Paul Fagoaga: "Gestaporentzat 43.619 zenbakia izan nintzen"

Sarako Paul Fagoaga Gestapok atzemandako mugalaria dugu mintza lagun. Lerro hauetan ageri den bezala, bizipen ugari kontatu dizkigu, batzuk mingarriak eta beste batzuk pozgarriak. Baina, denak gogoan ondo gordetakoak. Egun Kanbon bizi da Anje Duhalde kantariaren aitaginarreba den jaun hau.

HABE.- Bigarren Mundu-gerran mugalari bihurtu zinen, hots, jendea pasatzen zenuen mugatik Hegoaldera. Nork esanda?

PAUL FAGOAGA.- Ni Saran kamioiarekin ibilki nintzen harat eta honat. Baionan atzeman nuen lagun bat eta erran zidan ea nahi nuen lagundu: Sarako herrian jendea hartu eta Espainiara pasa. Nik baietz erantzun nion. Horrela, gauez jendea pasa eta egunez lanean segi nezakeen kamioiarekin. Hala ere, ez nintzen anitz ibili, zeren eta ni atxilotu egin baininduten. Alemanek bazuten espainiar bat Gestaporekin, Pedro Benazar. Hark gu denak saldu gintuen, mugalariak eta, Miarritzeko hotelean, Espainiara joateko geldituak. Lehendabizi atxilotu zituzten Miarritzekoak. Ni eta beste batzuk, bi egun gibelago; 1942an izan zen hau.

 

H.- Beraz, kamioiaren barnean pasatzen zenituen?

P.F.- Ez. Oinez. Kamioiarekin Miarritzetik heltzen ziren, adibidez, Mendibur eta Etchegaray txoferrekin, Senpere eta Azkain artean den zubi beltza erraten diotena arte. Eta handik Sarara joaten ziren.

 

H.- Ez al zinen salatarien beldur?

P.F.- Guk ez genuen pasatako jendearekin solas egiten. Bat aitzinean jarri, beste bat gibelean eta pasa behar genuen jendea bion tartean. Bidea behar zen ezagutu.

 

H.- Bidea bakarrik ez! Eta alemanak non zeuden?

P.F.- Bai, ziurrik. Larrungo kaskoan hil zuten saratar bat, Beñat Agerre Ezpeletako komisiondarraren anaia. Gu ez ginen Larrungo kaskotik pasatzen, pixka bat beheragotik, ordea.

 

H.- Nora eraman zintuzten preso?

P.F.- Bordelera. Egunez pixka bat korri ibiltzen ginen presoak, patioan, eta gero sar. Bizpahiru minutu uzten ziguten gure beharrak egiteko, eta gero barrura berriro. Ontzi batean ura bazen. Gure baxera behar bagenuen garbitu, eta denok ur harekin, ur berean, garbitzen genuen baxera. Hilabete baten buruan libre utzi gintuzten: tronpatu egin zirela erran ziguten.

 

400 metro lurpean lanean
 
H.- Eta berriz atxilotu zintuzten.

P.F.- Bai, Miarritzeko hotel batean hiru aste pasarazi, eta handik Bordelera berriz, bizpahiru hilabete. Handik 40 bat hilabeterako, Compiègnes-era, eta handik Alemaniara. Dena trena bete, ehun lagun bagoi bakoitzean; nirekin baziren hor goiko arotz bat, eta emaztea, semea eskapatu zen. Ama bai, baina aita ez zen itzuli Alemaniatik, 50 urte bazituen ordukoz. Alemaniara heldu ginelarik, trenaren zolan zuloa egin eta zenbait eskapatu egin zen. Ia denak biluzgorri zihoazen, eta zurezko hanka zuena, hura ere kendu. Eta gu ortutsik. Alemanian gelditu ginen edateko, eta heldu ginen Buchenwald-era. Baziren han erotuta zeudenak: haiek oihuka eta alemanak tiroka bagoietara. Azkenean jauzi ginen eta kontzentrazio-landara eraman gintuzten. Baziren ile-moztaileak makina elektrikoarekin dena mozten zutenak, buru eta zango, lagunak ere ez ezagutzeko gisan. Gero ontzi handi bat bazen ur beltz batekin: ur beltz hura gu desinfektatzeko zen, eta behar zen han sartu. Ondoren, arropa eman ziguten -presoen arropa ezaguna, argazkietan duzuena da-. Bi urte egon nintzen arropa haiekin, eta hura jantzita etorri gara Baionara. 43.619 zenbakia izan nintzen Gestaporentzat.

