Esploratzaile euskaldunak Afrikan

Afrikako esplorazioaz hitz egitean, XIX. mendeaz ari gara. Euskaldunak ere ibili ziren Afrikako parajeetan. Dokumentu honetan, horietako baten berri jaso dugu: J.M.Murga bilbotarrarena, hain zuzen.

URKO APAOLAZA /

Afrikako esplorazioaz hitz egitean, XIX. mendeaz ari gara. Ehun urte horietan, aurreko guztietan baino lur gehiago esploratu eta «deskubritu» zituzten europarrek kontinente honetan. Euskaldunak ere ibili ziren Afrikako parajeetan, eta ez dira gutxi handik ekarri zituzten kontuak, pasatako periploak azaldu edo bertako animalia, landare eta gizaki «bitxien» berri emanez. Horietako batzuen abenturak jaso ditu Euskal bidaiarien memoria (Elea) liburuan Angel Martinez Salazarrek.

 

1870 inguruan, Italia eta Alemaniaren batasunak kolokan jarri zuen ordura arte Europan zegoen lurralde oreka. Honek kolonialismoari eta inperialismoari bideak ireki zizkien eta munduko bazter guztiak bihurtu ziren Europako herrialde inperialisten jomuga, horien artean Afrika zabala. Industrializazioarekin berriz, Europa, lehengaiak produzituko zituen lurralde birjinen bila hasi zen.

Horrez gain, zientzia alorretan aurrerapen handiak egin ziren: Bidaiariak kinina erabiltzen hasi ziren tifusa edo malaria saihesteko eta zenbait aparatu geografiko hobetu zituzten -kronometroa, barometroa, kartografia teknikak...-.

Maroko, Jose Maria Murga berbereen artean (1863-1866)

Jose Maria Murga Bilbon jaio zen arren, mairu bizkaitarra izenez ezagutzen zuten, Marokora egin zuen bidaiagatik. Arabiera ikasi zuen Parisen eta medikuntza berriz Madrilen. 1859an «Afrikako gerra» lehertu zen eta Murga espainiar gudarosteko komandante izan zen guda hartan. 1863an, gerra amaituta, bilbotarrak ejertzitoa utzi eta bidaiari ekin zion, Marokon barrena. Bere buruari Hach Mohamed el Bagdadi izena jarri zion eta ahoskera arraroa disimulatzeko, Europan ikasiriko Bagdadeko printze baten semea zela esaten zuen, eta sorterrira itzuli baino lehenago erromes gisara ibili nahi zuela. Asto baten gainean ibiltzen zen, itxura zarpailarekin; medikuntza ikasi zuela aprobetxatuz, petrikilo lanak egiten zituen herrixketan zehar. Baina ez zen horretara mugatzen: merkatari, itsumutil edo ipuin kontalariaren itxurak ere egin izan zituen.

1868an bidaiari buruzko liburua idatzi zuen: Recuerdos marroquíes de un moro vizcaíno. Liburu xelebrea da, umorea eta seriotasuna jorratzen dituena eta modu bitxian hasten da: «Nire irakurleei: Liburu hau marokoarrez idatzita dago eta ortografia berezia dauka, beraz, gure hizkuntzan irakurtzeko, azkeneko orritik hasi beharra dago. Hala ere, nire ezagutza pasigrafikoei esker, alde batetik nahiz bestetik berdin-berdin irakurri ahal izatea lortu dut, edo beste modu batera esanda: bi hasiera eta bi bukaera izatea. Idatzitakoarekin konforme ez dagoen irakurleak, bere buruari buelta eman eta alderantziz jartzea besterik ez du».

Ez dira gutxi mairu bizkaitarrak kontatzen dituen istorioak, kristauak sekula sartu ez ziren meskita eta jauregitan egon baitzen, baina baita berbereen herri pobreenetan ere. Behin, Casablancatik gertu zegoen herri batera sartu zenean «Al atai! Al atai!» («petrikiloa!») garrasika hasi ziren bertakoak. Pitxi pila bat zeramatzan saltzeko eta hauek probatzen aritu ziren bertako neskatxak. Orduan, Murgari zera bururatu zitzaion: hango neska politenari pitxi bat emango ziola. Neska hauen erantzuna berehalakoa izan zen: «Zure pitxiak hemen geratuko dira eta ikusten ditugun bakoitzean odolak gure masailak gorrituko ditu. Jakin beharko zenuke urrea joan egiten dela, baina lotsa hemen geratzen dela».

Bidaiari bilbotarrak, berbere gizartea ez ezik, Maroko osoa deskribatu zuen, bertako gobernu sistema gogor kritikatuz, gainera. Maroko, zapaltzaile eta zapalduen artean banandu zitekeela zioen, sultanen eta herriaren artean, alegia. Bidaia zergatik hasi zuen ere azaltzen digu liburuan: «Kuriositateagatik, edo agian, gure gizarte zibilizatuaz pixka bat aspertuta egoteagatik. Izan ere, gauza askotan nahiago ditut barbaro hauek».

Euskaldunak Alaren lurraldean

Egun batean, Jose Maria Murgak soldadu batzuk ikusi zituen zenbait presorekin eztabaidan. Hauengana hurbildu zen, zer pasatzen zen jakiteko eta soldaduek esan zioten preso horiek zelatari errusiarrak zirela, naufragoak -Turkia eta Errusiaren arteko gerra, inguru haietara zabaldu zen-. Hizkuntza ulergaitza hitz egiten omen zuten eta seguruenik kaukasiarrak izango zirela esan zioten Murgari. Preso hauen patua ez zen nolanahikoa: bertan fusilatu behar zituzten. Orduan, gure euskalduna presoen parean jarri zen eta tentuz aztertu zituen guztiak. Hauek, mairu arraroari mesfidati begiratzen zioten, zer nahi ote zuen jakin ezinik. Murgak ongi pentsatu zuen: hauen itxura, arropak, keinuak... «Zer moduz?» galdetu zienean, kasik negarrez honen oinetara salto egin zuten naufrago gaixo horiek «Jaungoikua!» esanez. Salbaturik zeuden, Murgak gaizkiulertua konpondu zuen eta libre utzi zituzten kostalde hartara ekaitz gaizto batek eramandako Ondarroako arrantzale horiek.


***laburtua


Interesatzen zaizu



B2
2005-04-17
16338262
1638