Joare-dantza

Hasi dira inauteriak. Zubietako joaldunak Iturenera joan ziren atzo; gaur, kontrako bidea eginen dute.

"Asko aldatu dira inauteriak". Iturengo joaldunen artean, Lazaro Erregerena da zaharrenetarikoa. 50 urte ditu, eta horietako azken 35etan joareak ¡antzi ditu. Haren hitzetan, "asko" aldatu dira inauteriak bera txikia zenetik: "Lehen, jende gutxi egoten ginen; zaila egiten zitzaigun jendea biltzea", erran du. «Orain ez: aise biltzen gara hogei bat joaldun. Eta orain jende asko etortzen da inauteriak ikustera, baina hori gauza polita da"».

Hamaiketako ederra egin ondoren, hamabiak aldera hasi ziren iturendarrak joareak paratzen, herriko etxean. Lazarok dioenez, lehen goizez eta arratsaldez jartzen zituzten. Baina, Lazaro baino zaharragoek diotenez, duela denbora gehiago, hiru egunean ibiltzen ziren joareak jarrita, eta haiexekin egiten zuten lo. Inauteri kontuez ari garenez, ziurrenik gehiegikeria da hori. Lazarok dio ez dela egia. Nolanahi era, gauzak aldatu diren arren, joareek zortzi bat kilo pisatzen dute orain ere eta horiek ardi larruari lotzeko alimaleko indarra egin behar izaten dute. Atzo, Iturengo herriko etxeko ganbaran, ardo eta patata tortilla usainen artean, Reflex botikaren usaina ere bazegoen; joaldunen batek giharretako minari aurre egiteko emana, ziurrenik. Argi daga joaldun hauek ez direla lehenagokoak.

Ordubete kostatu zitzaien iturendarrei janztea. Beroketa egin, eta kalera atera ziren hogei joaldunak. Bertze ordubetez, goiti eta beheiti ibili ziren herrigunean eta Latsaga auzoan, to­Ion-tolon, tolon-tolon. Gero, Zubietako bidea hartu zuten. Erdibidean, Aurtitz auzoan, Zubietako hamalau joaldunekin eta Aurtizko zortziekin elkartu, eta Iturenera itzuli ziren. Ordurako, ehunka lagun zeuden herriko plazan; Gipuzkoatik etorritako haurrak, batez ere.

Joaldun guztiek pare bat buelta eman zituzten herriko plazan, Ituren eta Zubietako inauterien une hunkigarrienetako bat osatuz. Bukatutakoan, herriko gazteen txanda etorri zen. Lehenbizi, Ittungo mexikarrak sartu ziren, rantxerak kantatzen. Haien atzetik, makina bat haur kartzela batean sartuta, Ittungo ihesa filma irudikatu nahian eta plazan bildutakoei urez betetako puxikak jaurtitzen. Bitartean, atso batzuk beren kulero eta bularrekoa garbitzen ari ziren, eta, ahal zutenean, ikusleei usainarazten zizkieten. Sastraka gizona ikusleen artean mugitzen zen, isilean, soinean zeramatzan ehunka arantzarekin benetako izua zabaltzen. Lan bera egiten zuten bi hartzek.

Eta guztien artean zalapartatsuenak —eta beldurgarrienak, egiten zituzten astakeriengatik— Irakeko gerra irudikatu zutenak. George Bush AEBetako lehendakaria tanke handi batean iritsi zen Iturenera, eta kanoi handi batetik suziriak jaurti zituen etengabe —haietako batek etxe bat jo zuen—. Gibelean, Bin Laden zetorren, eta atzerago, Sadam Hussein, oraindik bizarra egin gabe zuela. Irakeko gerran hartan zauritu bat izan zen: tankean zihoan gazte bat lurrera erori zen, bi bat metrotik, bizkarrez. Zorionez, kaskoa zeraman.

Gaur, Iturengo joaldunak Zubietara joanen dira, eta han eginen dute besta.


B2
2004-01-26
  • Azpilikueta , Asier
16262381
4804