detalle dokuteka-generico-fitxa

Perretxiko pozointsuak

Perretxiko eta onddo kaltegarriez informazio zabala eta sakona emango digute saio honetan: koloreak, usainak, itxura...zer egin kalte eginez gero....

Aholkuak ere jasoko ditugu.

 

6.zinta /00.35.15

Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Historian zehar jende asko hil izan da perretxiko pozoitsuak jan ondoren. Pozoiketa horietako zenbait ospetsu egin ziren jende ezagunaren heriotza eragin zutelako. Aita Santuak, erregeak, enperadoreak, olerkariak, intelektualak… Baina heriotza horietako gehienak ezjakinean pasatzen dira, kaleko jende arruntagan eragina izaten dutelako: oso aditu ez diren perretxiko zaleak izaten dira gehienetan ausartegi izatera arriskatu zirenak.
Atal honetan perretxiko pozoitsu horietako zenbait ezagutuko ditugu. Hainbat ustekabe eragin dituztenak ezagutu, eta zein pozoiketa eragiten duten bereizten ikasi.
Zaletu guztientzako oso mesedegarri izango da. Ustekabe txiki batzuk ekiditeko edota agian bizia arriskuan ez jartzeko.
Gaur egun, pozoitsu izan daitezkeen 150en bat perretxiko-espezie ezagutzen ditugu; dozena-erdi inguru baino ez dira hilgarriak. Hilgarri horien artean Amanita phalloides edota Hiltzaile berdea, Amanita virosa edo Hiltzaile konkorduna eta Amanita verna edo Hiltzaile goiztiarra dira ezagunenak eta errespetu gehien merezi dutenak. Amanita phalloidesa da genero honetan kaltegarriena.
Hiru espezie hauek, Galera marginata edo Galera hiltzailearekin batera eragiten dituzte gizonagan pozoiketarik kaltegarrienak. Heriotza ere eragin lezakeen intoxikazio faloidiarra sortzen dute. Perretxiko hauetako 20 gramo nahikoa dira pertsona bat hiltzeko.
Perretxiko hauetariko bakoitzak pozoitsu bihurtzen dituzten hainbat gai dituzte, pozoiketa faloidiarra eraginez. Falina, amanitina eta faloidina toxinak dira. Falina gaia hemolitikoa da; beraz, odolaren globulu gorriak hiltzen ditu. Amanitinak, berriz, hipogluzemia sortarazten du, aurrekoak bezalaxe gure globulu gorriak deseginez. Alfa amanitina amanitinen arteko mota bat da, eta beharbada okerrena, eragina gainerantzekoek baino luzaroagoan izaten baitu. Azkenik, faloidinak urdail eta gibeleko zelulak hondatzen ditu., gibeleko ehunetan kalte handiak eraginez, eta digestio-tutuan odoljarioak gertaraziz.
Perretxiko pozitsuek gizonagan eragiten dituzten kalteen artean okerrena intoxikazio faloidiarra da.
FERNANDEZ YARRITU. Medikuntza aldetik aipagarriak dira perretxikoek eragindako pozoiketak. Perretxiko batzuek heriotza ere eragin dezakete, eta hauetariko zenbaitek gainera, Amanita phalloidesek kasu, intoxikazio ahul baten itxura adierazten dute aurrena, baina sintoma hauek gero etorriko den intoxikazio hilkorraren aurrerapen baino ez dira, gibela seko hondatzen baitu. Horregatik, nire ustez, aholkurik garrantzitsuena arduraz ibiltzea litzateke. Bai: arduraz ibili. Eta norbera etxean sendatu nahi izatea,  burutik kendu. Perretxikoek eragindako pozoiketa guztien aurrean kezkati agertu behar dugu. Eta erietxera jo, han erabakiko baitute pozoiketa arina den ala ez. Honela, intoxikazio hori ondo zehaztu ondoren, neurri egokiak hartzeko modua egongo baita, nahiz eta pozoiketa hiltzaile horietarikoa izan.
