Botiken publizitatea

Farmazia industria ahaleginak egiten ari da bere produktuen publizitate zuzena egin ahal izateko. Europako erakundeak, ordea, arazo handiak aurreikusten dituzte horrelako publizitatearen eraginez.

ITZIAR ALKORTA

Zuzenbide Zibileko irakaslea EHUn

Farmazia industriak lortzen dituen irabazien ehuneko 20-30 inguru bere produktuen promozioan erabiltzen du egun. Publizitate horren zati handi bat medikuei zuzenduta dago: beren preskripzio ohiturak alda ditzaten. Europan, oraingoz, debekatuta dago errezeta behar duten botiken gaineko publizitate zuzena egitea; botikak ez baitira besteak bezalako kontsumo-ondasunak. Halere, farmazia etxe handiak legea aldatzeko ahaleginak egiten ari dira marketin kanpainak publiko zabalari ere zuzendu ahal izateko. Hori guztia salatu berri du International Society of Drug Bulletins (ISDB) delakoak.

Auziak soka luzea du: 2002 urtean G-10 zeritzan talde bat saiatu zen medikamentuen zuzentaraua aldatzen, baina, Europako Parlamentua konturatu zen talde hark aurkeztutako txostenaren ezkutuko zioa gizakiontzako botiken gaineko publizitate zuzenari ateak irekitzea zela, eta gerarazi egin zuen ekimena. Hiru urte geroago Pharmaceutical Forum delakoa agertu zen, aurreko G-10aren egitasmo bera zuela. Talde hark aurkeztutako txostenean honako hau nabarmendu zuen: «Europarrek osasunari buruzko gaietan duten informazioa eskasa eta kalitate txarrekoa da, eta farmazia etxeen eginbeharra da informazio fidagarri hori herritarren esku jartzea».

Munduan bi herrialdek besterik ez dute botiken gaineko publizitate zuzena onartzen: Ameriketako Estatu Batuek, 1996. urtetik, eta Zeelanda Berriak. Publizitate zuzenak osasunaren gaineko ondorio gaiztoak dituela antzeman da herri bietan.

Farmazia industriak saldu nahi dituen produktuek berrikuntza txikiak ekarri arren, berriak izango balira bezala aurkeztu ohi ditu. Bestalde, farmazia produktuei buruzko kanpainek botika jakin batzuen berri baino ez dute ematen, haien onurak goraipatuz eta alboko efektuak gutxietsiz (edozein publizitate kanpainak egin ohi duen legez); eriak, aldiz, telebistan ikusi duen medikamentu jakin hori errezetatu diezaion eskatzen dio medikuari. Publizitate zuzenak sendagaien kontsumoa handitzen du, medikuen eta erien arteko harremana gaiztotu dezake eta, orobat, populazioaren osasun mailan kalteak eragin ditzake, beharrezkoak ez diren botikak kontsumitzearen ondorioz.

Eta aitortu beharra dago auzi horretan hiritarrak ahalge garela, ez baitugu nork ordezkatu: erien elkarte indartsuenak industriak zuzentzen ditu, eta administrazioa ez da arduratu elkarte independenteak bultzatzeaz (ondoren etor daitezkeen erreklamazioen beldur). Aldiz, botika berrien gaineko ikerketa farmazia industriak egiten du; eta administrazioek, dela estatukoak dela Europakoak, botika berriak onartzeko gero eta prozedura lausoagoak ezartzen ditu, farmazia etxeek egindako presioaren ondorioz. ISDBk aldarrikatzen duen legez, ez dira publizitatea eta informazioa nahastu behar. Zuzentarau berria onartzen bada, ordea, ezin esango dugu non amaitzen den informazioa eta non hasten den publizitatea.


C2
2008-01-16
  • Alkorta , Itziar
16260945
10060