Dokuteka
Bua txabal! edo parrandako hiru espezieak
Aitziber Garmendia, aktore eta aurkezleak parrandako hiru espezieak identifikatu ditu: astakirtena, anormal konpletoa eta gizajoa
Galdera bat zerabilkion buruan bueltaka Aitziberri: gazteriarentzat hain zaila al da parranda normal bat egitea? alegia, hain zaila al da parranda pertsona normalen moduan egitea? Berak, gazte askok parrandan duen jarrera aztertuta, normaltasunaren arrastotik ateratzen direnak hiru espezietan banatu ditu eta Euskadi Irratiko Andromeda saioan azaldu zituen.
Saio honetan esandakoak dituzu entzungaian. Horretaz gain, Aitziberrek "Berria" egunkarian idatzitako zutabea izan dute hizpiderako oinarri. Lerro hauetan Aitziberrek ederki definitzen ditu hiru parranda-portaera. Hirurak, gehienetan, gizonezkoen artean ikusten direnak. Ea zer diozun zuk?
Parrandako hiru espezieak
Galdera bat darabilt buruan bueltaka, gazteriarentzat —eta gazteria diodanean uler dadila zentzu zabalenean; gaztekutxa ez duzuenok ere sar zaitezkete zaku horretan—: hain zaila al da parranda normal bat egitea? alegia, hain zaila al da parranda pertsona normalen moduan egitea? nik ikusitakoaren arabera, hala da nonbait. Ez dezala inork pentsa soraitziberbihurtu naizenik, edo parranden kontra errukigabe dabilen atsoa izateko intentziorik dudanik. Gazte askok parrandan duen joera aztertuta, normaltasunaren arrastotik ateratzen direnak hiru espezietan banatu ditut:
Lehenengo espeziea: etengabe gauzak hausteko edo izorratzeko joera duen astakirtena. astakirtena diot, bai; ohartu naiz genero maskulinoa erabili dudala espezie hau izendatzeko, eta ez da kasualitatez, jokabide hau gizonezkoei bakarrik ikusi baitiet.
Gaueko orduak aurrera eta odoleko alkohol tasa goraka joan ahala, espezie honetako gizasemeak euren indarraren eta gizontasunaren erakustaldia hobetzen saiatzen dira. gauerdian, kaleko paretetan erantsitako kartelak puskatzen dituzte: «bua txabal, begira zeinen pasota eta makarra naizen». goizeko ordu bietan, eskuan hutsik daukaten kristalezko edalontzia edo garagardo botilatxoa portalen baten kontra jaurtiz apurtzen dute: «bua txabal, putoamoa nitxok».
Goizeko lauretan, astakirten batek esaten dio besteari: «hi, etziok potroik horko farola harri kozkor batekin jota txikitzeko!». eta beste astakirtenak, nola ez, apustua onartzeko irrikaz erantzuten dio: «bua txabal, ekarri harri kozkorra». eta kabroiak, daraman atxurrarekin, asmatu egiten du; zortzigarrenean, baina asmatu egiten du. goizeko bostetan, kalean barrena doazela, astakirten batek besteari: «hi, etziok potroik horko kotxe horri ispilua hausteko».
Eta buatxabalek ispilutxoa hausten du. Potrorik ez dagoela? potroak soberan dituzte; neuronak falta zaizkie. mingainean eta besoetan duten indarra garunean balute, ez lukete halako erakustaldirik eman beharko gizon sentitzeko.
Bigarren espeziea: kuadrillakoen barre algarek eta alkoholak emandako ausardiarekin erabat haizatuta dabilen anormal konpletoa. Espezie honek genero maskulinoa nahiz femeninoa ditu, baina nik, emakume izateagatik agian, gizonezkoak pairatu behar izan ditut gehienetan. hauen jokabidea oso sinplea da: lagunarteko babesean eta mozkorraldiaren indar itsuarekin paparra puztu-puztu eginda, bakarrik doan neskarengana gerturatzen dira, edozein astakeria bota eta, harro-harro eginda, ausardiaren domina jartzen dute petxuan.
Zenbaitetan, plastikozko arrosak saltzen dabilen txinatar irribarretsua izaten da biktima gogokoena; anormal konpletoak jesusenak eta bi esanda ere, irribarre batekin eta apal-apal txineraz erantzuten die neska gaixoak —seguru nago «alosa solta osoa saltuko nizuke ipuldiko zulotik, alantza eta guzti, anolmala!», esaten diola—.
Hirugarren espeziea: aurreko bi espezieen ezaugarriak batzen dituen gizajoa. hau da: etengabe gauzak hausteko joera duen astakirtena, kuadrillak eta alkoholak emandako indarrarekin harrotu eta anormal konpletoa bihurtzen dena.