Azter dezagun beraz sakonago, pozoiketa faloidiar hau. Lehen sintoma adierazgarriak berandu azaltzen dira,. pozoiketaren kaltea areagotuz. Eragin kaltegarri horiek perretxikoak jan eta handik 6 eta 48 ordu bitartean azaleratzen dira. Hala eta guztiz ere, sintoma guzti horiek orokorrean jan ondorengo 8 eta 12 ordu bitartean sumatzen dira. Ordurako odolak bere gain hartu du pozoia, eta pertsona kaltetua izango da.
Faloidiar pozoiketa hau eragiten duten perretxikoak ikertuko ditugu ondoren, ezagutu eta ondo bereizten ikasteko.
Amanita generoko perretxikoak lanperna itxurakoak izaten dira, txapela mamitsua izaten dute, ondo garatutakoa eta oinagatik ondo bereizteko modukoa. Perretxiko hetereogeneoen artean kokatuko genituzke.  Xafla edo lamina ugari izaten ditu, askeak, elkarren artean desberdinak eta hauskorrak. Oina erdian egoten da, eta ia beti arrautza eta eraztuna izaten ditu. Perretxikoaren mamia zurixka eta ustelkaria izaten da, ez da lehortzen. Beraz, usteldu baizik. Zaporez gozoak izaten dira, eta espezien arabera, usaina alda daitekeen arren gehienetan usain apala izaten dute. Amanitak lurrean hazten dira gure baso hezeetan eta taldeka zein bakarka aurki genitzake. Perretxiko hauek topatzeko urtarorik aproposenak udaberria eta udazkena dira.
Hiru Amanita hilkorrak, verna, phalloides eta virosa, amanita generoa banandu zen zazpi azpi-genero batekoak dira hirurak. Azpi-genero honek Amanitina izena du, pozoiketa eragiten duen toxinaren izen berbera alegia. Amanitinek, oro har, txapelaren ertza zartatu gabe izaten dute. Arrautzak poltsa tinko bat osatzen du, eta eraztuna eta mamia bezalaxe, ez da kolorez aldatzen airea edota denbora pasa ahala.
Amanita phalloidesa beste biengandik bereiztekotan, aipatu txapela berdexka izaten duela, kolore ilunagoko gune batzuez. Oinak ere sarritan berdegune batzuk izaten ditu. Amanita virosa zein vernak mami zuriko txapela eta oinak dituzte. Lehenengoak, ordea, txapela koniko edo kanpai itxurakoa du, oina ezkatatsua eta eraztuna kotoitsua.
Amanita vernak ezkatarik gabeko oin leuna du, eta eraztuna, berriz, ez du kotoitsua.
Perretxiko pozoitsuak janda gerta dakigukeen bigarren intoxikaziorik kaltegarriena parafaloidiarra izenekoa da. Honek ez du gibela faloidiarrak adina hondatzen, giltzurrunak bai, ordea. Pozoiketa hau eragiten duten perretxikoak batez ere Cortinarius Orellanus edota Sare Hiltzailea edo beronen Cortinarius generokoak izaten dira, baita Lepiota Helveola, Lepiota zola gorria, eta Paxilus Involutus edo Orrionddo hiltzailearen ale zaharrak ere.
Cortinaruis Orellanusak orellanina izeneko pozoia edukitzen du; orain 40 urte arte ez zen uste heriotza eragin zezakeenik. Cortinarius Orellanusa hiltzaileen artean sailkatu berria da. Gaztetan xaflak gorrixkak izaten ditu, eta aro honetan baino ez ditu izaten fibratxoak. Oin argala izaten du, arrautzarik gabekoa, eta gorri eta horixka arteko kolorekoa.
