Maradona futbolariaren lehen partida

Duela 41 urte jokatu zuen Diego Armando Maradona futbolari argentinarrak lehenengo partida profesionala.

Hori dela-eta, Euskadi Irratian Maradonaren biografia laburra eskaini dute. Maradona futbol-mundutik aparte ere oso ospetsua da edo izan da. Bere ibilbide edo bizitza askoren ahotan ibili da; Jon Sarasua bertsolariak, esate baterako, bertso bat bota zion.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

KAZETARIA 1. Duela 41 urte jokatu baitzuen Diego Armando Maradonak futboleko 1. partida profesionala. Maradona gaur efemeridean.
KAZETARIA 2. 1960. Urriaren 30ean jaio zen Buenos Airesen Diego Armando Maradona. Familia umilean jaioa, Villa Fiorito txabola-auzunean hazi zen. 9 urterekin Argentinos Juniors haurren-taldean hasi zen jokatzen. Txiki-txikitatik futbolean abila zela diote eta goi-mailako futbolean goiz, oso goiz egin zuen: 15 urte zituen, 1976ko urriaren 20an, bere taldearekin, Argentinos Juniorsekin debuta egin zuenean, 16 zenbakia bizkarrean zuela. Eta egun hartan ikusitakoarekin inor gutxik imajina zezakeen futbolaren historiako jokalaririk onenetarikoa baten debuta ikusten ari zirela. Gehienez, 25.000 ikusle izan zituen partida hark; gaur egun, baina, milioika dira bertan zirela ziurtatzen dutenak. Lehen urteetan egindako elkarrizketa batean, bere ametsa zein zen galdetuta hauxe esan zuen: “Mi primer sueño ez jugar en el Mundial. Y el segundo es salir campeón”. 1986an beteko zuen ametsa, Mexikoko munduko txapelketan. Historiara ekainaren 26an pasa zen, Ingalaterraren aurka jokatutako partiduan, 2 gol egin zituen, lehenbizikoa eskuz: Jainkoaren eskua.
    Bartzelonan, Italian eta berriro Argentinan bueltan egingo zuen futbol-ibilbidea Maradonak, baina urte haietan jakingo genuen Maradonak drogekin zituen arazoen berri.
    Maradonaren ibilbideak milaka erreakzio, iritzi eragin ditu, eta inspirazio-iturri ere izan da. Tartean, 2000. urtean, Jon Sarasuak botatako bertso hau:
     Maradona mutil iaio
     fubol-konturako jaio
     bajatu da bai arraio.
     Horrexegatik igotzeari
     beldurtu egiten natzaio.
     Tximinoari gora joatean
     ipurdia ikusten zaio. (bis)

B1
2017-10-20
16176159
00:02:33
2577