Hemen ez dago zer eginik; erremediorik gabea da. halako bati goizeko bostetan erantzun beharrekoa gogoan har ezazue: «bihar goizeko hamaiketan kuadrillarik gabe eta mozkorraldiaren indarrik gabe etorri hadi nahi duana esatera, eta hitzematen diat kasu egingo diadala; baina, lastima, ez duk potrorik izango, ausardia alkoholarekin batera bota ondoren anormal konpletoa izaten jarraituko dualako».
Berria
ESATARIA. Parrandari buruz hitz egiteko, Aitziber.
A. G. Oso ondo.
E. Ze zuk identifikatu dituzu hiru espezie…
A. G. Bai.
E. Berrian idatzi zenuen zutabe batean identifikatu zenituen parrandako hiru espezie, eta zure zutabea honela hasten zen: “Galdera bat darabilkit buruan bueltaka gazteriarentzat: hain zaila al da parranda normal bat egitea? Aitziber, eta nik zuri galdetzen dizut. “Hain zaila da?
A. G. Ba badirudi baietz, nik ikusi dudanaren arabera kostatzen zaigula, beno, “zaigu” esaten dut, baina ez naiz sartuko zaku horretan. Ez dut faltsua izan behar. Nik ikusten dut gazte askok badakigula juerga ondo egiten, baina beste askok ezetz. Eta hori planteatzen hasi nintzenean neure buruari, um, gertatu zitzaidan oso gauza kurioso bat. Hasieran ez nintzen jarri pentsatzen, beno, “identifikatu behar ditut sexuaren arabera, edo portaeraren arabera” baina gero konturatu nintzen, begira, kasualitatea izango da, eta ez naiz gizonezkoen kontra joan, inkoszienteki, baina halaxe izan da, eta orain arte ikusi ditudan portaera anormal guztiak, kasualitatea, gizonezkoa izan dira.
E. Beno, nik aipatuko ditut hiru espezie horiek…
A. G. Bai?
E. Zutabetik ostutakoak, jakina, eta zuk sakonduko duzu? Astakirtena, anormal konpletoa eta gizajoa…
A. G. Bai.
E. Has gaitezen astakirtenetik.
A. G. Astakirtenak dira normalean juergara ateratzen direnak eta ezer hautsi gabe, ezer izorratu gabe, bake-bakean juerga egiten ez dakitenak. Denok ezagutzen ditugu edozein herritan eta edozein txokotan ba farola bat harri batekin haustea gogoko dutenak, edo kotxe baten retrobisorea,
E. Edo loreak…
A. G. Bai. Hori da. Alfer-alferrik. Zertarako? Ba ni seguru nago bakarrik doazenean, ez dutela egiten; askotan izaten da koadrilan doazenean, eta beno, bere pixka bat gizontasun hori indartzeagatik. Hor, azpiko hori begiratuko bagenu, ba beno, horrelako zerbaiten beharra duenak bere gizontasuna azpimarratzeko, edo indartzeko, beno badaukate berek ere nahiko problema baita.
E. Gustatzen zait nola deskribatzen duzun. “bua txabal” ez?
A. G. Bai. Bai.
E. “Bua, txabal” hori da pixa bat “bua, txabal”.
A. G. Hala da gainera, eta gainera ja jarri dut pertsonaia bezala: “Bua Txabalek harri-kozkorra hartu, eta eman egiten dio farolari. Kuriosoena da daukan mozkorrarekin, nik ez dakit nola, baina zortzigarrengoan izanda ere, eman egiten dio.
E. (barreak)
A. G. Eta harrapatu egiten du. Orduan esaten duzu: “ostia, mozkorra zihoak, baina eman dio”
E. (barreak)
A. G. Eta bai. Hala da. “Bua txabal” hori pertsonaje bat da, bat nahikoa du berotzeko: “ezetz egin hau?” “bua, txabal, ekarri harria”, eta egin egiten du, evidentemente egin egiten du.
E. Eta zuk esaten duzu zutabean “eta ez da kasualitatea. Jokabide hau gizonezkoei bakarrik ikusi diet”.
A. G. Hala da. Hala da. Eta zin egiten dut, eta hitz ematen dut hasiera batetik ez nuela hala planteatu. Baina idazten joan nintzen heinean konturatu nintzen gizonezkoei bakarrik ikusi diedala jokaera hori, neskak beste zerbait edukiko dugu, eta beste zera, akats asko egingo ditugu, baina hori, nik ikusi dudanaren arabera behintzat, gizonezkoei bakarrik ikusi diet.
