detalle dokuteka-generico-fitxa

Eli Larrinaga: euskara ahoan (autobusean ere bai!!)

Eli Larrinaga EHUko irakasleak ikasle euskaldun erdaltzaleei unibertsitaterako autobusean entzundakoa kontatzen digu.

Eli Larrinaga EHUko irakasleak ikasle euskaldun erdaltzaleei unibertsitaterako autobusean entzundakoa kontatzen digu, baita zelan heldu zen borborka klasea ematera ere.

Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

ELI LARRINAGA.- Hamarrak eta hogeian unibertsitatera eroango nauen autobusean egongo naiz. Ikasleak izango dodaz (ditut) bidaia-lagun eta egunero gertatzen jatan (zaidan) moduan, hurren daukadazanei (dauzkadanei) erreparatuko deutsiet (diet). Aurreko batean parean ezarri zen neska gazteak Leioara heldu arteko denbora guztia emon eban (eman zuen), 18 bat minutu, telefono mugikorrean zapatak ikusten. Aldean, marra urdindun kirol-oinetakoak eukazan (zeuzkan) jantzita, baina atzamarragaz (atzamarrarekin) gora eta behera, takoidunak arakatzeari ekin eutson (zion). Leioako campusera sartzeko azken biribilgunean gengozanean (geundenean) zalantzatan ebilen (zebilen) biren artean segundo batzuk egiten ebazan (zituen) zapata pare bati begira, gero besteari, berriro aurrekora eta, azkenean, gustukoena zein eukan (zeukan) jakin barik geratu nintzen.

 

Ikusitakoa baino, interesgarriagoa izaten da, gehienetan, gazteengandik entzundakoa. Ez dut beren-beregiko ahaleginik egin behar zer dinoen (dioen) harrapatzeko, oso entzumen finekoa naiz, eta gura barik be (ere), beti daukat belarria erne. Joan den barikuan unibertsitaterako autobusean entzundakoak kontatuko deutsuedaz (dizkizuet) gaur. Hiru neska gazte aurrez aurre ezarrita joiazan (zihoazen). Ni, berriz, euren atzeko ilaran. Magisteritzako (sic) ikasleak ziren eta lehen hiruhilekoko azken azterketa euken (zeukaten) egun horretan. Ez eben (zuten) proba gatxa (gaitza) espero; izan be, irakasleak aukerako galdera multzoa eskaini eutsien (zien) azterketa prestatzeko. Beraz, horreek (horiek) landuta, erraza galderei patxadaz erantzutea. Hori bai, akats ortografikoak eginez gero, puntu negatiboak hartuko ebezan (zituzten). Horretarako deretxorik ez dagoela bota eban (zuen) neskatariko batek, irakasgaiak ez eukalako (zeukalako) zerikusirik falta barik idazteagaz (idaztearekin). Gainera, kontuak eskatzen hasita, gaineratu eban (zuen) beste neska batek, irakasleari berari be (ere) puntu negatiboak ipini beharko geunskioz (genizkioke) berba egiteko orduan ez dituelako zetak ganoraz ahoskatzen. Ese balira moduan egiten dituelako. “Kontxo!” pentsatu neban (nuen), urte gutxi barru ikastetxeren batean maistra zereginetan ibiliko diren gazte honeentzat (hauentzat), antza, garrantzi bera dauka alfabetoaren azken letra, zeta, ahoskatzeak eta akats ortografiko barik idazteak. Horreri (horri) buelta batzuk ematen nengoela heldu neutsan (nion) berriro euren arteko berbaldiari. Unibertsitatean euskaraz ikasi ala ez zelan erabaki eben (zuten), horren inguruan ebizen (zebiltzan). Bik oso argi izan eben (zuten) hasieratik. Hirugarrena, ostera,  zer egin argitu ezinda ibili omen zen matrikula gauzatzeko momentura arte. Batetik, beldur zen institutuan lortutako maila ez ete (ote) zen nahikoa izango fakultate batean eskatzen den neurria emateko; gainera, “lana topatzeko orduan, batek daki non amaituko dugun” baieztatu eban (zuen), eta “igual hemendik kanpora joan  behar badugu tituluak euskaraz izateak gure alde baino, gure kontra egin daike” (dezake).

 

Hori guztia azaltzen eban (zuen) bitartean, atzeko aulkian ezarrita egoan (zegoen) emakumea barrutik erreguka egoan (ari zen) ez ebalako (zuelako) gura zapatekin gertatutakoa errepikatzerik; hau da, ez eban (zuen) gura istorioaren amaiera zein den jakin barik geratu. Zorionez, neskak segituan erantzun eutson (zion) erreguari: azkenean, euskararen alde egin eban (zuen) ordura arte ikasitako guztia ez galtzeko. 100 bat metrora genduan (genuen) autobusaren azken parada, bakarra. Denok jakak janzten gengozan (ari ginen) bitartean heldu zen ginga: “gainera”, aitortu eban (zuen) neska gazteak, “aita-amak erdaldunak dira, eta ahalegin handia egin dabe (dute), nigaz eta nebagaz euskara ikasi daigun” (dezagun). Hortxe amaitu zen bidaia; ez, ostera, zutabe hau. Detailetxo bat ostendu deutsuet, gorde deutsuet (dizuet) orain arte: hiru neskek berbaldi osoa castellano perfektuan burutu eben (zuten), eta horrexegatik, mikrofonoaren aurrean dagoen hau, joan den barikuan arduratuta eta ernegatzen, bor-bor-bor heldu zen fakultatera.
 
 

x61pRelaContWAR

Interesatzen zaizu



detalle2

Dokuteka

C1
2017-01-25

x61pRelaContWAR

16170508
4:03

x61pViewCountWAR

4367

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR