Txundituta dauzka haurrak: segundoko bi Barbie saltzen dira munduan. Barbieren pareko arrakasta lortu zuten 70eko hamarkadan Nancyk, eta 40koan Mariquita Pérezek. Garai bakoitzean bultzatutako gorputz eta edertasun estereotipoen ispilu dira panpinok.
Mariquita Pérezen izena estuki lotuta dago jaio zeneko garai soziopolitikoari: Frankoren garaiko Espainiari. Garai zoritxarreko hartan, sorpresa handia izan zen «egiatan janzten den panpina» eta, Castell de Guadalesteko (Alacant) Jostailu Zaharren Museoko zuzendari eta Mariquita Pérezen bildumatzaile Javier Condek dioenez, hauxe sorpresaren eta arrakastaren gakoa: «Ume baten berdin-berdina zen, eta hezur-haragizko umeen jantzi alaiak zeramatzan soinean. Panpinari arropak kendu eta jartzeko aukerak izango zuen eraginik lortutako arrakastan».
Mariquita Pérez zingara, Mariquita Pérez katiuska, lorezaina, ballet dantzaria, 1800eko dama, eskiatzailea, tenis jokalaria... Juanín erromantikoa, Carlos III.aren soldadua, basoetako Robin, mexikarra, toreroa... Condek idatzitako La España de Mariquita Pérez liburuan irakur daitekeenez, Mariquita eta honen anaia Juanín 253 jantzi eta osagarriren jabe egin ziren: alkandora brodatuak, gerrikoak, polainak, larruzko zapatak, kapelak, puntuzko berokiak, pikezko azpiko gonak, karterak, abanikoak, korbatak, antiojuak, pertxak, bidaia mantak... ez zitzaien deus falta. Bi txakurtxo ere bildu zitzaizkien, denborarekin, Los jueves de Mariquita irratsaioa arrakasta lortzen joan zen heinean.
Irratia ez ezik, zinea ere Mariquita Pérezen publizitaterako plataforma izan zen. Publizitateak garrantzi handia izan zuen, zalantzarik gabe, panpinari jendeak egindako harrera beroan.
Manikien konpetentzia
Baina 60ko hamarkadan beste panpin bat hasi zen eskaparateetan nagusitzen: Famosa enpresaren Nancy. Ez zen, Mariquita ez bezala, kartoi-harrizkoa, plastiko gogorrekoa baizik; ez zen Mariquita bezain hauskorra; eta ez zen ume itxurakoa, manikia baizik; hots, emakume itxurakoa.
Nancyren garai beretsuan sortu zuen Matelek Barbie, EEBBetan. «Matelek Mariquita erosi nahi izan zuen, baina berehala baztertu zuen aukera hori, Mariquita eskuz egindakoa zelako, ile naturala zeramalako, ingeles oihala... kalitate handiko produktua zelako, azken batean. Eta Barbieak plastiko injekzioz egiten dira, seriean», kontatu digu Condek.
Itxuraz oso ezberdinak ziren garai hartako Nancy eta Barbie. Gaur egun, kontrara, oso antzerakoak dira bi panpinak, oraingo Nancy ordukoa baino txikiagoa, argalagoa eta eskasagoa egin duten aldetik. «Baina ez du Barbieren arrakasta lortu, ezta gutxiagorik ere», azpimarratu du Donostiako Orbegozo jostailu dendako nagusi Lurdes Elorzak.
«Maniki itxurako panpinak berdin-berdin saltzen dira lau, bost, sei edo zortzi urtekoentzat. Eta lau urteko ume bat ez da gauza Barbie bat janzteko, nekeza delako janzten, arropak edonon trabatzen zaizkiolako... Hala ere, panpinik salduena da. Nola ez da ba salduena izango, aurten 20 eredu berri atera dituzte-eta! Manikietan ez da izan Barbiea bezalakorik. Marketing oso-oso ona du».
Lehen bezala orain, umea kontsumitzaile bihurtzen du publizitateak, umea guraso-eroslearen presio indarra izaten den aldetik. «Amak erosten du umeak nahi duena. Barbiea saltzen da gehien, baina haurtxoa, umetxoa ere asko saltzen da. Aurten, gainera, oso modan dago Pirulí Pipí, pitilintxoa duen haurtxoa, baita panpin biki eta hirukiak ere. Booma izaten ari dira», dio Elorzak.
Panpin estereotipatuak
Ile luzea, horia, eta begi urdinak ditu Barbiek. Oso altua eta argala da, eta titiak tente jarrita ditu. Etxeko lanak egiten, Ken bere senarrari janaria ematen, ile apaindegian, eskiatzen edo festarik festara ibiltzen da.
Hamaika deportibo ditu, eta oraintxe azken Volkswagena eskuratu du.
Donostiako Antxeta aisialdi taldekoak harrituta daude Barbiearen fenomenoarekin. Laura Santos Jauregi begiralearen iritziz, «ume guztiek Barbie bat baino gehiago daukate etxean, eta Barbie bezalakoa izan nahi dute». Kezka horrek bultzatuta, panpin estereotipatuek umeengan izan dezaketen eraginaz mintzatzen zaizkie gurasoei Gabonen atarian jolas eta jostailuei buruz antolatu dituzten erakusketa zein hitzaldietan.
Hezkidetzan aditu Mari Jose Urruzolaren aburuz, Mariquita Pérezek, Nancyk eta Barbiek badute elkarren antzik: «Berdin-berdinak dira gauza batean: guztiak daude eginda neskatilak ikas dezan bizitzan duen misioa ama izatea dela. Garbitu ezazu, orraztu, zaindu, egon berarekin... Egungo panpinek, gainera, pixa eta kaka egiten dute; jan, edan, negar. Panpinak behartzen du neskatoa bere gain hartzera berak ama izan behar duela. Hitzik gabe esaten dio bere misioa ama izatea dela».