detalle dokuteka-generico-fitxa

Meditazioa: osasungarria gorputzarentzat eta buruarentzat

Zenbait ikerketak frogatu dute meditazioa baliagarria izan daitekeela estresa kudeatzeko eta emozio ezkorrak murrizteko, eta bi faktore horiek arriskutsuak izan daitezke zenbait gaixotasunentzat.

Osasun fisikoa eta emozionala oso estu lotuta daude. Osasun emozional onak mesede egiten dio osasun fisikoari, eta beren egoera emozionala zaintzen duten pertsonak, gaixo egon edo ez, sendoagoak izaten dira eta gaitasun handiagoa izaten dute ezbeharrei erantzuteko. Azterketa askok erakutsi dute meditazioa eta gisako teknikak onuragarriak direla bai buruko osasunarentzat eta bai osasun fisikoarentzat ere. Frogatuta dago, beraz, meditazioak murriztu egiten duela estresa, hobetu egiten duela immunologia egoera eta murriztu egiten duela bihotz-hodietako arazoek eragindako hilkortasuna. Milaka urte dituen jarduera da meditazioa, fisikoki erlaxatzeko eta lasaitzeko erabiltzen dena. Nahiz eta luzaroan erlijio kontuekin lotu izan den, osasunaren arlo guztietan egin diren azterketek erakusten dute zernolako onurak dituen meditazioak, bai gorputzarentzat eta bai buruarentzat. Jon Kabat-Zinn doktorea izan da meditazioaren eraginak eta haren aplikazio klinikoak ikertzen denbora gehien eman duen ikertzaileetako bat. Aditu horren esanetan, meditazioak, eta bereziki mindfulness izeneko teknikak, uneko errealitatearen erabateko kontzientzia hartzera darama pertsona, hemen eta orain gertatzen dena onartzen eta aitortzen du, baina horrek sortzen dituen pentsamendu edo emozioetan harrapatuta gelditu gabe. Hori dela eta, meditazio teknikak oso baliagarriak izaten dira estresa kudeatzeko eta emozio ezkorrak murrizteko. Haren onurak, dena den, urrutiago doaz. Francisco M. Rodríguez-Peña doktoreak koordinatu duen ikerketa baten arabera, teknika horrek eragin psikobiologikoak eta klinikoak izango lituzke. Ikerketa horretan, meditazio horrek immunitate sistemako parametroei (globulu gorriak eta immunoglobinak) nola eragiten dien aztertu zuten antsietatea eta depresioa zeukaten pazienteetan. Bi hilabetez meditazio programa bat egin ondoren, nabarmen ugaritu ziren immunoglobulinak (IgG, IgM), immunitate sistemarekin lan egiten duten proteinak (C3 eta C4) eta murriztu egin ziren monozitoak (globulu zuriak dira, estresarekin eta infekzioarekin ugaritu egiten direnak, eta fagozitatu egiten dituzte zenbait mikroorganismo eta zelula-hondar).

 

Meditazioa eta bihotz-hodietako osasuna 
 
Bihotzaren Espainiako Fundazioak ere esan du meditazioak on egiten diola bihotz-hodietako osasunari. Gai horren inguruan argitaratu diren zenbait ikerketatan ageri diren ebidentzia zientifikoetan oinarritzen da erakunde hori, non ikusten den murriztu egiten direla arteria presioa eta estresa, eta hobetu egiten direla bihotzaren osasunari kalte egiten dioten beste zenbait faktore. Horrela, Circulation aldizkarian berriki argitaratu den ikerketa batean ageri denez (Bihotzaren Ameriketako Elkartearen argitalpena da), meditazioak %48 murriztu dezake hilkortasuna eta miokardioko infartua eta garun-hodietako istripua izateko arriskua bihotzeko gaixotasuna duten pazienteetan. Teknika horrek murriztu egiten ditu arteria tentsioa eta estres faktoreak: apaldu egiten du nerbio sistema sinpatikoaren aktibazioa eta estresaren hormona izenekoena (adrenalina eta kortisola), eta, ondorioz, indargabetu egiten dira estres kronikoaren eraginak, besteak beste arteria tentsioa eta maiztasun kardiakoa handitzea. Onurak dakartza, halaber, emozio ezkorrak kudeatzeko orduan, adibidez, haserrea, oldarkortasuna eta depresio sintomak. 
 
 
Consumer aldizkaria 2015 apirila (moldatua)
 
 

MEDITAZIOA ONA DA gorputzarentzat eta buruarentzat adierazteko hainbat molde. 

  • Meditazioa osasungarria da gorputzarentzat eta buruarentzat.
  • Meditazioak mesede egiten dio gorputzari.
  • Meditazioak on egiten du.
  • Meditazioa mesedegarria da estresaren arriskuak murrizteko.
  • Meditazioa onuragarria da emozio ezkorrak kudeatzeko. 
  • Meditazioa baliagarria da fisikoki erlaxatzeko eta lasaitzeko.
  • Meditazioaren onurak ikaragarriak dira.
  • Meditazioak osasunaren alor askotan eskaintzen ditu onurak.
 
 

detalle2

Dokuteka

B2
2016-10-26

x61pRelaContWAR

16244037

x61pViewCountWAR

5826

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR