Baso-bainuak, natura beste era batera ikusi eta sentitzeko modua
Baso-bainuak edo basoan murgiltzea. Naturarekin harremanetan egotea. Ziur gutako bakoitzari galdetuz gero zer den hori, denok ezberdin erantzungo genukeela, baina Amaia Agote Ingurumen-hezitzaileak argi du. Baso-bainuak hartzea da naturarekin harremanetan izatea, edo moduetako bat behintzat. Baso-bainuak zer diren? Entzun Landaberri saioa (Euskadi Irratia).
Baso-bainuak zer diren edo basoan murgiltzeko era hori ezagutu nahi baduzu, entzun audioa.
Irudia: art_es_anna (Wikimedia Commons)
HIZTEGI LAGUNGARRIA Zertan datza?. Nolakoa da, zertan da (baso-bainua)? Zer egin behar da baso-bainua hartzeko? Gai baten gakoa, muina edo azalpena, zein den, zertan den, edo zer egin behar den galdetzeko, edo adierazteko, erabiltzen dugu etzan aditza, modu sintetikoan: zertan datza? |
Esataria. Erreparatu soinu honi. Naturan murgilduta, gozo, lasai. Horrela hasiko dugu gaurko saioa. Errekan bainua ez, baso-bainua proposatzen dizuegu.
Pagoetan lan egiten du Amaia Agotek. Ingurumen-hezitzailea da, eta baita baso-bainuen gidaria ere. 80. hamarkadan dute jatorria, Japonian zehazki, baso-bainuek. Zertan datza? Zer lortzeko sortu ziren?
Amaia Agote Ingurumen-hezitzailea. Konturatu ziren jendeak ba, bere bizimoduagatik edo eguneroko lan-karga (lan-zama) horregatik eta abar, estres-maila edo antsietate-maila altuak (handiak) zituela, eta horri pixka bat konponbidea eman nahian, ba hasi ziren baso-bainuak errezetatzen. Mediku-errezeta bat bezalaxe, azkenean.
Esataria. Botika bat da.
Amaia Agote. Bai. Hori da. Basoek, azken finean, ba askatzen dute monoterpenoa edo deitzen den gai kimiko bat. Monoterpeno horiekin lortzen dena da gure estres-maila, antsietate-maila jaistea, pixka bat gure erritmoa pausatzea. Erregulatzeko balio du baita ere, ba norbaitek baldin badauka tentsio altua, edo horrela, hori ere erregulatu egiten du denborarekin. Horri begira, ezta? Ongizatearen ideia…
Esataria. Ongizatea. Hori bilatzen du teknika honek. Eta naturarekin lotura zuzen-zuzena izatea: murgilketa. Une batez, denbora-tarte batez gelditu, eta inguruan dugun hori beste era batera, beste begirada batekin ikusi eta sentitzeko.
Amaia Agote. Natura da osasuna azkenean, ezta? Naturarekiko edozein konexio-modu, batera edo bestera begiratu… Eta gero, gu oso ohituak gaude naturarekin kontaktuan egoten, baina ez modu honetara. Baina hau izango litzateke pixka bat gure zentzumenekin naturaren atmosfera horretan murgiltzea, inmertsio moduko bat.
Esataria. Soinuak, usainak, ukimena…
Amaia Agote. Hori da.
Esataria. … horien bidez jasotzen duguna xurgatu.
Amaia Agote. Hori da.
Esataria. Eta nola egin beharko genuke?
Amaia Agote. Bai. Egiten dena da pauta (arau) ezberdinak markatzen (ezartzen) dira. Ba hor, gidatzen duenak… nolabaiteko gonbidapenak bideratu.
Esataria. Aukera ezberdinak daude. Eta gidaria da proposamenak egiten dituena: oinutsik ibili, isilik, etzanda egon… Pare bat orduko saioak izan daitezke, egun oso baterakoak, aste osoko egonaldiak ere egin ohi dira. Gustura eta eroso bazaude, jabetu ere ez zarela egiten dio Amaiak.
Amaia Agote. Hori da niretzako baliagarri izan zaidana, nahiz eta naturarekin bizitza guztian kontaktuan eduki [egon], natura beste begi batzuekin ikusteko aukera bat, aukera eder bat eman didala.
Esataria. Oraindik ere ezezaguna dela uste du, nahiz eta geroz eta zabalduagoa dagoen Euskal Herrian.