Telemusuak

Samara Velteren iritzia Berria egunkarian. Bere ustez, sekula baino maitasun-adierazpen gehiago jasotzen dugu gaur egun gure telefonoen bidez.

Gailu elektronikoekin nahiko harreman gorabeheratsua daukadan arren (gehiago beheranzkoa, goranzkoa baino), badago gauza bat sakelako telefonoari eta bereziki Whatsapp-i eskertu behar diodana: jasotzen ditudan maitasun adierazpen guztiak. Telefonoko pantailan, beste inon baino gehiago maite nau jendeak. Whatsappen, elkarrizketa txoroena amaitzen da gutxienez musu batekin, eta, gehienetan, bihotz txiki batekin ere bai. Edo hiru bihotzekin elkarren segidan, adiskide batzuen hatzak oso suhartsuak baitira pantailako teklatuan. Halako kortesiazko kode moduko bat bihurtu da agurtzeko era hori, eta orain badirudi «adio» klasiko batekin agurtuta lehor hutsa zarela. Gutxien-gutxienez, luzatu egin behar duzu hitza: «Adio-o-o». Baina horri ere irudi irribarretsu bat gehitzea komeni, badaezpada.

Tamalez, ez ditut irudikatzen telefonoz musuka eta besarkadaka aritzen zaizkidanak kalean berdin jokatzen. Nekagarria ere balitzateke, ez ginatekeelako sekula helduko heldu behar dugun lekura. Horretarako askoz erabilgarriagoa da kaleko ohiko kodea: burua justu-justu igotzea eta «Bueno...!» batekin laguntzea. Ez diet gaizki hartzen, ez diet erreklamatuko Whatsappen sinatuta utzi duten besarkada hori. Badakit telefonoz maiteko nautela berriz.

 


B2
2016-06-01
  • Samara Velte
16242336
4760