Dokuteka
Uxue Alberdi: 'Publikoki egiten den umorea ez da neutroa'
'Ondorioz, publikoki emakumearen sexualitatearen inguruan plazetan hitz egitean, jendeak ez daki nola erreakzionatu, ez dagoelako eraikita'. Uxue Alberdi bertsolari eta idazlearen hitzak.
Kike Amonarrizek Uxue Alberdi bertsolaria elkarrizketatu du Tribuaren berbak saioan.
Abestia
Kike Amonarriz.- Uxue Alberdi, adibidez, plaza-andre bat da, beste gauza batzuen artean, bertsolaria, idazlea, kazetaria eta abesti eder honen egilea.
Polita dago itsasoa, e, Uxue?
Uxue Alberdi.- Bai, polita da eta anekdota bat edo pasadizo bat etorri zait burura, nola Zarauzko estropadak egiten diren hementxe bertan eta aurtengo ediziora arte ikurrinak banatzen zirenean, bada, irabazleari ikurrina ematen zitzaionean, ez? emakumezkoena eta gizonezkoena desberdinak ziren. Gizonezkoena zen Zarauzko estropadak eta emakumezkoena zen Emakumezkoen Zarauzko estropadak, ez? Markatua emakumezkoena, emakumeen literatura den bezala edo… bada, beti ez? markatua eta gizonezkoena neutroa. Aurtengo udan izan da lehenbiziko aldia, bada, biena berdin eman dutena edo, ez dakit izan den biena Zarauzko estropadak edo biak markatuta, Gizonezkoen Zarauzko Estropadak eta emakumezkoenak.
K.A.- Eta zuk zeure burua plazan-andretzat al daukazu?
U.A.- Bada, esango nuke baietz. Plaza-andretzat adina etxekoandretzat esango nuke, bietan aritzen naizelako, ez? baina galdera da ea plazan gabiltzan emakumeak plaza-andreak garen eta etxean dabiltzan gizonak etxeko gizonak diren, ez?. Bi terminoak falta direlako hiztegietan.
K.A.- Ez dakit horrekin zerikusirik duen, inoiz zuri irakurri edo entzun dizudan kontzeptu batek: emakumera batua.
U.A.- Hau da Estitxu Eizagirrek orain dela urte batzuk sortutako termino bat. Berak aldarrikatzen duena da komunikazio-kode berri bat publikoki ematen den… bueno, komunikazio guzti horretarako, ez? Bai umore publikoa egiteko, bai eztabaida publikorako, bada, hain zuzen, markatuz egiten den, publikoki egiten den umorea edo eztabaida edo diskurtsoa ez dela neutroa, gizontasun hegemonikoko baloreen gainean eraikia dagoela.
K.A.- Adibideren bat?
U.A.- Bada, adibidez, Jon Maia eta biok Jaizkibel konpainiak Hondarribian antolatutako bertso-afari batean kantatu genuen, inauterietan, denak mozorrotuta zeuden gu ezik eta atera ziguten halako maleta handi bat hainbat peluka, txapel eta objekturekin bada haiei buruz kantatzeko eta objektu haietako bat bibradore bat zen eta orduan hasi ginen bibradoreaz eta zakilaz eta gizonezkoen sexualitateaz kantari, umorean eta konturatzen ginen txisteak amaiezinak zirela, ez? eta kantatu nuen nik “Egongo gara askatasunean zakilaz adina txiste aluaz egiten ditugunean” ez? eta bat-batean jendearen jarrera aldatu egin zen, edo zalantza moduko bat, ez? eta Jonek jarraitu egin zuen, bada, aluaz… ez dakit zer, eta…Isiltasuna. Isiltasuna gero eta sakonagoa zen, emakumeen sexualitatea ez da existitu plaza publikoan eta beraz, jendeak ez daki nola erreakzionatu kode hori ez dagoelako eraikita.
K.A.- Eta horregatik sortu dituzue bertso-eskola feministak?
U.A.- Bai, bada, ikusten dugulako oraindik, ez? bada, nondik gatozen, hau da, bertsolaritza orain dela hamarkada gutxira arte gizonek eta gizonezkoentzat egindako jardun bat izan da eta emakumezkook plaza horretara sartu garenean, noski, aldaketak eman direla, eta ematen ari direla, baina oraindik kasu askotan buruan daukagu bertsolaritza eredu bat, egina, eta nahi gabe ere, gure eredutik joan beharrean egiten garena da egokitu aurretik zegoenera, ez? eta plaza eraikiko dugu une bakoitzean plazan ari garen guztiok.
K.A.- Helduentzako ipuinak idatzi dituzu, arrakasta handiz gainera, baita haurrentzako ipuinak ere. Sexismoaren gaia nola ikusten duzu haur literaturan?
U.A.- Matxismoan edo sexismoan eraikitako baloreak gehiengoa direla, ez? ze ikusten ditugu mutiko pertsonaiak edo askotan dira heroiak, abenturazaleak, galtzak zikindu edo apurtzen dituztenak, askotan biolentzia erabiltzen dutenak… Eta emakumezkoak, bada, askotan dira garrantzitsuena eurentzat da apain eta polit egotea, zintzoak izatea, arriskuetatik euren burua babestea eta gero eta ipuin gehiago ikusten ditut kontzienteki horri buelta ematen diotenak eta sortzen dituztenak gizonezko pertsonaia ahulak edo lotsatiak edo negartiak eta alderantziz, ez? bada, emakumezko pertsonaia abenturazaleak, zikinak, baina oraindik bada sorginek eta printzesek eta pisu handia dute.
