Animaliak bezala

Andaluzian afrikarrekin gertatutako istilu bat eta Somalian bahitutako atunontziaren afera lotu ditu gogoeta honetan Maialen Lujanbiok.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Maliko gazte bat desagertu da Andaluzian, olibak biltzen jornalero zebilena, enpresarioarekin ordainketa-gorabehera batzuk izan ondoren. Haren kide malitarrak protestan atera dira desagerpena argitzeko eskatzera, eta istiluak izan dira. Bertako herritarrak orduan istilu horien aurka egin dute, edo afrikarren aurka. Adreiluzko pareta batean hola idaztera behartuta sentitu da norbait: afrikarrak ez gara animaliak. Animaliakeria, basakeria deitzen baitzaio, adibidez, kointainerrak erretzeari; ez hala goizetik arratsera lan eginarazi eta lau sos ordaintzeari. Basakeria deitzen den horrek gizakeria deitua behar luke izan, ez baitira animalia basatiak eginak: taldeko bortxaketak Indian, edo hilketak saldoan Mexikon, edo labankadak aireari Ceutan. Giza jendearenak dira horiek, gizakeriak dira. Baina giza jendeak, giza jende boteredunak, bere basakeriaren neurrira egindako araua da zibilizazioa, non hogei lagunek beste mundu guztiak adina aberastasun pila dezakeen, non batzuen lurrak sakeatzen diren besteak aberasteko, non legezkoak diren atxilotuen inkomunikazioaldiak, edo existitzen diren bizi arteko hipotekak, edo etxe desjabetzeak…. Giza jende boteredunak bere basakeriaren neurrira egindako araua; hori da zibilizazioa. Animaliak besteak dira.
Besteen uretara, Afrikara bidean jartzeko itsasoratu berri dute Izaro izeneko atunontzi konjeladore berria. Alakrana zoritxarrez ezagunaren jabeena omen da. Eta piraten aurkako sistema bat ere ba omen du; piratak, izan ere… 2009an 47 egunez eduki zituzten Alakranako arrantzaleak bahituta, Somaliako uretan. Askatu berritan honela esaten zuen arrantzaleetako batek, “animaliak bezala tratatu gaituzte”. Gazte somaliar zenbait atxilotuta zeuzkaten ordurako, eta Madrilerako Audientzia Nazionalera eramanak. Gizon zuri hura telebista guztietan aditu zen, “animaliak bezala tratatu gaituzte”. Artean, Audientzia Nazionalean gazte somaliarrei zuten adina kalkulatzeko, ezpainak altxatu eta hortzak begiratzen zizkieten.

C2
2014-01-30
16236211
00:03:13
9942