Dokuteka
Jon eta Jone II. Bikingoa (24)
Eskandinaviarraren bisita dela eta, Jonek xehetasun gehiago emango ditu.
Bikinga (Bikingoa)
JONE:
Eta zer moduz atzo zure lagun bikingarekin?
JON:
Ondo... egia esan ez dugu ia ezertarako tarterik izan, baina ondo..
JONE:
Zer egin zenuten bada?
JON.
Ba zerbitzu konpletoa eskaini nion,... badakizu,
JONE:
Bada ez, ez dakit.
JON:
Hondartza, mendia eta pintxoak...
JONE:
Hainbeste gauza egiteko denbora izan duzue?
JON:
Goiz esnatu gara eta kostaldera eraman dut Getaria eta Zumaia aldera, surfeatzea (surf egitea) gustatzen zaio eta olatu handiak non izaten diren erakutsi diot. Gero buelta bat Flysch-etik, pintxo batzuk bazkaldu eta trenera.
JONE:
Eta hori da guztia?
JON:
Zer gehiago nahi duzu ba kontatzea?
JON:
Azkenean gainera ez zen bakarrik etorri, bere neskarekin etorri zen.
JONE:
Nola bere neskarekin?
JON:
Ez nizun esan?
JONE:
Badakizu ez zenidala esan...
JON:
Ba bai, bere neskarekin etorri zen Ingrid
JONE :
Orduan zuk honekin ez..
JON:
Nik honekin zer?
JONE:
Pentsatzen nuen zu honekin enroilatuta zeundela...
JON:
Bueno, orain dela urte asko izan genuen zerbait. Han Filipinetan.
JONE:
Ya..
JON:
Badakizu... buzeo(urpekaritza)-monitoreak turisten biktimak izaten garela.
JONE:
Bai gaixoa... zer pena ematen didazun...
JON:
Baina beno, hori behin bakarrik gertatu zen, gero Ingridekin hasi zen eta gaur arte.
JON:
Beti galdetu izan diot nire buruari zergatik egiten ditugun halako gauzak oporretan.
JONE:
Zein gauza?
JON
Hori bada... normalean egiten ez ditugunak… erokeriak... bestela egingo ez genituzkeenak, badakizu.
JONE:
Beste jende batekin enroilatzea esan nahi duzu?
JON:
Bai, ez dakit... nik askotan, han buzeo zentroan (urpekaritza-zentroan), bezeroengan halako egarri moduko bat nabaritzen nuen. Etxetik kanpo egoteagatik desfasatu beharra balute bezala.
JONE:
Beno badakizu zer esaten duten, hiru bizitza ditugula, bizitza publikoa, bizitza intimoa eta gero badagoela bizitza sekretua.
JON:
Eta hori ez da intimoa bezalakoa?
JONE:
Ez, sekretua zurea bakarrik dena da, inori kontatzerik ez dagoena, beste inork ezagutzen ez duena eta etxetik urrun egoteak errazten du bizitza hori elikatzeko aukera.
JON:
Eta zuk ere baduzu bizitza sekretua?
JONE:
Zuk zer uste duzu? (jakina), zuk zurea duzun bezalaxe, guztiok ditugu sekretuak...
JONE:
Eta zergatik ez zenidan esan Ingrid bere neska-lagunarekin zetorrela?
JON:
Ba ez nizun ezer esan zelosa (jeloskor) xamarra ikusi zintudalako, eta gustatu zitzaidan...
JONE:
Ni? Jeloskor.
JON:
Igual zelosa (jeloskor) ez.. baina pixka bat bat pikatu zinen...
JONE.
Pikatuta igual bai, baina zinera joan nahi nuelako... Niko ez zegoen nirekin eta aprobetxatu nahi nuen, besterik gabe...
JON:
Ba nahi baduzu, gaur joan gintezke.
JONE:
Gaur ezin dut.. bihar akaso... gaur zereginak ditut.
JON:
Zeregin sekretuak?
JONE:
Sekretuak eta intimoak...
