Asiako liztorraren bizi-zikloa
Asiako liztorra edo liztor beltza duela 16 bat urte iritsi zen Europara. Espezie inbaditzailea da, eta bertako erleei eraso egiten die. Aspaldi hasi ziren hura akabatzeko neurriak hartzen, baina ez da desagertzen; izan ere, liztor erregina batetik milaka sortzen dira.
Izenak dioen bezala, Asiako liztorra (Vespa velutina) aipatutako kontinente horretatik dator. 2004an agertu zen Europan, Frantzian hain zuzen, Txinatik bonsaiak inportatzen zituen landarezale baten aretoan. Ez ziren kezkatu, neguan hiltzea espero zuten, baina ez zen hala gertatu. Geroztik, Europa osoan zabaldu da, baita arazo bihurtu ere, bertako liztorrei eta erleei kalte egiten baitie. Intsektuz elikatzen dira, eta horrek erleen iraupena arriskuan jarri du.
16 urte badira liztor asiarra Europara iritsi zela. Argazkia. Charles J. Sharp (CC BY-SA 4.0)
Ezaugarriak
Asiako liztorrari liztor beltza ere esaten zaio, beste espezie batzuekin konparatzen badugu, burua eta gorputza ilunagoak dituelako.
Hona hemen gorputzaren xehetasunak. Toraxa beltza du eta sabelalde gehiena ere bai, azken zatia izan ezik; hori laranja da, aurpegia bezala. Hankak ere desberdinak ditu beste liztor batzuekin konparatuz, gorputzari itsatsita duten zatia beltza da eta bukaera horia. Tamainari dagokionez, nahiko handia da: 17-32 mm. Erregina eta langileak berdintsuak dira, gure begiekin ez ditugu bereizten. Biak dira emeak, baina langileak antzuak dira, erregina da ugaltzen den bakarra. Arrak ere badira, eta eztenagatik bereizten dira emeekin: arrek ez dute eztenik.
Liztor beltzak gorputzaren zatirik handiena beltza du. Argazkia:CC0
Erreginen, langileen eta arren zereginak ulertzeko, bizi-zikloa ikusiko dugu. Lau zatitan banatzen da, urtaroen arabera.
Hasierako habia
Udaberrian, liztor erreginak edo fundatzaileak ezkutatuta egon diren tokitik ateratzen dira. Lehendabiziko lana hasierako habia eraikitzea da. Erregina bakoitzak habia bat egiten du, berak bakarrik, eta kolonia osatuko duten langileak hor jaiotzen dira.
Erreginak bakarrik egiten du lehen habia, eta bertan jaiotzen dira liztor langileak. Argazkiak: 1-Francis Ithurburu (CC BY-SA 3.0) / 2- Pxfuel
Hasierako habia leku babestuetan egiten du erreginak: txaboletan, teilatupeetan, zuhaixka artean... Txikia izaten da, sagar baten tamainakoa edo, eta gelaxkak izaten ditu arrautzak jartzeko. Erreginak lehen arrautzak jarri eta egun gutxira larbak sortzen dira. Hilabete pasa ondoren, lehenengo liztor langileak jaiotzen dira. Hortik aurrera taldea handitzen jarraitzen du erreginak. Fase honetan langileak bakarrik jaiotzen dira, kolonia sortzen laguntzeko beharrezkoak direlako. Langileek elikagaiak bilatu eta habia babesten dute. 100 bat liztor direnean, hasierako habia utzi eta bigarren habia sortzen dute: ekainaren hasieran izaten da.
2020ko maiatzeko habia txiki baten bilakaera. Hiru egun desberdinetako argazkiak dira. Azkeneko biak egun berekoak, bat goizekoa eta bestea arratsaldekoa. Argazkia: Ikasbil
Bigarren habia
Gehienetan bigarren habia beste toki batean egiten dute, toki altu eta seguruan: zuhaitzen goiko adarretan, adibidez. Hasieran futboleko baloi baten tamaina izaten du, baina uda bukatzerako metro bateko altuera izan dezake. Liztor langileek eraikitzen dute egun gutxi batzuetan, eta ondoren kolonia guztia, erregina barne, habia edo abaraska horretara joaten da.
Udan neurriz eta populazioz handitzen da. Fase horretan liztorrek janari asko behar izaten dute eta erleen erlauntzei eraso egiten hasten dira. Horrela, uda amaieran eta udazken hasieran punturik gorenean egoten da, habia heldua da jada: 2.000 liztor heldu eta 6.000 arrautza eta larba inguru egon daitezke bertan.
Asiako liztorraren bizi-zikloa urtaroen arabera banatua. Iturria: Euskadi.eus (Asiako liztorra kudeatzeko gidaliburua)
Erregina berriak
Habia heldutasunera iristean gertatzen da erregina berrien eta liztor arren jaiotza. Kolonia fundatu duen erreginaren azken lana izaten da, hil aurretik. Lehenik arrak sortzen ditu, eta ondoren erregina berriak, emeak. Gordeta duen esperma erabiltzen du obuluak ernaltzeko. Fase honetan ez du liztor langilerik sortzen, koloniak irautea baita bere helburua. Habia bakoitzetik 200-500 erregina berri sortzen dira.
Erregina berriak etorkizunean erregina fundatzaile izateko, arrekin elkartu behar dute, esperma-biltegia betetzeko. Prozesu hori irailetik abendura gertatzen da eta arrak beren zeregina bete ondoren hil egiten dira. Gauza bera gertatzen da erregina fundatzailearekin.
Udazkenaren amaieran habia handia hutsik geratzen da eta ez dute berriz erabiltzen. Argazkia: Claude Alleva (Pixabay)
Neguko loaldia
Negua hasi baino lehen, eta habia utzi aurretik, erregina berriek ahal duten guztia jaten dute negua pasatzeko erreserbak izateko. Langileak jada nekatuta daude eta janaria aurkitzea zaila egiten zaie. Horregatik, poliki-poliki hil egiten dira eta habia hutsik geratzen da. Habia uzten duten azkenekoak erregina fundatzaileak dira. Negua talde txikitan edo bakarrik pasatzen dute, zulotxoetan, orbel artean.... Hutsik geratu den habia ez dute berriz erabiltzen.
Negua lotan pasa ondoren, udaberrian, berriz ere erregina fundatzaile bakoitzak kolonia berri bat sortuko du.