Fernando Alonso, hasiberria...

1 Formulan inoiz egon den txapeldun gazteena da Fernando Alonso; 24 urterekin, aitaren kartetarako zaletasunari jarraituz lortu du marka.

Edozein lanbidetan bezala, 1 Formulan ere maila guztietako gidariak daude. Guztiek dute gidatzeko dohain berezia, guztiek dakite auto bat azkar eramaten. Baina gutxi batzuk dute autoak gehiago ezin duenean ezerezetik hamarreneko hori ateratzeko trebezia. Haiek berehala antzematen dira, hasieratik. Halakoa da Fernando Alonso, ustekabean Espainiatik munduko txapeldun izatera iritsi den gidaria.

Alonsotarren familian automobilismorako afizioa zegoen, baina palmaresik gabea. Aita oso zalea zen baina haren lanbideak ez zion horretarako aukerarik ematen. Meatzetako leherkarietan diharduen enpresa bateko aditua da hura. Ama, aldiz, Oviedoko saltoki handi bateko saltzaile. Ezer berezirik ez zuen familia bat osatzen zuten. Lorena alaba izan zuten lehenik, eta handik bost urtera, Fernando.

Jose Luis aitak betidanik kart gidari izan nahi zuen, eta berak lortu ez zuena alaba edo semeak lor zezan nahi zuen. Alabarekin hasi zen. Aitak berak eginiko kart bat oparitu zion, eta zortzi urterekin Lorena bolantearen aurrean eseri zen. Proba ez zen nahi bezala atera, neskatoak istripua izan baitzuen eta gidatzeari errespetua hartu zion. Auto lasterketak erabat baztertu zituen, eta kart artisau hura ez zuen ikusi ere egin nahi.

Aitak Fernandorekin probatu zuen orduan: «Behintzat ez zuen ezeren kontra jotzen, eta nik motorra erralentian jartzen nion ez zelako pedaletara iristen». Genis Marco kataluniarrak mutiko haren lorpenen berri izan zuenean, hura gertuagotik jarraitzen hasi zen, eta zerbait berezia sumatu zuen. Marco kart inportatzailea da, eta Europa osoa bidaiatu ohi du. Harekin hasi zen Fernando Alonso Europan korritzen, Italian bereziki. Emaitzak apartak ziren, baina gaztetxo hark arazo bat zuen: oso isila zen. Marcok berak gogoratzen du: «Ez orain bezala; ehun aldiz gehiago baizik. Autoz lasterketa batera joan behar genuenean, bidaia osoa isilik ematen zuen, nik bakarrik hitz egiten nuen».

Kartak utzi eta auto indartsuetara jauzi

Munduko Kart Txapelketa irabazi zuenean, Adrian Camposek hartu zuen haren karreraren gidaritza, eta Alonso auto indartsuetara igo zuen. Ez zituen oso gustuko Alonsok, lehenago halako autoak gidatzeko eskaintzak jaso baina diru asko jarri behar baitzuen trukean. Camposek Nissan Formulan gidari bat behar zuen, Marc Genek utziko zuen zuloa betetzeko. Hobeto ezin; goitik behera menderatu zuen 1999ko txapelketa eta, horri esker, Minardi F1 auto bat probatu ahal izan zuen lehenengoz, Xerezen (Espainia).

Garai hartan 3000 Formula zen 1 Formulara iristeko bide logikoena, eta han sartu zuten Alonso. Ordurako abiadura aldagailudun autoekin oso ohitua zen, baina potentzia horretako autoetara egokitu behar zuen, fisikoki ere esfortzu handiagoa eskatzen baitzuten. Baina debuta egin zuen 2000. urte hartan bertan, bere azken bi lasterketetan podiumeko bi postu gorenak zapaldu zituen. Horrek Flavio Briatoreren arreta erakarri zuen, eta berehala hartu zuen beretzat.

Michael Schumacherrekin egin bezala, Briatorek Alonso desberdina zela ikusi zuen, baina ez zuen alemaniarrarekin egindakoa errepikatu. Berehala 1 Formulako puntako talde batean sartu ordez, Alonsok zer ikasi bazuela iritzi zion, hemeretzi urte bakarrik baitzituen. Minardi taldean sartu zuen, eta presiorik gabe ikasi zuen talde italiarrean. Gidatze oso fina zuen, baina sendotasuna falta. Autoa ere ez zuen oso lagun, maiz huts egiten baitzion.

Orduan erabaki zuen Briatorek Renaulteko proba gidari postua ematea. Han bere modura irakatsiko zion, probatzailea baita auto barruan kilometro gehien egiten dituena. Milaka kilometro burutu zituen, ingeniariekin lanean, bi helbururekin. Bata autoa garatzea. Bestea, garrantzitsuagoa, bera gidari bezala garatzea. Etorkizuna ikusten zioten, baina landu beharra zegoen. Horrela lortu zuten gidari azkarraz gain, auto prestatzaile on bat izaten. Bakardadean emandako hainbeste itzuliek gaur egun duen sendotasuna eman diote, ia hutsik egiten ez duen gidaria baita.

Briatore, beti ondoan

Ulergarria da Briatorek Alonsorekiko duen maitasuna, hark bilakatu baitu gaur egungo txapeldun. Uneoro gidatu du haren zeregina, baina auto barruan dagoenean Alonsok harengan izan duen konfiantzaren zergatia erakusten du. Egun, 1 Formula gidari baten lana ez da pistan amaitzen. Hasi ere ez da han egiten. Italiarrak fisikoki eta mentalki moldatu zuen, gal ezin zezakeen aukera zelako.
 

Fernando Alonso
Jaioteguna: 1981eko uztailak 29.
Jaiolekua: Oviedo (Espainia).
Debuta munduko txapelketan: Australiako Sari Nagusia, 2001 (Minardi).
Lehen pole-a munduko txapelketan: Malaysiako Sari Nagusia, 2003 (Renault).
Pole-ak guztira: 8.
Lehen garaipena munduko txapelketan: Hungariako Sari Nagusia, 2003 (Renault).
Garaipenak guztira: 7.
Podiumak guztira: 21.
Palmaresa: Kartingean Espainiako txapeldun (1993, 1994, 1995 eta 1996; junior maila), kartingean munduko txapeldun (1996, junior maila), kartingean Espainiako eta Italiako txapeldun (1997, Inter-A maila), kartingean Espainiako txapeldun (1998, Inter-A maila), 23. postua 1 Formulan (2001, Minardi), 6. postua 1 Formulan (2003, Renault), 4. postua 1 Formulan (2004, Renault), munduko txapeldun 1 Formulan (2005, Renault).


C1
2005-09-26
16161329
112