Dokuteka
Jon eta Jone 73: Kevlar bainujantzia
Esketx laburra. Bikotearen elkarrizketa. Bikotea hondartzara joan da. Bainujantzi berezia darama mutilak, izan ere, hondartzan ... Neska mutilaz nazkatuta dago.
Jone.- Jon, goazen.
Jon.- Itxoin momentu bat, palak hartu behar ditut eta.
Jone.- Begira, Jon, esan dizut ez dudala zurekin palan aritzeko asmorik.
Jon.- Zer ba?
Jone.- Badakizu zer pasatu zen azkeneko aldian.
Jon.- Bai, pikatu egin zinela.
Jone.- Ni pikatu?
Jon.- Bai. Ikusten? Orain bezala, oraindik ez gara hondartzara iritsi eta dagoeneko pikatuta zaude.
Jon.- Gaur gainera eguraldi kaxkarra egiten du hondartzara joateko.
Jone.- Ba hobe, jende gutxiago egongo da, hondartza guztia guretzako.
Jon.- Nik badaezpada palak ekarri ditut.
Jone.- Begira, ez dut esan duzun hori entzun, hortaz, ez dizut erantzungo.
Jon.- Eta entzun ez baduzu, nola esan dezakezu ez didazula erantzungo?
Jone.- Aizu, Jon, eta palez gain, zer daramazu motxila horretan?
Jon.- Ba, begira, palak, pilota, toaila, tabakoa, uretan jolasteko baloia eta Kevlar bainujantzia.
Jone.- Kevlar bainujantzia?
Jon.- Bai, hondartzara joateko ar guztientzat derrigorrezkoa beharko lukeena.
Jone.- Begira, Jon, ez dut ezer ulertzen.
Jon.- Nola ez duzula ezer ulertzen? Zer da Kevlar?
Jone.- Ba material gogorra baina malgua.
Jon.- Ba horixe, ar orok hondartzara joateko beharko lukeen bainujantzia: gogorra eta malgua. Badakizu, hondartzan ikusten dena ikusita oso erraza da...
Jone.- Jon, txantxetan ari zara.
Jon.- Ez, ez, ez, egia da, animaliak gara, eta, pentsa, halako batean hondartzan tentetzen hasten bazaizu...
Jone.- Jon, gaixoa zara zu.
Jon.- Zuk esan ezazu nahi duzuna baina pentsa tente jartzen hasten zaizula. A zer espektakulua. Ez duzu ba pentsatuko hobea dela gerrillari baten moduan uretaraino joatea, ezta?
Jon.- Jone, txantxetan ari nintzela, neska!
Jone.- Ez dut ezer entzuten.
Jon.- Baina nola eramango dut Kevlar bainujantzi bat? Ez da existitzen!
Jone.- Bakean lagatzeko, Jon! Ez gara hondartzara heldu eta zutaz titietaraino nago jada.
Jon.- Noraino?
Jone.- Ba, begira, gaur behintzat ukituko ez dituzun titietaraino.
Jon.- Jone! Utziko didazu nire toaila zurearen ondoan jartzen?
Jone.- Beitu, (begiratu) nahi duzuna egizu.
Jon.- Jone, nirekin palan jolastu nahi al duzu?
Jone.- Ez.
Jon.- Jone!
Jone.- Zer?
Jon.- Zer iruditzen baloiarekin uretara joango bagina?
Jone.- Joan zaitez zu nahi baduzu, ni hemen geratuko naiz.
Jon.- Jone!
Jone.- Zer?
Jon.- Zergatik zaude hain haserre nirekin?
Jone.- Ez dakit, Jon, ez daukat berba egiteko gogorik.
Jon.- Ui, tanta bat erori zaidala iruditu zait.
Jone.- Amorrua ematen dit euriak hondartzan harrapatzen nauenean.
Jon.- Ba goazen uretara!
Jone.- Uretara?
Jon.- Bai, baloirik gabe eta euripean, e?
Jone.- Eta arropa zer?
Jon.- Arropa motxilan sartuko dugu. Benga, neska, pelikuletan bezala, Jone, maiteminduak egongo bagina bezala.
Jone.- Ez gaude, ala?
