Dokuteka
Laster telefono bidez ordainduko dugu dena
Banketxeak hasi dira ordainketa-sistema berriak garatzen, eta laster eskuko telefonoarekin egin ahal izango ditugu erosketak.
Txartelak eta txanponak ordezkatzera dator sistema berria. Baina oraindik ere diru fisikoa da jaun eta jabe, jendeari txanponekin eta billeteekin ordaintzea gustatzen zaio.
Euskadi Irratiko Faktorian erreportaje honetan datozen aldaketen berri ematen dute; baita ere, kaleko jendearen iritzia eta jokaerak bildu dituzte.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Zuk ordainketak-eta, erosketak egitera joaten zarenean, nola egiten duzu?: diruarekin ordaintzen duzu?, txartela erabiltzen duzu…?
HIRITAR EMAKUMEA. Denetik pixkat, bai, segun. Erosketa handi samarra baldin bada, diru-kopuru handi samarra baldin bada, txartelarekin; bestela, diruz.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Eta beti gustatzen zaizu, badaezpada, dirua erabiltzea edo…
HIRITAR EMAKUMEA. Asko ez, baina, bueno: 50 euro, holako bat, gehiago ez, normalean. Ze behin baino gehiagotan ostu didate kartera. Orduan, ba…
EMAKUMEZKO ESATARIA. Eta esaten dute laster erabiliko ditugula mobilak ordainketak egiteko. Zuk ikusten duzu zeure burua horretan edo…?
HIRITAR EMAKUMEA. Ba ez dakit. Ez dakit, egia esan. Eskaini zidaten orain dela gutxi ere, baina ez diot halako zerarik ikusten.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Zer eskaini zizuten?
HIRITAR EMAKUMEA. Posibilitate hori, mobilaren bidez ordainketak egitea, baina ez diot hainbesterainoko… Nik uste dut txartelarekin gehiago egingo dudala. Baina, bueno, batek daki. Auskalo!
EMAKUMEZKO ESATARIA. Banketxeak hasi dira ordainketa-sistema berria garatzen eta laster eskuko telefono edo smartphone-arekin egin ahal izango ditugu erosketak. Txartelak ordezkatzera dator sistema berria. Telefono mugikorraren aukera ate-joka dago. Ordaintzeko teknologia berria badator, baina jendea prest ote dago?
HIRITAR GIZONEZKOA. Ezta pentsatu ere! Nik hemen mobil ziztrin bat daukat eta hitz egiteko, besterik ez.
HIRITAR EMAKUMEA 1. Ba ez dakit. Nik uste dut bai, moldatuko nintzatekeela. Ohitu naiz ja mobilarekin beste gauza asko egiten, oseake horretan ere moldatuko nintzateke.
HIRITAR EMAKUMEA 2. Ez, ez naiz ikusten telefonoarekin ordaintzen. Izango dira, tranpa asko izango dira hor eta…
EMAKUMEZKO ESATARIA. Berrikuntzak datoz; oraindik, hala ere, diru fisikoa da jaun eta jabe. Arrazoi bat edo beste medio, jendeari txanponekin eta billeteekin ordaintzea gustatzen zaio. Gaur egun, estatutuan, erosketen % 84 eskudirutan ordaintzen da. Europako beste herrialde batzuetan, baina, ehuneko horiek txikiagoak dira: Herbehereetan, % 40koa da, batez bestekoa; Frantzian, % 41 eta Erresuma Batuan % 48koa. Gurean, esandakoa, poltsikoan dirua nahiago. Jendeak nahiago du diruz ordainketa txikiak egitea, eta kreditu-txartelarekin ordainketa handiagoak.
HIRITAR EMAKUMEA 1. Bi gauzak: txartela batzuetan eta beste batzuetan dirua. Batzuetan, ba igual erosketa handia egin behar duzu denda baten, ba txartela erabiltzen det [dut]. Eta gauza txikietarako egunean egunekoa momentuan kalean ba dirua.
HIRITAR EMAKUMEA 2. Nik txartela, normalean. Bai, askoz erosoagoa egiten zaidalako.
HIRITAR GIZONEZKOA. Ez. Dirua gainean erabiltzea nahi dut.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Esandakoa, aldaketak datoz: txartelen sistema erabiliz eskuko telefonoarekin egingo ditugu ordainketak. Asko-gutxi, adituek diote hilabeteetako kontua izango dela. Konturatu orduko, ez ditugu gainean hainbeste txartel eraman beharko. Mikel Arriaran hasi da eskuko telefonoarekin ordainketak egiten. Saltokietan, baina, modu berria gutxi ezagutzen dute; izan ere, hori izango da lehenengo urratsa: saltoki guztietan terminalak egokitzea.
MIKEL ARRIARAN, Laboral Kutxa. Saltoki gehienetan ez dute ezagutzen aukera hau egon dagoenik. Izan daiteke ere terminala egokituta egon arren, inork erabili ez izatea sakelakoaz ordainketa egin ahal izateko. Eta suertatu zait kasu gehienetan lehenengoa izan naizela ordainketa hori egiten, ez? Baina behin ordainketa egin eta gero esperientzia oso positiboa izan ohi da.
EMAKUMEZKO ESATARIA. Kontuak kontu, etorkizunean ordainketa-modu desberdinak izango dira aukeran, eta erabiltzailearen esku egongo da bat edo bestea erabili. Baina badirudi eskuko telefonoak nola ugaritu diren ikusita, eskutan dirua ere gutxiago izango dugula.
