Dokuteka
Telefono-kabinak desagertzeko bidean
Garai batean telefono-kabinak behar-beharrezkoak izaten ziren gure bizitzan, bai lanerako, eta baita harremanetarako ere. Gogoratzen telefono-kabinetan izaten ziren ilarekin?
Baina, mugikorrak azaldu zirenetik telefono finkoak eta horiekin batera telefono-kabinak desagertzeko bidean jarri dira. Irratsaio honetan Iñaki Elortza kirol-albisteetako kazetari denak eta Itziar Alduntzin esatariak telefono-kabinei lotutako pasadizo bitxiak kontatuko dizkigute.
Eta zuk gogoratzen al dituzu telefono-kabinak han-hemen izaten ziren garai haiek?
ESATARIA. Jadanik ez da ilararik ikusten hego Euskal Herriko telefono-kabinetan, gero eta gutxiago dauden arren. Azken 15 urteetan 10etik 4 kabina kendu dituzte, eta horien erabilerak % 32 egin du behera 2.013tik. Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan 1.000 kabina eskas geratzen dira, eta horien etorkizuna iluna da oso, abenduan amaituko delako Espainiako Gobernuak 4 urtez behin berritzen duen kabinak mantentzeko emakida. Azken lehiaketara enpresa bakarra aurkeztu zen, Telefonicaren filiala. Dena den, konpainiako iturrien arabera kabinak mantentzeak galera handiak eragiten ditu. Horregatik eta telefono mugikorrek egiten dieten konpetentziagatik daude batez ere desagertzeko arriskuan.
Bitartean, Telefonica behartuta dago 3.000 biztanleko telefono-kabina bat izatera. Gaur egun, eskultura funtzioa bete dezaketen arren, garai batean kabinak hil ala bizikoak izaten ziren. Esaterako, kazetarientzat. Mugikorrik ez zegoenean telefono finkoa zuen edozein bulego, taberna edota etxe, preziatu bihurtzen zen kazetarientzat.
IÑAKI ELORTZA.- Gogoratzen naiz, behin holaxe, Nafarroako herri batean, eta han ere txirrindularitzako proba batean, goiko pisuan lasterketa ikustera atera zen emakumezko bati esan nion: “telefonorik ba al daukazu?”, “eta bai”, “eta utziko didazu?”. Beno, igo nintzen, eta telefonoa zeukaten gelan. Han zegoen ba, ohea egin gabe, ezer egin gabe, baina ni programan sartu nintzen, eta han bere gelatik egin nuen. Tabernariekin genuen konplizitatea: “Aizu, hots egingo didate arratsaldeko zortzietan”. “A, bale!”; “Utziko didazu deia egiten?” Batzuetan ba apuntatzen zizkiguten denda askotan bezalaxe: “Aber, Iñakiren deia, 18 pezeta”. Eta hilaren bukaeran egiten zuten batuketa bat, “eta aizu, zor dituzu telefonokoak, 105”. Beno, pagatzen zenuen, eta ya está.
ESATARIA. Argi dago zenbaitetan kazetariei buruko min handiago ematen ziela deia ordaintzeak telefono-kabina bera topatzeak baino. Lanerako aproposak ziren, ados. Baina bestelakoetarako ere erabiltzen ziren kabinak: zenbat xirri, zenbat ligoteo eta zenbat momentu intimo kontatuko lituzketen hitz egingo balute!
Euskal Herriko kabinek iraultza bizi izan zuten 90eko hamarkadan Euskadi Gaztea irratiak Uhinak astintzen saioa estreinatu zuenean. Itziar Alduntzinek abiatu zuen Euskal Herriko lehen sare sozial interaktiboa, askotan kabinez baliatuz. Horrela egiten ziren plan-plin-planak.
ITZIAR ALDUNTZIN.- Gogoratzen naiz Gaztean egiten genituela plan-plin-planak kabina bidez. Klaro, ez zegoen mugikorrik. Kabina batetik deitzen zuenak plana lortzeko, edo ligatzeko edo lagunak egiteko asmoz, ze azken batean gaur egungo sare sozial moduko bat zela esan dezakegu. Esaten zuen, “ba nago ez dakit nongo plazako kabinan, eta momentu honetantxe libre dagoenak, nirekin geratzeko gogoa duenaketor dadila honera (hona), eta elkar ezagutuko dugu”. Eta bai, kabina zen ere bai, topalekua. Askotan deitzen zuten beraien etxetik entzuleek, baina intimitatea bilatzen zutenean… Akordatzen naiz behin etxean zegoen entzule batek esan zidala “ai, eske ama heldu da, lotsa ematen dit, eta jaitsiko naiz kabinara”. Kabinara zen leku intimoa, gazteen etxeetan intimitaterik ez zegoenean.
ESATARIA.- Atzera-kontua hasi da jada. Baliteke urte-amaieran geure kaleetako kabinak behin-betiko desagertzea, eta beraiekin batera komunikatu, lan egin edota harremanetarako modu bat.