Galanpernak perretxiko hetereogeneoak dira; eraztunik badute, baina arrautzarik ez. Galanperna hiltzaileak neurri txikikoak dira: txapelak gehienez 6 zentimetroko diametroa izaten du, eta espeziearen arabera aldatzen den arren, erdigunea ondo markatuta izan ohi dute. Oin motza dute, biribila eta gutxi garatutako eraztun txikiaz. Xaflak oso estuak dira, eta denborak aurrera egin ahala kolore zuritik krema edota arrosarantz aldatzen dira. Haragia edota mamia biguna izaten da; argala, eta oso zapore eta usain berezikoa.
Galanperna hiltzailearen txapela kolore gorri eta more artekoa izaten du, erdigunean bereiziago. Esporak zuriak ditu, eta oina berriz hutsa eta haritsua. Eraztun estua dute, gutxi garatutakoa eta ahul samarra. Perretxiko hau udazkenean azaldu ohi da basoetan zein zelaietan.
Gaur aurkeztuko dugun azken espeziea Paxilus Involutus edota Orrionddo hiltzailea da. Honek ere, aurrekoan antzera, parafaloidiar erako pozoiketa eragiten du. Orain gutxira arte tenperatura handitan egosiz gero, perretxiko hau jangarria zela uste zen, baina egia esan, makina bat kalte eta heriotza zenbait eragin izan ditu. Tertziopelo itxurazko perretxikoa da, eta horixkatik marroi nabarrerako kolorea izan ohi du. Xaflak nabarrak dira: elkarren artean estu egoten dira. Mamia, berriz, harro itxurakoa, usain azidokoa eta zaporez geza mina. Espezie hau konifera basoetan aurki genezake, hotzik gehien egiten duen hilabetetan ez beste guztietan.
Perretxiko txarrak janda pozoituz gero, egin behar dena jakitea komeni da, egoera horri aurre egiteko. Pozoiaren eragina berehala sumatu ala berandu atzemanda ere, ondoezik dagoen pertsona hurbilenen daukagun osasun-zentrora eraman behar da, han azkarrago eta egokiago zaindu ahal izango baitute. Normalean lagungarria izaten zaio medikuari pozoiketa zein perretxikok eragin duen jakitea, hala, gaixoa zein intoxikaziopean dagoen azkarrago eta zehatzago zehaztu ahal izango baitu, eta tratamendua erabakitzerakoan gauzak erraztu.
Ikusi dugunez, bada perretxiko txarrik, oso txarrik eta baita heriotza eragin dezaketenik ere. Hala eta guztiz ere, jangarri eta oso goxoak ere badira, eta hauek behar bezala bildu eta prestatuz gero, oso jaki goxo eta esker oneko dira.
Gogoan izan beharrekoa dugu perretxikotan egoste-puntua egokia ez bada, jangarria ez dena ere kaltegarri gerta dakigukeela. Zenbait perretxiko gainera, ondo prestatuta egon arren batzuetan liserigaitzak gertatzen dira.
Baita ere maila ezberdinetako arazoak sor dakizkiguke usteltzen hasiak diren perretxikoek. Izoztuta egon ondoren ur guztia kendu ez zaienek, gazteegi edo zaharregi direnek, ondo garatuta ez egonik ze perretxiko-mota diren ziur jakiten uzten ez digutenek, eta azkenik, intsektu eta animalia txikiz inguraturik egon direnek.
Beraz, izan gaitezen arduratsu, baina ez kezkati. Izan ere, perretxikoez egunero zerbait ikasten saiatuz gero, ez baitago zertan hauen beldur izan beharrik, eta bai berauez gozatzeko arrazoi  franko.
Hurrengo atalean beste intoxikazio-mota batzuk eta zein perretxikok eragiten dituzten aztertuko dugu. Ez ezazue huts egin gero!  
 

detalle2

Dokuteka

C1
2000-09-22

x61pRelaContWAR

16284638
0:10:00

x61pViewCountWAR

8809

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR