Dokuteka
Ezkontza homosexuala onartu du Frantziak
Sexu bereko pertsonak ezkontzeko proposamenak 331 boto alde eta 225 kontra jaso ditu Frantziako Parlamentuan.
Kontseilu Konstituzionalaren aurrean testua errekurrituko duela iragarri du eskuinak. Legea indarrean sartu baino lehen erabaki beharko du Konstituzionalak datozen asteetan.
Frantziako Parlamentuan ikusi da irudi hau arratsaldean. Berdintasunaren aldeko oihuak diputatuek sexu bereko bikoteen ezkontzak onartu eta gero. Ezkerreko alderdiek pozez onartu dute onarpena.
Xabier Madariaga berriemailea.- Ia ehun eta hogeita hamazazpi orduko eztabaida parlamentarioa izan da eta kaleetan, bitartean, inork espero ez zuen krispazioa ikusi ahal izan dugu.
331 boto alde eta 225 kontra, horiek sexu berekoen ezkontzek jaso dituztenak. Publiko artean izan diren oihu batzuk kenduta, bozketa normal joan da. Hori bai, eskuinari ez zaio minutu bat bera ere faltatu konstituzionalera joateko eta jada helegitea aurkezten ikusi ahal izan ditugu. Erabakia hilabete barru espero dugu.
Hala ere, Hollanderen gobernua lasai, oso lasai azaltzen da eta ekainean jada Frantzian lehenengo ezkontza homosexualak ikusiko ditugula diote.
Kezka kalean sortutako zatiketagatik dago. Izan ere, ordu honetantxe ere bi Frantziak manifestatzen ari dira.
Abortuarekin ere gauza bera gertatu zela gogoratu dute sozialistek eta oraingoan ere orduan gertatu zena: behin legea onartuta, gauzak bere lekura itzultzea espero du Hollanderen gobernuak.
