 35 urteko aita bat alaba txikiarekin kalera ateratzen denean, lotsa sentitzen duena.
Hala ere, egingo nuke maioria aita berriaren alde dagoela eta horrek, nahitaez, aldatu egingo ditu gure umeak eta beraz, gizarte osoa.
Ospa dezagun, bada, aitaren eguna. Niri, behintzat, egun ospagarria iruditzen zait.