 

H.- Zertan aritu zineten han?

P.F.- Harriketan harrobian. Harriak bizkarka eramaten genituen arma-tokiak egiteko. Gero bularrean ziztatzen gintuzten amorsalez bi medikuk, lau pikura. Egundaino ez dut jakin zertarako: ez genuen abantailarik, ez makurrik haiekin. Kontatzen gintuzten goizetan eta arratsetan. Batzuetan oren bat kontatzen, bestetan bi oren, hiru... Tronpatzen ziren, eta berriz hasi. Igande batez soldaduek kamioi batean sartu gintuzten eta gatza ateratzera eraman. 400 metro lurpean, igogailuan jaitsita, dinamitaz beste batzuek zuloa egin, eta han ibiltzen ginen errautsean, begietan negarra, mukia sudurrean genuelarik. Talde bakoitzean 300 bat lagun ginen, zortzi oren, txandaka: sei orenetarik arratseko bi orenak arte, bi orenetarik arratseko hamar orenak arte, eta hamar orenetarik biharamun goizeko seiak arte. Jateko salda txar bat baino ez. Halako batean, etorri baitziren amerikarrak Berlin bonbardatuz, eta gu 100 kilometrotara ginenez, handik partiarazi gintuzten alemanek; partitu ginen arratsean, gau guztian korri, biharamunean geldiarazi gintuzten harrobi batean, oren batean lo egin, eta berriz partitu. Egun guztian korri, eta gure aurretik ere baziren gu bezalako preso-jantziekin lurrean etzanak, ze korri egiten zutenak alemanek hil egiten zituzten_ Amerikarrek gauez Berlin bonbardatzen zutenean izugarria zen, eguna zirudien argitan. Hurrengo egunean urrunera ikusten genituen amerikarrak, baina gu alemanak zirela uste. Halako batean, abioi txiki bat etorri zen. Gutxira amerikarrak etorri eta alemanek armak libratu zituzten, eskuak gora altxatuz errenditzeko. Ondoren, eraman gintuzten preso errusiarrekin batera herri txiki batera, artean ez zegoen amerikarren menpe; gu sartuta gero hartu zuten herri hura amerikarrek. Bi oren pasa, eta hangar batera joan ginen lasto-pila baten gainean lo egitera. Errusiarrak toki babestuago batean zeuden lotan, eta biharamunean harat joan ginen gu ere. Baziren granja hartan zerri ttikiak. Amerikarrek hil eta guri ematen zizkiguten jateko. Bagenituen harakinak, sukaldariak jana atontzeko. Han hilabete pasa eta amerikarrak hasi ziren gu hona ekartzen eta Mendekoste astelehenarekin trenean sartu eta igandean heldu ginen Baionara, zortzi egunen buruan. Bidean amerikarrek emandako kontserbak jaten genituen.

 

Oradour-sur-Glaneko sarraskia
 
H.- Ezer azpimarratzekotan...

P.F.- Mina salatari espainiar hark eman zigula. Egundaino ez dut berriro ikusi. Esan behar da aleman ugarik ere ihes egin zuela denbora hartan Espainiara, hegora. Gero badut gogoa ikusteko, Oradour-sur-Glane: Joan nahia.

 

H.- Ondoan dugun Jean Duhau jauna mugalari gisa ere aritu zen garai hartan. Berak azaldu digu zer den Oradour-sur-Glane.

JEAN DUHAU.- Herri bat da. Egundaino nehork ez du zulatzen ahal zertarako alemanek herriko jende guztia bildu, elizan sartu, eta su eman zioten elizari. Suaren aitzinean ihes egin nahi izan zuten eta sakristiatik saiatu ziren. Ezin ordea. Ba omen zegoen 80 cm. errauts, jende errea. Hain bero zen eliza hartan, ezkila erori zen. Han da egun, makurtua. Herria utzi bezala da. Ur-putzuak ere badira turistek ikusteko, hara ere bota baitzituzten herritarrak hiltzeko. Etxe askotan daude oraindik herriko dendarien makina erreak. Etxe guztietan bada jarria: 'hemen hil ziren lau lagun' eta horrela.

 

H.- Itzuli zarete izandako tokietara?

P.F.- Buchenwald-en ez dute anitz kontserbatu, han ez da fitsik. (Emazteak ondotik esaten dio Pauli, jendea erretzeko labeak han direla oraindik. Dutxetan sartzen ari zirela sinistarazi, eta gasaz pozoitu egiten zituzten, eta gero labeetan erre).


B2
2003-07-02
16339004
1894