Dokuteka
Kartzelara janaria lapurtzeagatik
Supermerkatu batetik janaria lapurtzeagatik, sei urteko kartzela-zigorra ezarri zioten eskale bati Italian. Zorionez, ez du zigor hori bete beharrik izan.
Euskadi Irratian eman du gai horren berri Juanjo San Miguelek, nazioarteko gaietan adituak.
Transkripzioa:[+]
Transkripzioa:[-]
SARRERA. Nazioarteko kontuetan, Italian Auzitegi Gorenak zigorrik gabe aske utzi du janaria ebasteagatik zigortutako eskale bat. Zergatik zigortu duten jakin denean, harridura eta haserrea nagusitu dira, 6 urteko kartzela-zigorra ezarri diotelako. Juanjo San Miguel.
JUANJO SAN MIGUEL. Roman Ostriakov kalean bizi da, ahal duen lekuan egiten du lo eta ahal duena jaten du. Orain dela hilabete batzuk Genova hiriko supermerkatu bateko zaindariak atxilotu egin zuen bezero batek esan ziolako Ostriakovek poltsikoan zerbait sartu zuela. Poltsikoak arakatu eta saltxitxa-pakete bat eta gazta-zati bat atera zituen; guztira, 4 euro eta 9 zentimo balio duen janaria. Genovako tribunalak 6 urteko kartzela-zigorra ezarri zion eskale honi.
Auzia Gorenera iritsi da, Genovako fiskalak zigorra arintzeko eskatu zuelako, ez zigorra kentzeko. Auzitegi Gorenaren epaiak gizon hau aske uzteaz gain, nabarmen utzi du beste tribunalen jokaera onartezina izan dela. Gorenak dio ezin dela pertsona bat epaitu jateko zerbait harrapatu duelako, bere oinarri-oinarrizko beharrak asetzeko egin duelako. Gorenak dio gosea kentzeko lapurreta txiki bat ezin dela goi-mailako delinkuenteen parean jarri eta horrelako zigorrak ezarri. Eta Gorenak dio delitua kasu honetan ez duela lapurrak egiten, estatuak baizik, inongo babesik gabe uzten dituelako ahulenak eta horrelakoak egitera behartzen dituelako.
Italiako kontsumitzaileen elkarteak adierazi du Gorenaren sententzia pozgarria dela, eta aitortu du azken urteetan krisiaren ondorioz asko ugaritu direla Italian horrelako lapurretak, jende askok arazo handiak dituelako hilabete-amaierara iristeko.
(Gaiarekin lotutuako espresioak daude lodituta)
