Kontxa neguan
Nolakoa da Donostiako Kontxako hondartza neguan?
Bideoan Igeldo menditik ikusiko dugu Donostia.
Material hau 1982an eman zuen argitara HABEk Euskalduntzearen A mailarako langaiak izeneko bilduman.
Donostiara neguan etortzen baldin bazarete, Kontxa, gehienetan, honela ikusiko duzue: Santa Klara irla eta Igeldo mendia lanbro artean.
Hau Donostia itsaso ondoan dagoelako gertatzen da.
Begira, gaur itsasoa bare-bare dago. Eguraldi motela dago. Kaioak bilduta dabiltza. Hotz dago. Euria ari du.
Ni hona farolak eta hondartza ikustera etorri naiz.
Eguerdiko hamabi eta erdiak dira eta eguraldia aldatzen ari da. Lehen, Igeldo lanbro artean egon da, baina orain ia garbi-garbi ikusten da.
Urrutiko mendi haiek elurrez estalita daude, zuri-zuri daude. Baina Kontxa inguru guztia berde ikusten da. Zergatik? Bada, Donostian ia inoiz ere ez duelako elurrik egiten.
Honelaxe ikusten da Kontxa Igeldo mendi-puntatik. Lehenengo, Santa Klara; ondoren, Urgull; eta azkenean, Ulia mendia.
Donostia itsasertzean dagoelako da oso polita.
Hura Donostiako portua da. batzuetan itsasoa oso haserre egoten da eta ikaragarrizko olatuak altxatzen dira.
Hauek Txillidaren eskultura famatu batzuk dira. Haizeen orrazia deitzen dira.
Hemendik begiratuta, Kontxa beste era batera ikusten da.
Hondartza ondoko etxe horiek ere negu-kolorez janzten dira.
Itsasertzeko hormak goroldioz eta belarrez jantzita daude.
Egia esango dizut, ikusle, Donostia aldekoa ez naizelako, ez dut ezagutzen toki hau. Zuk ezagutzen al duzu?
Donostiarrek asko maite dituzte txakurrak. Goizero-goizero txakurra paseatzera irteten dira. Batzuek, lan egin behar dutelako, goizeko 6etan altxatzen dira txakurra paseatzera ateratzeko.
Hondartzan txakurrak ibiltzea debekatuta dago, baina asko ibiltzen dira, ez dute jaramonik egiten.
Hondartza zikin dago, olatuek zikinkeria ekartzen dutelako eta geuk ere bertara botatzen dugulako, noski. Barandilak ongi pintatuta daude, pintatzen ez badira, itsasoko kresalak herdoildu egiten dira.
Hau Urgull mendia da eta Urgull mendipean dago Donostiako Udaletxea, hauxe da.
Gero zikinkeria guzti hau bildu egin behar dute eta hondartza garbi-garbi utzi.
Neguan, zuhaitz hauek hosto guztiak galtzen dituzte. Hauek ere orraziaren antzekoak dira, ezta?
Iluntzea da eta eguzkia sartzera doa. Gu ere bagoaz argiarekin batera.