Dokuteka
Emakumeen genitalen mutilazioa debekatu du Afrikako Batasunak
Kontinentea osatzen duten 54 herrialdeetatik ia erdietan oraindik indarrean dago, eta 200 milioi emakume inguruk jasan dute. Haurren ezkontzak amaitzeko neurriak ere hartuko ditu.
Afrikako Batasuneko Parlamentuak onetsi du emakumeen genitalen mutilazio praktikak kontinente osoan debekatzea. Akordioa egin dute Parlamentuko Emakumeen Aldeko Lantaldeak eta UNFPA Populazio Gaietarako Nazio Batuen Funtsak, Hegoafrikan. Helburua da bai praktika horren eta bai haurren ezkontzen desagertzea azkartzeko neurriak hartzea. Ekimenaren bidez, Afrikako Batasunak espero du herrialde gehiagok praktika horiek legez debekatzea. Gambia eta Nigeria izan dira ablazioaren aurkako legeak onesten azkenak, 2015ean.
Kenyako legediak debekatu arren, emakumeen sexu organoak mutilatzen jarraitzen dute tribu askotan. EFE
Emakumeen genitalen mutilazioa gutxitzen ari den ohitura izan arren, gaur egun Afrikako 20 herrialdetan baino gehiagotan indarrean jarraitzen du. Batzuetan legeak babesten du, baina debekatuta dagoen herrialde askotan ere klandestinoki egiten dute oraindik. Somaliaren kasua nabarmentzekoa da, emakumeen % 98ri egiten diete ebakuntza. Unicefen arabera, mundu osoko gutxienez 200 milioi emakumek jasan dute ablazioa, eta haietatik 44 milioi 15 urtetik beherakoak dira. Sahel eremuan ematen da gehien, Senegaldik Somaliara.
Zabalduta dago islamarekin lotura duen tradizioa dela, baina ez du zerikusirik, ez baitira musulmanak mutilazioa egiten duten herri guztiak. Gainera, Ekialde Hurbileko kultura islamikoetan ez du presentziarik.
Mutilazioaren ondorioak
Mutilazioa ez ezik, hies birusa hedatzea ahalbidetzen du operazioak, landu gabeko tresnekin eta higiene baldintza oso txarrean egiten baita ebakuntza. Gainera, normalean, profesionalak ez diren emakume zaharrek egiten dute. Horren ondorioz, ehunka hiltzen dira urtero. Lurralde batzuetan, Somalian kasurako, ohikoena da zirkunzisio faraoniko deituriko ablazioaren aldaera bortitzena egitea emakumeei: klitoria mozteaz gain, ezpainak ixten dizkiete emakumeei, soilik hilekorako eta pixa egiteko zulo txiki bat utziz. Oso praktika oldarkorra da emakumeentzat, eta ondorio larriak eragiten dizkiete osasunean, hala nola infekzioak, hemorragiak, eta bestelako hainbat zailtasun.
Ablazioaren aldaera guztiek duten helburua da emakumeek sexuarekin sentitzen duten plazera deuseztatzea da. Hala, senarrarekin izan ezik, beste gizonekin harremanik ez izatea ziurtatzen dute. Tradizio hori nagusi den gizarteetan, ablaziorik egin ez duten emakumeak sozialki baztertu egiten dituzte. Zenbait herrialdetan indarrean dagoen gizonen eta emakumeen arteko alde ikaragarriaren eta emakumearen errealitate gordinaren erakusle argia da ablazioa.
Iturria: Berria egunkaria.
