Aldizkari Digitala
AlhondigaBilbao, zerbitzu anitz eta berritzaileen biltegi bizia
Bilbok proiektu erraldoiak gauzatu ditu aspaldian, eta hiriaren itxura asko aldatu da azken hamarkadan, izugarri. Kanpora begira bestelako irudia du hiriak, moderno eta erakargarri egiten duena, eta horrek guztiak bisitari-kopurua biderkatu egin du. Baina kanpora begira bakarrik ez, bertakoen mesederako egindako proiektu handiak ere badira. Horren adibide da AlhondigaBilbao, bere lau hormen artean ehunka zerbitzu eta sorpresa gordetzen dituena.
Badirudi Alhondigako eraikinak beti izan duela zerbait berezia. Izan ere, XX. mende-hasieran Ricardo Bastidak ardo, likore eta alkohol biltegia eraiki zuenetik, eraikinak zeresan handia piztu zuen, berritzaile eta erabilgarria zelako. Eta, XX. mendeko 70eko hamarkadan biltegia Errekalde auzora eraman eta berorren ateak itxi zituzten arte, ikusmin handia jaso izan zuen beti.1999an eraikina Kultura Intereseko Ondasuna izendatu zuten eta 2002an Udalak berau birmoldatzeko proiektua martxan jarri zuen. Frantziako industria-diseinatzaile Philippe Starcken gidaritzapean, 8 urtez egon ziren lanean diziplina anitzeko eraikin berria egiteko. Kanpotik ikusita, azalean, XX. mende-hasierako fatxada eta egitura bera ikus ditzakegu, baina barruko 43.000 m2-etan ia guztia da berria eta berritzailea.
Diziplina erabat anitzekoa
2011n, esaterako, AlhondigaBilbaok 3.904.000 bisita izan zituen. Bisitari asko dira eta mota askotakoak, gainera. Horren arrazoia da AlhondigaBilbaok ez duela zerbitzu bakarra ematen, ez dauka funtzio bakarra eta ateak edonori irekita ditu. Bilboko Udalak eta Starck diseinatzaileak nahi izan dute espazio berean jarduerak, kultura eta dibertsioa batzea, erabiltzaile ahalik eta gehienen premiak asetzeko. “Ez da museoa, ez kirolgunea, ez liburutegi, ezta azoka ere; jarduera desberdinetarako gune bat da, topagune bat”, definitu zuen diseinatzaile frantziarrak. Eta egia da, zerbitzu horiek guztiak dituelako, baina ez delako bat bera nagusitzen eta guztiak espazio berean erraztasunez uztartzeko diseinatuta dagoelako.
Baliabide asko erabili dira Alhondiga egiteko eta emaitzak zur eta lur uzten du bisitaria. Eraikinaren barrura sartu ahala, 6.193 m2 dituen espazio ireki batek egiten du ongietorria eta bertan arte, kultura eta material oso desberdineko 43 zutabe daude, guztiak hiru metroko altuerakoak. Espazio horretan kokatuta daude informazio puntua eta shopa. Handik abiatu zaitezke Mediatekara, Jarduera Fisikoko gunera, jatetxeetara edo zine-aretora, besteak beste.
Mediatekak 3.800 m2 ditu hiru solairutan banatuta. Baliabide berritzaileenez osatuta, 60.000 ekoizpenetik gora ditu erabiltzaileen esku eta baita 70 ordenagailu ere. Adin eta eskaera desberdinei zuzendutako zerbitzuak aurki daitezke, horien artean gaztetxoenentzat den Txikiland.
Eraikin eta zerbitzuen arteko hurbiltasuna
Eraikin batetik ondokoan zer egiten den ikusi eta nolabait jarduerak hurbiltzeko kristala nagusitzen da Alhondiga barruan. Hala, esaterako, Mediateka barrutik Jarduera Fisikoen guneko barrualdea ikus daiteke. Bertan, lau solairutan banatuta, kirola egiteko espazio erraldoia, 180 gimnasio-makina eta bi igerileku klimatizatu daude erabilgarri. Bitxia da, baita ere, igerilekuaren azpialdea ikusi ahal izatea, eta hori, hain zuzen ere, Alhondigaren ikusgarritasunaren marka ezagunenetakoa bilakatu da. Bi eraikin edo gune hauek bertako izarrak badira ere, bada askoz gehiago ezagutu eta gozatzeko AlhondigaBilbaoren baitan. Horra hor, ia 400 lagunentzat prestatutako auditorioa, Bastida aretoa, Golem enpresak kudeatzen dituen zine-aretoak –film komertzial eta independenteaz gain, 2011tik Bilboko Arte Ederreko Museoaren zineklubari ere eutsi diote bertan-, hiru jatetxe berezi eta erakusketa-aretoa, besteak beste.
Egunero 3,5 ekintza batez beste
Baina eraikinak bete behar dira, ez bakarrik gauzez, baita pertsona eta ekintzez ere. Hori ondo bermatzen ahalegintzen dira Alhondigako arduradunak, eta makina bat ekintza eta proiektu dituzte esku artean. Dagoeneko ezagunak egin dira Gutunzuri literaturaren nazioarteko jaialdia; zuzeneko artearen Ex programa; sortzaile berriei bultzada emateko Atrio Projects ekimena; AlhondigaKomik beka; zientzia, teknologia eta berrikuntza ezagutzera emateko Yes Future eta ehunka hitzaldi, aurkezpen, erakusketa, antzezlan, kontzertu, ikastaro etab. Alhondiga osoko zerbitzu guztiak batuta, egunero bataz beste 3,5 ekintza egoten dira, eta horietatik 1,5 doan.
Testua: Iker Barandiaran Zubiate (Arteman Komunikazioa)
Argazkiak: Josetxo Arantzabal
