Dokuteka
Familiako medikuen arazoak
Aramaioko familia-medikuarekin hitz egin dute Euskadi Irratiko Mezularia programan, kolektibo horrek dituen arazoen gainean jakiteko.
ESATARIA. Gaixo gaudenean lehen arreta egiten duten medikuen eguna da gaur. Famili mediku izendatzen ditugun osagileena. Aitor Montes Aramaion da mediku. Arratsalde on, Aitor.
AITOR MONTES MEDIKUA. Arratsalde on.
ESATARIA. Aramaion (Araban) ez dakit behar bezalako aukera ba ote daukazun gaixoei behar duten arreta eskaintzeko? 10 minutu famatu horiek.
AITOR MEDIKUA. Alde horretatik ez dago hainbesteko arazorik, e. Ze kontuan hartu behar da guk familiako medikuak garela, edo familia medikuak, oheburukoak, eta gure lan egiteko modua oso desberdina da. Nik artatzen ditut pertsonak, ez patologia konkretu batzuk, orduan, kontuan hartu behar duzu pertsona hori, baina ezaugarri guztiak, ingurunea eta hori guztia, ezta? Eta Aramaion, beharbada, ingurunea oso ona da eta hori ba kontsultan, kontsultategian igartzen da. Nire lana ez da hainbesterako, ez daukat hainbesteko lanik.
ESATARIA. Izan ere, medikuek gaixoak hitzez ere sendatzen dituzue askotan.
AITOR MEDIKUA. Bueno, pazienteak eurak sendatzen dira, ez pentsatu. Aber patologiaren arabera, eta pertsonaren arabera da. Orain eredua asko aldatu da. Lehen oso eredu zientifikoa zegoen edo zen nagusi; gero eredu biopsikosoziala onartu dugu. Eta bueno, igual, txarrera goaz eta eredu kulturalera, baina pertsona pertsona da eta guk daukagun aukera zera da: pertsona bat artatu, pertsonarekin harremanetan zuzenean egon eta, bueno, horrek lana asko errazten du.
ESATARIA. Iruñean eta Madrilen eta estatuko beste zenbait lekutan gaur protestak izan dira eta dekalogo bat jarri dute mahai gainean eta hor, ba ez dakit, esate baterako esaten dute medikuak eta demografia ondo kalkulatzeko; ez jartzeko hirietan horrenbeste bezero mediku bakar bati.
AITOR MEDIKUA. Hori da. Zuk pentsatu behar duzu, denok daukagu gaitasun bat. Gauza bat da Aramaion 20, hogeita piku pertsona egunero artatzea eta beste kontu bat da Madrilen, edo Durangon edo, esateko, Bilbon hogeita hamapiku-berrogei pertsona artatzea egunero. Hori ganoraz edo kalitatez ezinezkoa da. Hau da familiako mediku batek kopuru mugatu bat eduki beharko luke pertsona horiek pertsona bezala artatzeko eta ganoraz tratatzeko.
ESATARIA. Eta gaixo kronikoen gestio osoa eramateko aukera ere ez da asko eskatzea.
AITOR MEDIKUA. Ez. Eske kakoa hori da eta etorkizuna hori da. Hau da: kontuan hartu behar dugu asko garatu dela medikuntza eta gure bizitza-kalitatea mendebaldeko Europan asko hobetu dela, eta horrek ondorio bat ekarri du. Zer ondorio? Ba urte asko bizi garela, baina horren eraginez ba horrek ekartzen dituela gaixotasun-arazo kronikoak, eta askotan izugarriak eta mendekotasun-egoerara garamatzatenak. Orduan, hori ere ganoraz artatu behar dira pertsona horiek, ezta? Eta horiek denbora asko eskatzen dute eta arreta berezia.
ESATARIA. Eta ibuprofenoari buruz zer esaten didazu?
AITOR MEDIKUA. Botikak, edozein botikak baditu bere alboko ondorioak, edozein botikak. Eta ahalik eta gutxien erabili beharko genituzke, saiatu behintzat ahalik eta gutxiena erabiltzen.
ESATARIA. Eta lehen arretako medikua zaren neurrian hori esaten diezu zure bezeroei, pentsatzen dut.
AITOR MEDIKUA. Nik uste dut saiatzen garela, baina konplexua da eta gero eta konplexuagoa da. Hau da, gero eta arazo gehiago ikusten ari gara, diagnostiko berriak, egoerak gero eta konplexuagoak, adina…; populazioa edo jendea zahartzen ari delako eta gaixotasun kronikoak hor dagozelako.
