Urtaroak euskaraz
Euskaraz, lau urtaroetatik hiruren izenek dute lotura udarekin. Urtaroen ikuspuntu positiboa zuten seinale da "uda" hain sarri agertzea.
Hasieran bi urtaro baino ez ziren: negua eta uda. Izendapen guztietatik, “udaberria” da erabiliena.
Kepa Dieguez.- Hiru urtaro udari lotuta badaude eta laugarrena ez, negua. Baina gainerako hirurak bai, e? uda, udaberria eta udazkena. Horrek esan nahi du bada, euskaldunak nolabateko ikuspegi positiboa zeukala urte-sasoiekiko, ezta?. Jatorriz, urtaro bi ziren: negua eta uda. Eta, seguraski, mendebaldeko kulturaren eraginez, beste biak sortuko ziren, baina betiere horrelako udarekiko ikuspegiarekin.
Udaberria da gehienbat erabiltzen dugun izendapena, baina zortzi-hamar bat badaude hedatuta Euskal Herri osoan.
Hiru multzotan sailkatu geinkez (genitzake) izendapen hauek. Batetik, udari lotutakoak. Hor ditugu udaberria, aldaerak badaude: udalehen, udakhail, uda hats, udaren hasiera adierazten duena.
Gero, beste batzuk, nekazaritzari lotuak. Hor ditugu: eralora eta bedatsea, hor lorari, loreei eta belarrei lotutakoak eta hirugarren multzoan zera bat dugu, mailegu bat dugu, primadera, nik ikasi nuena Benito Lertxundiren kanta baten bidez, eta oraindino bizirik dagoena Iparraldean, ezta?
Bestalde, badaude hainbat atsotitz udaberriaren inguruan. Ez neguari eta udari lotutako beste, gutxiago dira.
Batetik dugu mendebaldeko kulturan oso zabalduta dagoen bat; hau da, udaberriak odola berotzen duela, hainbat hizkuntzatan erabiltzen da.
Beste bat, eguraldiari lotutakoa eta oso interesgarria guretzako esaten duena ezinezkoa dela bi udaberri urte batean egotea. Orduan, udaberrian eguraldi ona egiten badu, beste sasoi batean eguraldi txarra egongo da, ezinbestez. Edo alderantziz.