Kattalin Agirre, Bidasoako mugalaria

Bigarren Mundu Gerraren hasiera eta bukaeraren urteurrena pasatu berritan, Kattalin Agirreren biografia ekarri dugu, izan ere funtsezko zeregina bete zuen aliatuentzat Bigarren Mundu Gerran. Naziek botatako hegazkinetako pilotuak jasotzen zituen Comète erresistentzia-sareko kide zen.

 Ziburun, bere etxean, ostatu ematen zien iheslariei eta muga pasatzen laguntzen zien Erresuma Batura itzultzeko.

 

 

 

 

 

 

Kattalin Agirre. Argazkia: Auñamendi Eusko Entziklopedia

HIZTEGI LAGUNGARRIA

Mugalari: Muga ezkutuan igarotzen laguntzen zuen pertsona.

Hamahiru urte baino ez zituenean: Hamahiru urte bakarrik zituenean.

Senarra, ezkondu eta hiru urtera hil zen: Senarra, ezkondu eta hiru urte geroago hil zen.

Lehendabizi: Lehen, lehenengo.

Sarearen egitekoa: Zeregina, eginkizuna.

Zeharkatu: Igaro, pasatu.

Berrehun bat aliaturi lagundu zieten: Gutxi gorabehera, berrehun aliaturi lagundu zieten.

Soldadu alemaniar eta espainiarrak saihesteko: Soldadu alemaniar eta espainiarrekin ez topatzeko.

Sarritan: Askotan.

Alemaniarren inguruko informazioa: Alemaniarrei buruzko informazioa.

95 urte betetzear zituela: 95 urte betetzeko gutxi falta zitzaionean.

 


Jaitsi
Transcripción:[+] Transcripción:[-]

Kattalin Lamothe 1897ko abuztuaren 2an jaio zen, Saran. Hamahiru urte baino ez zituenean hasi zen lanean, bere izebak Ziburun zuen Euskalduna hotelean. Handik, garai hartako neska gazte asko bezala, jaioterria utzi eta Parisera joan zen neskame lanak egitera.

Agirre abizena 1927an hartu zuen, Pierre Agirre arrantzale ziburutarrarekin ezkondu zenean. Senarra, ezkondu eta hiru urtera hil zen, Lehenengo Mundu Gerran izandako gerra-zaurien eraginez. Alargun gelditu zen Kattalin, Josephin izeneko alaba jaio berriarekin. 33 urte zituen orduan.

Kattalinen bizitzaren norabidea erabat aldatu zen alemaniarrengandik ihesean zebiltzan hiru pertsonari aterpea ematea erabaki zuenean. Marguerite Corysande de Grammontek eskatu zion hori egiteko, Margot sareko arduradunak, eta baiezkoa eman zuen Kattalinek erresistentzia-sareko kide bihurtuz.

Ameriketako Estatu Batuek antolatutako Margot eta Nana erresistentzia-sareen parte izan zen lehendabizi, eta Comète sarera pasatu zen ondoren. Belgikako nazien aurkako erresistentziak sortu zuen sarea. 1941. urtea zen, eta Euskal Herrian laguntzaile ugari batu zituzten, tartean Kattalin Agirre.

Sarearen egitekoa zen alemaniarrek botatako hegazkinetako pilotuak jasotzea, ezkutatzea, zaintzea eta zaurituta zeudenak sendatzea. Horixe zen lehen egitekoa. Osatu eta indarrak berreskuratu ondoren hasten zen bigarrena, arriskutsuena: Alemaniak okupatutako frantziar estatua ezkutuan zeharkatu, Euskal Herrira iritsi, Bidasoa ibaia gauez zeharkatu eta Gibraltarretik pilotuak Erresuma Batura itzultzen laguntzea.

Kattalinek eta bere alabak Ziburun, beraien etxean, hartzen zituzten iheslariak Bidasoa zeharkatu bezperan. 1941. eta 1944. urteen artean berrehun bat aliaturi lagundu omen zieten muga pasatzen. Pirinioetako ingurune horretan, Kattalin Comète sarearen ezinbesteko zutabe bihurtu zen soldadu alemaniar eta espainiarrak saihesteko ahalegin horretan.

Soldaduei muga pasatzen laguntzea ez zen izan lapurtarraren zeregin bakarra. Askotan Pauera joaten zen mugako posizio alemaniarren inguruko informazioa jasotzera, eta bildutako datuekin, txostenak prestatzen zituen aliatuen esku uzteko.

Kattalin 1992ko uztailaren 22an hil zen, 95 urte betetzear zituela. Hil aurretik, ordea, nazien kontrako erresistentzia taldeetan izan zuen parte-hartze aktibo eta ezinbestekoa eskertzeko domina ugari jaso zituen gobernu aliatuen eskutik. Ekintzailearen omenez ere, Kattalin Agirre kalea dago Ziburun.

 

 

B1
2021-10-06
28780625
00:03:11
540