Sighisoara gotortutako herria, Drakula mitoaren jatorria
Hainbat eta hainbat film, liburu eta kondairetarako eman duen Drakula pertsonaia, Valakiako printze bihozgabearen bizitzan oinarrituta dago. Maiatzaren 26a Drakularen munduko eguna da.
XI. mende inguruan, egun Trantsilvania dagoen lurraldera, Magiarrak iritsi ziren eta, gerora, haietako asko Hungariara joan baziren ere, Secui izeneko talde txikiago bat bertan geratu zen. Eskualdearen jabetza lortzeko hainbat borroka izan ostean, sasiek (Saxoniatik etorritakoak) eta Olteniako errumaniarrek birpopulatu zuten XII. mendearen amaieran. Gehienak nekazariak ziren.
Garai hartan, Sasiek gotorleku bat eraiki zuten Sighisoarako muinoaren goiko aldean. Mongoliarrek 1241ean hondatu zuten, baina handik gutxira berreraiki zuten eta 1280an Castrum Sex izenaz agertu zen dokumentu batean. Horrez gain, inguruak eraginkortasun handiagoz babesteko eta zaintzeko, hamalau dorre egin zituzten Sighisoaran. Errumaniako hiri hori Trantsilvanian konkistatzen zailenetakotzat hartu zuten XIV. mendearen amaieran; izan ere, inork ezin izan zuen bertan indarrez sartu.
Defentsarako harresi horrek ia osorik dirau, baita hamalau dorretatik bederatzik ere. Horien artean, Erlojuaren dorrea da hiriko sinboloa. 64 metro ditu eta XIV. mendean eraiki zuten Sighisoarako sarrera nagusia babesteko. Garai hartako eliza bi ere mantentzen dira, Dominikoen monasterioa eta Muinokoa, hain zuzen. Azken hori gotorlekutik 25 bat metroko altuerara dagoen muino batean dago eta Estalitako Eskaileraren bidez lotzen zaio Zitadelari. Errumanian parekorik ez duen eskailera hori 1642an egin zuten eta egurrezko 175 maila ditu.
Sighisoarak itxura berezia du, izan ere, bertako kale estuek galtzada-harrizko zola dute oraindik eta, igarobide ilunen bidez, gremio desberdinak taldeka batzen zituzten garai batean. Hiriko etxebizitza aipagarrienak: Etxe veneziarra, XVI. mendean eraikitakoa; Oreinaren etxea, eraikuntza zibil ikusgarriena; eta azkenik, etxe guztietan misteriotsuena, Vlad Drakularen etxea.
Drakula, Valakiako printze bihozgabearen bizitzan oinarrituta
1431an Vlad III.a jaio omen zen Sighisoaran. Gaur egun, turista ugari erakartzen ditu haren etxeak; izan ere, haren bizitzan eta Errumaniako banpirismoaren mitologian oinarrituta sortu zuten Drakula fikziozko pertsonaia.
Vlad III.a printzea Valakiako gobernari izan zen 1448tik 1476an hil zen arte. Diotenez, XV. mendean, Europako Ekialdeko agintaririk krudel eta beldurgarriena izan omen zen. Ospetsu egin omen zen berak zuzentasuna ulertzeko zuen modu errukigabeagatik eta erakusten zuen ankerkeriagatik.
Tepes ezizena jarri zioten Vladi. Tepes hitzak errumanieraz "norbait edo zerbait makila batean sartzen duena" esan nahi du, izan ere, biktimak torturatzen zituen haien gorputza makila zorrotz batez zeharkatuta. Ondoren, makila pertsonaren haragiari josten zion iltze batekin, eta zutik jartzen zuen biktima poliki-poliki hil arte. Gutxienez, ehun mila pertsona hil zituzten modu horretan, printze sadiko horrek aginduta. Gainera, diotenez, makila sartuta hiltzen ari zirenen aurrean jaten zuen bitartean, biktimen odola edaten zuen kopa batean Tepesek.
Vlad Tepesen izaera gupidagabea beldurrezko generoa sortzeko eredua izan da, bai literaturan, bai zineman. Gobernatzailearen bizitzan oinarritu zen Bram Stoker 1897an, Drakula eleberria idazteko. Horrez gain, pertsonaia sadiko eta misteriotsu horren inguruan hainbat legenda eta istorio kontatzen dituzte.