detalle dokuteka-generico-fitxa

Euskadin ikasi, Txinan lan egiteko

Umea nintzela, Donostian, nire jaioterrian, ez zegoen jatetxe txinatarrik, denda txinatarrik, eta Zinema Jaialdira etorri ere ez ziren egiten zinemagile txinatarrak. Txina oso-oso urrutiko herrialdea zen, eta oso-oso ezezaguna.

Aurreneko jatetxe txinatarra Bilbon ezagutu nuen duela hogeita bost urte, eta gogoan dut oso exotikoa iruditu zitzaidala. Hain exotikoa, ezen asko bertara sartzen ere ez ziren ausartzen, edo sartzen baziren taldean joaten ziren. Baina, gaur egun, gurean, jatetxe txinatarrak baditugu, dendak, produktu ugari... eta gero eta langile txinatar gehiago dator familiarekin.

Umea nintzela, Txina komunismoaren gotorlekua zen, mendebaldeko herrialdeei erabat itxita zegoen herrialdea. Inor edo ia inor ez zen lurralde erraldoi hartan sartzen edo bertatik ateratzen. Ezinbestean, enpresaburu euskaldun batek bere dirua eta ahalegina inbertituko zituen azkeneko herrialdea zen. Gaur egun, egoera itxurarik gabe aldatu egin da. Txinak ez ditu bere ateak ireki, hazten ari den bertako enpresa-sarean mendebaldekoak sartzeko soilik, bertako langileak munduan borrokatzera ateratzeko helburua ere badauka. Gainera, txinatarrak asko dira eta ondo prestatuak daude. Jatetxeak, dendak, turista lotsatiak azpiegitura erraldoi baten tontorra besterik ez dira. Azpiegituraren barruan, produktuak, aurrerapen teknologikoak, enpresaburuak eta langileak daude. Oso ondo prestatutakoak, gainera.

Gaur egungo Txinak nire haurtzaroko Euskal Herria gogorarazten dit. Orduko industria-sarea ezerezetik sortu zen gerraostean. Langile euskaldunak, Extremadurakoak, andaluziarrak... lanaldi luzeak eta lan-baldintza gogorrak zituzten langileak. Adimen handiko langileak, adimena askotan besteek egiten zutena kopiatzeko erabiltzen zutenak. Kopiatu eta hobetu, eta azkarrago, merkeago eta eraginkorrago egin. Baina, orain, gogor lan egitea ez da nahikoa. Hori oso ondo egiten zuten gure gurasoek. Gaur egun, oso ondo eta oso merke langile txinatarrek, indiarrek eta Europa ekialdekoek egiten dute lan. Gaur egun, euskal industriak asmatu egin behar du, ez kopiatu. Asmatu, patentatu, berritu egin behar du.

Horretarako, langile gaituak behar ditugu, ingeniariak, ororen gainetik prestakuntza ona dutenak eta ekonomia globalizatu eta globalizatzaile honetan eroso ibiliko direnak. Ingeniariak gauza asko egiteko gai izan behar baitu: asmatzeko, berritzeko, eta gainera, kudeatzailea eta liderra, adimen emozional handiko pertsona izan behar du. Hau da, alor askotan prestakuntza handia duena eta jarrera profesional aktiboa eta, era berean, humanista daukana. Pertsona osoa alor guztietan, zientzietan eta gizatasunean. Ez da lan makala!

Beraz, ez da nahikoa gure eskoletako eta unibertsitateetako ingeniaritza-ikasleek ezagutza teoriko onak ikastea; enpresetan izan eta beste hainbat idiosinkrasia eta kultura ulertzea ere beharrezkoa da. Hitz gutxitan esanda, atzerrira joan eta inoiz baino globalagoa den mundu hau bertatik bertara ezagutu behar dute ikasleek.

Euskal Herria utzi eta atzerrira doazen ikasleak asko izan arren, oraindik gutxiegi joaten dira. Gehiagok joan behar lukete, askoz gehiagok, eta gainera, ikastera ez ezik, lanera ere joan beharko lukete. IMH Ingeniaritza Eskolako bi ikasle, esaterako, Txinara joan dira bi hilabeterako, euskal enpresen negozio-bolumena gero eta handiagoa den herrialdean. Bi ikasle horiek, eskola honetako gainontzeko ingeniaritza-ikasleen moduan, prestakuntzako bigarren urtearen barruan, zinemako izena duen atzerriko misioa jarduera daukate. Atzerriko enpresa batean, 8 eta 12 aste bitartean, egonaldia egin behar dute derrigorrez, eta ekimenaren helburua argia da: hizkuntza hobeto ezagutzea, beste enpresa-errealitateen berri bertatik bertara izatea, eta pertsona bezala haztea. Zenbaitetan gogorra izaten da hasiera, baina oso baliagarria da etorkizuneko profesionalen prestakuntzan.

Xabierko San Frantziskoren jaiotzaren bosgarren mendeurrenean, bi ingeniaritza-ikasle hauek haren urratsei jarraitzea erabaki dute, eta Ekialde Urrunera joan dira lan-praktikak egitera; abuztuan abiatu ziren, eta azaroa arte egongo dira Tianjin-go HiSPANiar-Txinatar Institutuan, kalitate-departamentuan eta lantegiko makinak mantentzeko departamentuan lan eginez. Izan ere, unibertsitate-ikasleek, Erasmus egitasmoaren edo besteren baten bidez, elkartrukeen bitartez, atzerrira joan beharra daukate. Enpresetan lanera edo praktikak egitera badoaz, hobeto oraindik. Ezinbestekoa da. Gure enpresak ere gauza bera egiten ari dira. Eta ez da etorkizun-sena, oraingo errealitatea baizik. Baina ez dute egin behar On Kixote zaldun adimentsuak bezala, hura, adimen gutxiz eta zorakeria ugariz, haize-errotekin borrokatzera joaten baitzen; errota berriak asmatzen ikastera joan behar dute, gure industria lehiakorra egiteko asmakizun berriak asmatzera.

Prestakuntza osorik gabe, gure ingeniariek etorkizun txikia daukate. Txinak eta Indiak, esaterako, ingeniari oso trebeak hezten dituzte, Mendebaldera etorri eta gure enpresetan lan egiteko irrikatzen daudenak, eta laster batean gure enpresetako lantaldeetako kide izango diren ingeniariak. Izan ere, gure industriak ingeniariak behar ditu, asko gainera. Errealitate profesional guztietan maila emateko prest daudenak. Gure enpresek orain behar dituzte.

Ikasleek orain dute aukera.

detalle2

Dokuteka

C1
2007-02-22

x61pRelaContWAR

  • Nuñez , Koldo
16279866

x61pViewCountWAR

9863

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR