Dokuteka
Asiako liztorrak
Frantzia aldetik sartu ziren 2010ean, eta gaur egun oraindik gurean jarraitzen dute, erlezainei arazo ugari sortuz. Liztor asiarraren inbasioa geldi ezina da.
Urtean 60 kilometro baino gehiago egiten ditu aurrera. Erlezainak arduratura daude, erleak hiltzen dituelako animalia honek. Baina ez dira kezkatuak dauden bakarrak, kalera ere iritsi baitira liztor kanpotarrak. Etxeetako teilatu-hegaletan habiak egiten dituzte, eta suhiltzaileek joan behar izaten dute kentzera.
Karmele Irastorza erlezaina da, eta ia egunero egin behar izaten die aurre erlauntzetara hurbiltzen diren liztor erasotzaileei. Berarekin egon dira Euskadi Irratiko Faktoria saiokoak.
Asiako liztorrrak
ESATARIA.- Karmele, bost minutu daramatzagu hemen zure erlauntzen aurrean, begira, eta esango dugu bost minututan, ia-ia minuturo liztor bat hurbildu dela.
KARMELE.- Bai. Bai. Nabari du nahiko maiz etortzen dela, gaur eguraldia nahiko ateri eta epela da, eta horrelakoetan badirudi ba eguraldi hauekin, gehiago arrimatzen direla erlauntzetara, eta bai, bai, nabarmena da.
E.- Ikusi egiten dut bat, uste dut horietako bat dela, ze handi samarrak ere badira, orain beste bat hurbiltzen ari delako.
K.- Bai. Tamainaz nabaria da. Gu urruti samar gaude, baina nabaritzen dugu zer den erlea eta zer liztorra; garbi-garbi nabaritzen da.
E.- Zer egiten dute bat harrapatzen dutenetan? Hemendik ezin dugu oso ondo ikusi, nahiko urrun jarri garelako gu, arriskutsua ere izan litekeelako hau, baina zer egiten diote, nola erasotzen dute erlea?
K.- Ba etortzen dira erlauntzan sartu eta irteerako leku horretan, ez? Badu, e, zirrikitu bat da, azkenean erleak sartu eta irteten diren zirrikitu hori, hor jartzen dira helikoptero bat bezala, planeatzen baleude bezala, eta gainera, harrapatzen duten erlea ez da ateratzen den erlea, normalean, baizik eta lanetik datorren erlea, kanpotik etxera datorren erleari begira bezala jartzen dira, kanpora begira, eta datorrenari heldu, eramaten dute, nire kasuan sagardia daukat, eta sagarren batetan pausatzen dira, eta han, beno, burua moztu edo akabatzen dute, eta ondoren ja erlea gutxixeago mugitzen denean edo errenditu dutenean erlea, hartu eta ja habiarantz abiatzen dira eta oso nabarmena da. Egiten duten jokaera hori da, iritsi, geldi, planeatzen bezala, kristoren gaitasuna daukate ba erlauntza horren, hor geldi egoteko, eta, eta atento egoten dira ba, ba zein erle eta batzuetan fallo egiten dute, eta hurrengo bati saiatzen dira heltzen, eta harrigarria da, ze lan, zein lan egiten duten, lan alua egiten duten erleen aurka.
E.- Bai. Eraso oso, oso pentsatua daukatela ematen du.
K.- Ikaragarria da. Errabia ematen du ikaragarria, eta inpotentzia ba imajinatu.
E.- Erlauntzaren inguruan, guk hemen aurrean dauzka, dauzkagu sei erlauntza, oker ez banago hamabi edo hamahiru bat badauzkazu…
K.- Bai…
E.- Ikusten dut jarrita badauzkazula, horrela plastikozko botila batzuk, eta horiek nolabait, tranpa, etxean egindako tranpa batzuk dira.
K.- Bai. Dira nolabait ere horrelako erakar, erakartzeko liztorrak, eta beno, plastikozko litro eta erdiko ur-botila hauekin egiten dugu muturra moztu, muturra alderantziz berriz botilarantz sartu eta bertan erakartzeko, liztorra erakartzeko jartzen dugu zerbeza, garagardoa, ardo xuria, eta sirope de frambuesa edo, siroperik gabe ere erakartzen dira, baina siropearekin errazago, e, errazago erakartzen dira. Orduan kontua da barrura sartzen direla, baina gero ezin dutela bueltan kanpora atera, baina hala ere, efektiboagoa den beste metodo bat aurkitu dut nik eta aita, aitaren artean eta beno, da butano-bonbona gasezkoa, erlauntza ondoan jarri eta sopletearekin ba datozenean, esan dugun bezala, jartzen dira geldi erlauntza aurrean, orduan aukera daukazu, fu!, sopletearekin su eman, orduan hegalak erretzen zaizkie eta erortzen dira. Ez dira, berehala ez dira hiltzen, baina behin hegalak errez gero, ba ez dute gaitasunik berriz hegan egiteko eta horrela, hori da efektiboena.
E.- Horrelako sistemetara jo behar izan duzue, beno, plaga honi edo liztor-kopuru honi aurre egiteko.
K.- Batez ere izan da uztailean hasi, abuztu osoa, eta iraila hasiera… Orain ja gutxixeago dabiltza, baina iraila hasieran izan zen gauza ikaragarri bat, zeren zen, etengabe zegoen, bat edo bi, edo hiru, sei erlauntzako herrenkada honetan, kontinuo, kontinuo, etengabe-etengabe zeuden liztorrak eta. Eta tranpa, zerbeza eta ardo xuriarekin zeuden tranpa horietan, bai, erortzen dira, baina oso gutxi. Orduan esan genuen, “hau ez da posible”, orduan sopletea… erabilpena…
E.- Sistema hori asmatu zenuten.
K.- Sistema hori asmatu genuen. Bai.
E.- Gu hemen egon garen bitartean zure erlauntzei begira, ikusi, ikusi ditugu batzuk… E, zenbat uste duzu edo ez dakit, zenbat hil ditzakezu, horrela egunean, horrela arreta pixka bat jarri, jarriz gero?
K.- Jo, ba, iritsi gara, eta egia da, e, laurogeita piko, eta ez egon osoan bertan, ze klaro, denbora behar da erlauntzan kieto han bertan egoteko, ordu-pare batean, hiru bat ordutan gutxi gorabehera, ba igual hil ditugu laurogeita piko hiltzera iritsi gara egun batean.
E.- Laurogeita piko
K.- Bai. Bai. Bai. Bai. Harrigarria da.
E.- Honek zer eragin dauka, dauka gero zuen erleetan? Beraien lan egiteko maneran eta.
K.- Ba kontua da, erlea erasotua sentitzen denean ez dela behar bezala lanera ateratzen, gelditzen da erlauntza barruan, horrek dakarrena da ez badu lanik egiten, eztia eta gutxiago izaten da, eta era berean ere, entzun diet beste erlezain batzuei ba horrek ere gaixotasunak sor ditzakeela erlauntza barruetan, eta hori pixka bat, e, egoistaki begira, ezti-bilketari begira eta abar, baina… Noski, nola ez, erlea dugu polinizatzaile nagusi, ja gure landare eta loreetan, eta ja ingurugiro-arazo bezala ikusita ere, ba iritsi liteke poliki-poliki, ez aurten, baina hemendik urte batzuetara edo honek honela jarraitzen badu, nire pentsamendua edo nire iritzia pertsonala da, baina izan dezake eragina polinizazioan.
E.- Kezkatuta zaude, e?
K.- Ni bai. Eske egunero-egunero bizitzen dut, orduan ikusten dut arazo nahiko potoloa dela; orduan ez da sektoreko arazo bezala ikusten dudala, baizik eta ingurugiro-arazo bezala ikusten dut azkenean ez? Bai. Bai.
E.- Hor garrantzitsua izango dena da beraien erlauntzak edo beraien kabi (habi), kabiak identifikatzea, ez?
K.- Hori da. Beraien kabi horiek… Orain zaila da, ze zuhaitzak oraindik hostoz beteta daude, iraila bukaera, beno urrian sartu gara, baina beno, ja hasiko dira laster hostoak erortzen, udazkena, eta espero dezagun errazago aurkituko ditugula. Gainera, orain oso garrantzitsua da kabi horiek aurkitzea, ze orain beraiek sortzen dituzte erregina berri horiek. Gainera, kristoren gaitasuna dute ez erregina bat eta bi, baizik eta hogeita hamar, berrogei, berrogeita hamar erregina berri sor ditzake kabi bakar batek, horrek suposatzen du erregina hauek negua pasatzen badute, bizirauten badute negua, datorren urtean kabi hori zegoen inguruan ba, hainbat erregina, hainbat kabi berri izango ditugula. Orduan datorren urtea izan liteke, ba ikaragarria, ez?
E.- Han uste dut beste bat ikusten dudala, e?
K.- Bai. Bai. Eta hemen hizketan jarraituko bagenu horrelaxe etorriko lirateke mordo bat, mordo bat. Bai. Bai. Harrigarria!
E.- Arriskutsuak ere badira zuentzat? E, gure erleak baino arriskutsuagoak dira, edo?
K.- Bai. Eztena dezente handixeagoa dute, hauen kozkazoa ere nahiko gogorra da. Nik ez dut probatuta nahita ere, baina nahiko gogorra dela esaten dute, eta gainera, guk erlaun, erlezainok erabiltzen dugun traje edo buzo honek, esaten dute aisa pasatzen duela eztenak buzo hori, orduan… baina gu hor gabiltzan garaian hauek erle bila dihoaz (doaz). Orduan ez datoz, ez dira hain agresibo jartzen gure aurrean… Datoz datozenera, orduan, beno, printzipioz ez gaituzte erasotu eta hala segitu dezala.
E.- Karmele, gauzak dauden bezala daude, zail samarra ematen du kontu honek, nahiko zabalduta dagoelako. Erlezainen artean eta, zure, zure ingurukoek eta ze asmo dauzkazue edo, nola, nola uste duzue aurre egingo diozuela honi?
K.- Ba ez dakit. Erlezainen artean bakarrik zaila izango da, laguntza beharko dugu, ez dakit, ongi etorria izango da etortzen den laguntza ere, baina beno, gu hemen herria bertan ba pentsatzen genuen ba aizu, quedada bat egin, goiz bat hartu eta, eta mendi-buelta bat, perretxikoak lurrera begira, gero, tarteka gora begiratu, eta kabi batzuk… auzolanean, edo ez dakit. Herritarrak bildu, eta, zer azkenean erlezainen arazoa da, baina beno, lehen esaten genuen bezala, ingurugiroaren arazo bihurtu litekeena da, eta orduan, ez dugu gehiegi , horrela hitz egin, baina, baina hori, ikusiko dugu zer gertatzen den.
E.- Guk ere… gu ere erlezainak ez gara, baina gure baso eta mendi-buelta horietan baten bat ikusiz gero, igual, laguntza txiki bat…
K.- Estimatua dago. Dudarik gabe.
E.- Oso ondo. Ba animo, Karmele! Eta eskerrik asko.
K.- Bale ba. Hurrengora arte.