E. Beno, bigarren espeziea anormal konpletoa da.
A. G. Hori bai.
E. Eta zer da hau?
A. G. Horrek ere, horrek ere ez dauka arreglo handirik. Horiek dira normalean, horiek ere igual-igual. Koadrilan doazenean. Espezie honen kontua da koadrilan haizatzen direla, bakarrik apalago joaten dira, baina koadrilan erabat harrotu egiten dira, ba beno, hasten dira, denok ikusi izan dugu taberna batean txina gaixo bat sartzen da, gaixoak ez dauka beste zereginik eta loreak saltzen gu denok parrandan gabiltzan bitartean eta beti dago anormalen bat tontakeriak esaten joaten zaiona, beno, ba graziosoa dela iruditzen zaiona, ba azken finean, horixe da, alkoholarekin haizatu eta besteek nola koadrilak barre egiten dien, ba iruditzen zaie, ba gutxietsiz edo beste erredikuluan jarriz, berak handitu egiten direla,
E. Hala ere, zuk esaten duzu espezie honek genero maskulinoa nahiz femeninoa badituela,
A. G. Bai.
E. Igual zuk gehiago pairatu duzu gizonezkoena emakumea izateagatik, baina…
A. G. Bai.
E. Anormal konpletoa… bi aldeetan daude, ez?
A. G. Anormal konpletoak bi aldeetan daude, bai. Bai neska eta bai mutil, nik gehiago sufritu ditut gizonezkoak, ni neska izateagatik… Ni orain Alde zaharrean bizi naiz, lanetik etxerako bidea askotan izaten da, ez dut esan nahi, beno, ez kristoren “bollazoa” naizelako eta ezta gutxiago ere, baina, bai, bai kalean juergan dabiltzanak azkenean gerturatzen zaizkizu ez prezisamente ze guapa zaren esatera, ba edozein astakeria botatzera, eta Kale Nagusian bidea hasten dudanetik nire portalera ailegatzen naizen bitartean, baina milaka tontakeria, igual da txakurra paseatzera ateratzen baldin banaiz ere, da ba hori…
E. Deseroso sentitzeraino…
A. G. Oso. Oso.
E. Bai.
A. G. Eta alkoholak ematen dizu azken finean, ba beno, balentia bat edo halako koraje bat, ba gero kanpotik dagoenak, edan gabe dagoenak ikusten duena da lotsagarria ez, hurrengoa Gu ere igual horrela ibiliko gara edandakoan, baina ez hainbeste. Esan nahi dut. Ez zait gustatzen jendearekin sartzea, edo jendea barregarri uztea nire lagunek horregatik barre egiteagatik.
E. Hirugarren espeziea gizajoa da. Hau zein da?
A. G. Gizajoa, beno, hori nik hirugarren espeziea egiten nuen aureneko biek, biek, kualitateak dauzkaten sub-espezie bat.
E. A, ja! Ze izan liteke astakirten eta anormal konpletoa, biak batera.
A. G. Hori da. Astakirtena eta anormal konpletoa, orduan pentsatzen jarrita esan nuen “nahikoa badauka den bezalakoa izatearekin, eta”.
E. Zu gupidatu egiten zara…
A. G. Bai. Bai. Eske zer egin behar duzu ba? Nahikoa badaukazu horrelakoa izatearekin, eta pentsatzen jarrita esan nuen: “Gizajo honi zer esan behar zioat?” ba gizajoa, gizajoa.
E. Gizajoa. Aitziber, zaude segundo bat. Arantxa Urretabizkaia, gabon.
ARANTXA URRETABIZKAIA. Gabon.
E. Idurre Eskisabel. Gabon.
IDURRE ESKISABEL. Gabon.
E. Zuek erraz identifikatu dituzue hiru espezie hauek?
I. E. Niri harrigarria egin zaidana da halako jauzi generazionala badago, eta gaueko, gaueko panorama hain gutxi aldatu, aldatu izana. Hori da pixka bat arduragarria ere badena. Esan nahi dut, astakirtena eta anormal konpletoa oso ondo identifikatu ditut, eta gizajoa, ez dakit gizajoa iruditzen zaidan, horrekintxe daukat zalantza.
E. Igual beste zerbait jarriko zenioke. Eta zuk, Arantxa? Tokatu zaizu gaueko parrandetan azken aldian.
A. U. Idurrek jauzi generazionala ikusten badu, zer esango dizut ba nik. Niri gauza bat iruditzen zait hola oso deigarria, eta da, nola koadrilaren jokaerak eragiten dion gizabanakoari.
E. Um
A. U. Hori iruditzen zait aztertzeko kontu bat. Eta ez bakarrik gauean eta parrandan, baizik eta edozein egoeratan. Hain onartuak, hain beharrezkoak, hain zorionekoak ditugun koadrilek ze kalte egin dezaketen ere. Hori iruditu zait deigarriena niri.
E. Esan, Aitziber.
A. G. Bai. Ados nago horretan. Erabat ados. Eta ez parrandan bakarrik.
