detalle dokuteka-generico-fitxa

Hanburgoko Elphi zabaldu dute

Faktoria irratsaioan, Danel Agirrek, Euskadi Irratiak Berlinen duen kazetariak, inauguratu berri duten Hanburgoko Elbphilharmonie kontzertu-aretoaren gaineko kronika egin du.

Musika klasikoa entzuteko munduko aretorik handienetakoa izango da Elphi, 2100 eserlekurekin.


Jaitsi
Transkripzioa:[+] Transkripzioa:[-]

Esataria.- Hiriko eta Alemaniako kulturaren erreferentzia izateko jaio den Elbako filarmonikoaren eraikinaren inaugurazio-ekitaldia ospatu zen atzo Hanburgon. Berlin, Danel Agirre, egun on.
Danel Agirre.- Egun on.
Esataria.- Lehendabiziko kontzertua izan zen atzokoa. Hortaz, ikusleak gustura joan ziren etxera gero?
D.A.- Poza txaloaldiek neurtzen badute bai, luze iraun zutelako. Bibarik egin gabe, baina irribarretsu, zutik zegoen kontzertuaren amaieran Angela Merkel kantzilerra. Joachim Gauck presidenteak eraikin berria Alemania kultura zalearen harribitxia dela adierazi zuen emanaldia hasi baino lehen. Thomas Hengelbrockek zuzendutako orkestrak Alemaniako musikaren heroi handienen piezen errepasoa egin zuen: Beethoven, Wagner eta nola ez, Johannes Brahms, Hanburgoko semea.
E.- Doinua entzuten ari gara, Danel, baina zeintzuk dira Elbako filarmonikoaren eraikin berriaren ezaugarri nagusiak?
D.A.- Hanburgoko portuko adreiluzko biltegi batzuen gainean eraikitako beirazko koroa formako estalki erraldoia da, Elphi izenarekin ezagutzen dena. Hiria zeharkatzen duen Elba ibaiaren ibarrean kokatuta dago eta hainbat auzotatik ikus daiteke ehun eta hamalau metro garai den eraikina. Musika klasikoa entzuteko munduko aretorik handienetakoa izango da 2100 eserlekurekin. Hotel bat ere zabaldu dute eraikinean eta luxuzko apartamentuak egin dituzte azken solairuetan. Alemanian sekula saldu diren garestienak dira: 12 milioi eurotan salgai dago apartamentu bat. Eliteen jolasleku deitu diote Elphi berriari.
E.- Prezio horiekin ez dira soilik Hanburgoko hiritarrak asaldatuko ziren bakarrak?
D.A.- 77 milioiko aurrekontuarekin aurkeztu zen eraikinaren lehen proiektua duela hamar urte. Faktura, azkenean, hamar bider handiagoa izango da, 789 milioi. Bidea eskandaluz eta hautsitako hitzarmenez jositakoa izan da. 2010ean prest behar zuen obra ia 7 urtez atzeratu da. azken urteotan Elbako filarmonikoari buruzko txantxak ohikoak izan dira Alemaniako prentsan eta jendartean. Proiektuaren arduradunek Elphi Sydneyko operarekin alderatu dute, ordea. Egun arkitekturaren ikono den Australiako eraikin hura ere uste baino hamarkada bat beranduago bukatu zuten eta aurrekontuan ageri zena baino hamabost bider gehiago gastatuta. Hanburgoko Elbako filarmonikoak ere azken urteetako disonantzia gainditzea lortuko duela espero dute, musikaren doinuak eta eraikinaren itxura oldarkorra baliatuta.

detalle2

Dokuteka

B1
2017-01-17

x61pRelaContWAR

16170273
02:39

x61pViewCountWAR

4425

anadir a favorito

x61pAnadirFavoritoWAR